Basamortuko malko eta itxaropen

Patricia Arquette izarrak krisi existentzial batean harrapaturiko emakume baten rola jokatu du Apple TV Plusen 'High Desert' komedia beltzean

HILARY GAYLE / APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Bizitza kolpean alda liteke egun batetik bestera, eta hori ezin hobeto daki Peggyk. High Desert telesaileko lehen eszenan, emakumezko protagonista luxuzko etxe batean ageri da, jendez beteriko igerileku baten ertzean, janari eta edari artean, jai giro betean. Plano sekuentzia trebeek ezin hobeto islatzen dute ospakizunaren aztoramendua.

Bat-batean, ordea, AEBetako Drogen Aurkako Agentziak, etxeko atea behera bota, eta sarekada abiatu du. Une gozoa zapuztuta, anfitrioiak poltsikoak billete sortaz betetzen hasiko dira, eta droga zakukadak harraskatik eta komunetik behera husten. Baina beranduegi da ezer konpontzeko.

Hamar urte geroago, Peggy Far Westeko saloon bateko langilea da. Tabernari plantak egiten dabil antzerki saio batean, bere bizitza urratu duten droga mendekotasuna eta amaren heriotza gainditu nahian. Patricia Arquette aktoreak jokatu du krisi existentzial sakonean harrapaturiko emakume protagonistaren rola. Emakumezko taldeko aktorerik onenaren Oscar saria irabazi zuen Arquettek Boyhood filmean egindako lanagatik eta, ordutik, gogoangarrienak telebistarako ondu ditu, tartean, Escape at Dannemora eta Severance thriller laudatuak. Azken hori ere Apple TV Plusek eta Ben Stillerrek ekoitzitako proiektu bat izan zen, joan den urteko esanguratsuenetako bat.

Orduan, aktore bikainak istorio bikain baten zerbitzura aritu ziren. Orain, tamalez, antzezleen eta idazleen desoreka agerikoa bilakatu da. Gidoia ez da Hollywoodeko izar seinalatuen mailara heltzen, bestela esanda, telesaila apaingarri ederra baina mami makala duten horietako bat da.

Basamortu amerikarrari so, bidelapurren eta iheslarien espiritu desafiatzailea da sortzaileen inspirazio iturri interesgarriena. Fear and Loathing in Las Vegas (Terry Gilliam, 1998) eta Natural Born Killers (Oliver Stone, 1994) filmetan Johnny Deppek eta Woody Harrelsonek, hurrenez hurren, jokatu zituzten pertsonaia paregabeen tankerakoa izan liteke kasu honetan Matt Dilloni egokitu zaiona, espetxean harrapaturiko senar amorratuarena. Baina egitasmo honetako sustatzaileen erreferentziak eta harrobia oso bestelakoak izan dira. Jay Roachek zuzendu ditu telesaileko zortzi atalak, eta haren iraganeko lanen artean parodiak eta familia giroko komedia arinak dira nagusi, esaterako, Austin Powers, Meet the Parents eta The Brink.

Muntaketa ausarta

Roachek muntaketan erakutsi du ausardia handien, eszena arteko trantsizioak basatiak dira, elipsiak arriskatuak eta narrazio estiloa lotsagabea. Kutsu psikodelikoa duten sarrerako irudiak horren guztiaren erakusle. Dena den, finean, High Desert berezi izatearen arrazoi nagusia Patricia Arquette da. Aktore estatubatuarrak sekulako erakustaldia eman du erregistro zeharo ezberdinak eskatzen dituzten pasarteetan. Trebezia eta sentimendu handiz interpretatu du pertsonaia protagonista, izan tabernan, txatartegian edota bulego korporatiboan. Ilunabarra heltzean, basamortuko malko eta itxaropen iheskorretan galtzen du bere burua, eta horrek egiten du ikustaldia interesgarri: Peggyk zurrunbilo kaotiko horretatik irteteko behin eta berriz egindako ahaleginak.

'HIGH DESERT'
Sortzaileak: Nancy Fichman, Katie Ford, Jennifer Hoppe.
Aktoreak: Patricia Arquette, Matt Dillon, Rupert Friend, Weruche Opia, Brad Garrett.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2023.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena:30 minutu.
Generoa: Komedia. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.