Gauerdiko amesgaiztoen erreinua

Mike Flanaganek 'The Midnight Club' beldurrezko telesail berria estreinatu du: Netflixekin lankidetzan egindako laugarrena

NETFLIX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ospitale sorgindu bat, zortzi gaixo eta beldurrezko istorio andana. The Haunting antologiazko telesailarekin egin zen ezagun Mike Flanagan 2018an, eta ordutik azkenaldiko sortzailerik emankorrenetako bat bilakatu da beldurrezko generoan. Oraingo honetan, hamar ataleko telesail bat egin du The Midnight Club nobela egokituta: 1994an Christopher Pike idazle estatubatuarrak nerabeentzat sorturiko zientzia fikziozko lana.

Institutu giroan abiatzen da istorioa, bizi osoa aurretik duten gazte kementsuak ardatz hartuta. Segundo gutxian, ordea, kolpetik desagertuko da gozotasuna. Neskato protagonistari minbizi terminala diagnostikatu diote, eta iragarpen horrek errotik aldatuko dio bizimodua.

Orduan joko du zainketa aringarrien Brightcliffe ospitalera. Baina hori ez da edozein ospitale, bizitza propioa duen egoitza bat baizik. Susmo ilunak, ezusteko agerpenak, mirarizko sendatzeak… denetarik gerta liteke duela bi mendeko eraikin horretan.

Gaixotasun terminalak aitzakia hartuta, Flanaganek Hill House telesailaren espiritua berreskuratu du. Espazio mistiko bat baliatu du pertsonaia protagonisten desira eta mamu pertsonalak haizatzeko, gizakion jokamolde eta psikologia korapilatsuak arakatzeko. Oraingoan, ordea, badira bi ezberdintasun.

Lehen aldiz, Flanaganek beste pertsona batekin partekatu ditu gidaritza ardurak. Leah Fong da pertsona hori, aurrez gidoigintzan kolaboratzaile izan duen eta ahaide txinatarrak dituen emakume estatubatuarra. Gainera, Flanaganek soilik telesaileko lehen bi atalak zuzendu ditu, eta gainerakoak bost zinemagileren esku utzi ditu, Bly Manor telesailean egin zuen moduan.

The Midnight Club beldurrezko generoko erreferentziaz josita dago. Muntaketa, argiztapena, dekorazioa... ildo berekoak dira narratzailearen figura eta kamera mugimenduak, Evil Dead saga klasikoaren omenaldi eta guzti. Alor formalean, ordea, zuzendariek ez dute aparteko ekarpenik egin: telesail bat izateko diseinatu dute proiektua, zinemarako bokaziorik gabe.

«Istorio bat kontatu, eta mamuak sortu»: jolas horretan aritu ohi dira gaixo terminalak gauerdiko klubean. Flanaganek nerabeen arima zaurituak ezkondu ditu izua jaun eta jabe den pasarte bortitzekin. Ez da sortzaile estatubatuarraren lanik sendoena, baina haren nobedadeetan beti dago zer aletu. Izan ere, ahaleginak eta bi egiten segitzen du, beldurrezko generoa autore kodeen bidez zirkuitu komertzialean mugitzeko.

The Haunting of Hill House telesailaren arrakastaren ondotik, Flanaganek luzera begirako akordio bat sinatu zuen Netflixekin 2019an. Bi aldeetako bakar batek ere ez du sekula zehaztu lankidetza honek noiz arte iraungo duen, baina dagoeneko badituzte beste bi proiektu esku artean. Edgar Allan Poeren idatzietan oinarrituriko The Fall of The House Usher eta Something is Killing the Children komiki liburuaren egokitzapenak.

Orain hamar urte, Ryan Murphyk American Horror Story antologiazko telesailaren bidez eman zuen izuaren unibertsoko mahaian kolpea. Mike Flanagan ote Ryan Murphy berria? Genero horren zale sutsuek emango dute behin betiko epaia.

'THE MIDNIGHT CLUB'
Sortzaileak: Mike Flanagan, Leah Fong.
Aktoreak: Adia, Matt Biedel, Ruth Codd, Annarah Cymone,Aya Furukawa.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Netflix.
Atal bakoitzaren iraupena:60 minutu.
Generoa: Izua. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.