Telesailak

Aristokraziaren urrezko aroa

'Downton Abbey' klasiko garaikidearen sortzaileak 'The Gilded Age' telesaila estreinatu du HBOn. AEBetan egin duen lehena da

HBO MAX.
Mikel Yarza Artola.
2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Play sakatu eta gozatu. Horretarako sortu du Julian Fellowesek The Gilded Age telesail berria. Lehen eszenatik liluragarriak dira argazkia, argiztapena, kamera mugimenduak eta musika, ikusgarriak jantzitegia eta ekoizpena. Segundo gutxitan, sortzaile britainiarrak erabat murgilduko du ikuslea unibertso paregabe honetan.

Klasikotasuna maite du Fellowesek, eta zirrara hori loratzeko abagune ezin hobea topatu du HBO plataformaren eta Universal estudioen gerizpean. 2020an bi telesail berrirekin ahalegindu zen Downton Abbey laudatuaren hutsunea betetzen, baina ez ziren The Gilded Age bezain gogoangarriak izan.

Fellowesen lehen telesail estatubatuarra da honako hau, eta XIX. mende amaierako New Yorken girotu du. Marian Brook neska gaztea da protagonista, aita hil ostean, atzean utzi du landagunea eta hiri handira bidaiatu. Bertan, izeba dirudunek egin diote harrera, belaunaldiz belaunaldi jarraituriko tradizio luze baten oinordekoak dira. Mundua, ordea, abiada bizian ari da aldatzen, eta, ezustean, bizikideen arteko interes lehia batean harrapatuta geratuko da Marian.

Honako hau garai hartako drama bat da, entretenigarria, emozioz betea eta lehen mailako aktore zerrendak indarrez hauspoturikoa. Protagonisten artean daude Carrie Coon (The Leftovers, Fargo), Taissa Farmiga (American Horror Story), Christine Baranski (The Good Wife) eta Cynthia Nixon (Sex and the City). Emakumeak dira denak eta aparteko garrantzia dute istorio honetan. Interpretazio bikainak eskaini dituzte eta artisau gisa aritu dira, aristokraziaren jokamoldea euren antzezpenetan azken xehetasuneraino zaintzen. Horren erakusle, irakurtzeko, hitz egiteko, begiratzeko eta ibiltzeko erabili dituzten modu zehatzak.

Proiektu honek zinema kutsu handia du, telebistako ohiko kodeetatik aldentzeko borondatea. Nortasun propioa duen gidari bat da horren erantzule, Fellowesen begiradak irudi oro zipriztindu du. Lehen planoen erabileran igar daiteke haren asmoa, baita unerik dramatikoenetan pertsonaiak eta espazioak islatzeko moduan ere.

Mami narratiboari dagokionez, telesailak trantsizio aroei buruz egiten du gogoeta. Iraganeko pribilegioak eta etorkizuneko pentsamendu modernoa erkatzen ditu, eta familiako tirabirak esploratzen. Batetik, diru eta botere gosea ase ezinik dabiltza trenbidehandikiak. Bestetik, bide berriakireki nahian dihardu protagonistagazteak, lan arrunt bat topatu eta emakume beltz batekin harremana estutu nahian. Gizarte bereizkeria istorioan txertatu izana nabarmentzekoa da, izan ere, Gilded Age deritzon urrezko aro honetan areagotu ziren biak, muturreko aberastasuna eta pobrezia.

Alde bateko zein besteko protagonistek igarri dute euren inguruan zerbait aldatzen ari dela, eta zelatan sumatzen dira maiz, leihoko gortinaren zirrikitutik begira. Zeruertz ezjakinari egiten dio so telesailak, sarrerako irudi eta doinu gozoen erritmora. Horrenbeste drama gordin eta thriller bortitzen artean, estimatzekoa da entretenimendu atseginak existitzea. Oparirik eskatu gabe, altxorra jasotzea.

'THE GILDED AGE
Sortzailea: Julian Fellows.
Aktoreak: Carrie Coon, Morgan Spector, Christine Baranski, Cynthia Nixon, Taissa Farmiga.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2022.
Non ikusi: HBO Max.
Atal bakoitzaren iraupena:50 minutu.
Generoa: Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.