Ustekabeko lapurreta malapartatua

Filminek 'The Curse' telesaila estreinatu du, urrea lapurtu duen lagun talde bati buruzko komedia beltza

The Curse telesaileko protagonistak. Fikziozko lana da, baina benetan gertatu zen lapurreta batean dago oinarrituta. FILMIN.
Mikel Yarza Artola.
2023ko otsailaren 11
00:00
Entzun
1980ko Londres. Artaburuen modura jarduten duten lau lagun euren bizitza hobetu nahian dabiltza. Protagonistetako batek kafetegi xume batean egiten du lan; beste batek, biltegi batean. Diru apur bat irabazteko asmoz, lehenak lapurreta bat antolatuko du bigarrenaren lantokian, eta, ezustean, inoizko urre kopururik handienetako bat eskuratu.

The Curse sei ataleko fikziozko lan bat da, baina errealitateko lapurreta sonatu batean oinarrituta dago. 1983an, sei lagunek ordu hartan 26 milioi liberaren balioa zuten urrezko lingoteak ostu zituzten Londresen, espero zuten baino bederatzi bider gehiago. Mendeko lapurreta izendatu zuten askok, eta haren ondotik heldutako madarikazioak eman dio izena telesailari. Lapurreta gauzatu osteko urteetan, ekintza aurrera atera zedin parte hartu zuten edo dirua zuritzen lagundu zuten sei lagun tiroz hil zituzten.

1992an lapurretari loturiko Fool's Gold filmean Sean Bean protagonista gisa agertu zenetik, gertakariak fikziozko hamaika egokitzapen izan ditu, izan pantaila handian, txikian zein irrati uhinetan. Orain arte, ordea, elementu bat falta izan zaie lapurreta sonatuaren inguruko berrirakurketei: umorea.

Telesail honetako hiru sortzaileak aski ezagunak dira komedia britainiarrean. Joan den hamarkadan, People Just Do Nothing proiektu laudatuan aritu ziren, eta orain ordu hartako trikimailu narratiboak findu dituzte. Sortzaileen komediarako trebezia sekulakoa da, eta barrez lehertzeko eszenak bata bestearen atzetik lotu dituzte.

Emazteari urrezko lingoteak lapurtzeagatik damua adierazten dio senarrak, polizia inspektore bati hanburgesa zeharo urduri prestatzen dion bitartean. Arerioari aizkora garezurrean sartu ostean, berriz, arrosak oparitzen dizkio haren partez espetxera nahastuta sartu duten presoari. Edozein telesail dramatikotako eszenak izan litezke, baina, gidoigile eta aktore protagonista hauen eskuetatik igarota, segundo bakoitza algararako une ezin hobe bilakatzen da.

Telesailak erabateko kontrola du lantzen dituen erregistro narratiboen gainean, eta zenbat eta serioago jarri, orduan eta dibertigarriago bilakatzen da. Alde horretatik, azpimarratzekoa da aktore nagusien lana, pantaila txikirako egin duten inoizko interpretaziorik inspiratuena baita. Alor formalean ere, saioa ahalegindu da ekarpen propioa egiten. Muntaketan pantaila zatikatuaren formatuarekin jokatu du, lanketa plastikoa aberastu, denbora lerroei zukua atera eta istorioaren kutsu satirikoa are gehiago azpimarratzeko.

Telesail hau gidatu duten hiru artisten jarraitzaileek biziki maite dute euren estiloa, eta ondo dakite proiektuz proiektu taldearen ausardia geroz eta handiagoa dela. Are gehiago, egitasmo bakoitza telebista kate batean plazaratzen dute, eta horrek bermatzen die, hein batean, sormenerako askatasuna.

Hemen ez dago zuzentasun politikorik, ezta polemikak behartzeko borondaterik ere. Helburua une atsegin bat igarotzea da, besterik gabe. Horregatik eta beste hamaika arrazoirengatik, The Curse aspaldiko komediarik gogoangarrienetako bat da.

'THE CURSE'
Sortzaileak: Steve Stamp. Allan Mustafa, Hugo Chegwin.
Aktoreak: Allan Mustafa, Steve Stamp, Tom Davis, Emer Kenny, Peter Fernandino.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Filmin.
Atal bakoitzaren iraupena:25 minutu.
Generoa: komedia, drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.