Telesailak

Begi bistan gordetako sekretua

Olivia Colman da protagonista HBOren 'Landscapers' telesailean. Erresuma Batuko sonarik handieneko hilketa bikoitz bat fikziora egokitu dute

Will Sharpe telesaileko zuzendaria da, eta Ed Sinclair, berriz, gidoigilea. HBO.
Mikel Yarza Artola.
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
«2014an 25 urtetarako espetxeratu zuten bikotea. Baina oraindik errugabetzat daukate euren burua». Hitz horiekin abiatzen da Landscapers telesail britainiarra, HBOren urte amaierako nobedadea. Kablezko kate estatubatuarrak lau ataletan kontatu du Susan eta Christopher Edwardsen benetako istorioa, bikoteak emaztearen gurasoak erail zituen 1998an, eta haien gorpuzkiak 15 urtez ezkutatu zituen etxeko lorategian, lurpean.

Familia eremuan jazotako hilketek bide luzea egin dute britainiar telebistan, izan albistegietan zein entretenimenduan. Harold Shipman, Dark Angel, Appropriate Adult eta Des dira, alde horretatik, azken urteetako lanik seinalatuenak. Landscapers telesailaren kasuan, benetako gertakari lazgarriek pentsarazi lezakete fikzioa izugarri gordina izango zela, baina drama soil eta sentikor batetik urrun, umore beltzez zipriztinduriko lana da hori.

Will Sharpe telesaileko zuzendaria da, eta Ed Sinclair, berriz, gidoigilea. Azken hori Olivia Colmanen senarra da, eta harentzat ikus-entzunezko estreinako proiektua izan da gidaritza lanetan.

Hollywoodeko loria dastatu ondoren heldu da Colman telesail honetara; Oscar saria irabazi zuen 2019an The Favourite filmarekin, eta Emmya aurten The Crown telesailarekin. Haren alboan ageri da pantailan David Thewlis aktorea, Harry Potter sagan egin zen ezagun, Remus Lupin pertsonaia ikonikoaren rola jokatuz. Colmanen eta Thewlisren arteko lehen lankidetza da hori, eta jarraitzaileentzatgozagarria izango da interpretazioaren maisu beterano horiek bikote protagonista gisa ikustea.

Susan Edwardsen gurasoen gorpuzkiak topatzean, polizia agenteek aldez aurretik eta xehetasunez antolaturiko hilketa baten zantzuak atzeman zituzten. Senar-emazte susmagarriek, ordea, oso bestelako istorio bat kontatu zieten autoritateei, eta euren burua goratu zuten gertakari horretako heroi gisa. Moral bikoitzaren hari finari tiraka ibili ziren eta hori da telesaileko sortzaileek iruditan islatu dutena.

Bikoteak Londrestik Frantziara egin zuen ihes, eta bertako etxea da pantailan ageri den lehen kokalekua: kartzelako zelda hotz baten itxura du apartamentuko sarrerak; argitsua eta epela da, aldiz, barnealdeko egongela. Horrek bete-betean konektatzen du istorioaren muinarekin; izan ere, bikotea bi errealitate kontrajarritan bizi da aldi berean. Tragedia latzean, batetik, eta irudimenezko mundu alternatiboan, bestetik.

Telesaileko gidariek adimenez findu dute alor formala sentsazio hori areagotzeko, eta horren adibide dira erabilitako flashbackak. Gorriz blaitu dituzte iragan traumatikoari loturikoak, berdez bikote erromantzeari buruzkoak, eta grisez bidean galdutako zorionarekin zerikusia dutenak.

Funtsean, istorioa begi bistan gordetako sekretu bati buruzkoa da, egunen batean okerrena helduko dela badakiten iruzurgileena. Dena den, telesaileko sortzaileek bikote arrunt baten erretratu gizatiarra osatu dute, krimen bat gauzatu zuen bikotearena, eta ez izatez gaizkile den horrena. Behin errealitatea fikzio bilakatuta, egia gertuago edo urrunago ote?

'LANDSCAPERS'
Sortzaileak: Will Sharpe, Ed Sinclair.
Aktoreak: Olivia Colman, David Thewlis, Kate O'Flynn, Dipo Ola, Felicity Montagu.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena:50 minutu.
Generoa: komedia. Krimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.