Telesailak

Hiltzaile gupidagabearen gizalegea

'Des' telesailak fikziora eraman du Dennis Nilsen eskoziarraren auzia, zeinak dozena bat hilketa gauzatu zituen

David Tennant aktore eskoziarrak hezurmamitu du Nilsen hiltzailea. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Etxean gorpu bat edo bi gorde ote zituen galdetu dio Poliziak. Hark erantzun hamabost edo hamasei izan zirela. Krimenak aitortu zituen saileko hiltzaile bat izan zen Dennis Nilsen, eta haren inguruko fikziozko telesaila da Des. Nilsenek bere biktimen gorpuak zatikatu eta etxeko armairuetan gorde zituen bost urtez. Hori gutxi ez, eta jardun horren inguruko azalpenak losarik gabe eman zizkien detektibeei komisarian.

Polizia, ordea, ez zen gai izan frogak berehala bildu eta haren aurkako auzibidera jotzeko. Horretaz ohartuta, Nilsenek diskurtsoa aldatu eta bere burua errugabetzat jo zuen. Ingalaterrako ITV telebista kateak telesail bilduma bat abiatu zuen 2000. urtean, saileko hiltzaileak oinarri hartuta, eta zerrenda horretan bederatzigarrena da Des. Aurreko saio sonatuen artean daude Shipman, Appropriate Adult eta Dark Angel.

Kasu honetan, David Tennant aktore eskoziarrak hezurmamitu du Nilsen hiltzailea. Ibilbide luzeko artista da Tennant, eta antzezpen gogoangarriak egin ditu lehen mailako hainbat ekoizpenetan, besteak beste Doctor Who, Harry Potter edota Broadchurch.

Oraingoan ere bistakoa da interpretaziorako duen abilezia; errealitateko pertsona kalkatzea lortu du, eta telesailaren arreta gune nagusi bilakatu da. Espresiorik gabeko aurpegi bat dauka, hotza eta kalkulatzailea, baina ez zaio gizatasunik falta. Jakituria handiko pertsona izan zen Nilsen; erraztasuna zuen historiaz eta arteaz hitz egiteko. Komeni zitzaionean, baita isila eta zurruna izateko ere.

Killing for Company liburua da telesailaren oinarria, saileko hiltzaileen biografiak luzaroan idatzi zituen Brian Masters britainiarraren lanetako bat. Masters bera fikzioan islatu dute sortzaileek pertsonaia gisa, eta harekin batera egin diote tartea garaiko gizarte testuinguruari.

Telesaila 1980ko Londresen kokatu dute, pobrezia eta droga giroan. Izan ere, gizarte esparru horretako haurrak eta gizon gazteak erail zituen Nilsenek. Artxiboko materiala erabili du sortzaile taldeak, kaleko giroa eta albistegietako kronikak biltzeko.

Protagonistaren damurik gabeko adierazpenek indar handia dute, baina irudiaren esparruan ere badira une bortitzak. Telesailaren hasieran ikusiko da Polizia Nilsenen etxetik gorputz zatiz beteriko plastikozko poltsak eta hilkutxak ateratzen. Hein batean, pasarte horiek fantasiazko film beldurgarriena baino are gordinagoak dira.

Saileko hiltzaile bilakatu aurretik, Nilsen Britainiar Armadako eta Londresko Poliziako kide izan zen. Horrek aztoramendua sortzen du fikziozko detektibeen artean, ezinbestean. Telesailak, ordea, ez dio sobera tira ildo horri, ezta hilketen ikerketari edota biktimen senideen tragediari ere. Des hiru atalez osatua dago, eta hori izan liteke askotariko ildo narratiboak ez jorratzeko arrazoia.

Dena den, telesaileko gidariek zukua atera diote txikitasunari. Emaitza sendoa lortu dute, hiruzpalau kokaleku eta iraupen laburreko formatua baliatuta. Eta morbotik urrun, gogoetarako bidea ere ireki dute: ulertu al daiteke hiltzailerik gupidagabeena gizaki modura?

'DES'
Sortzailea: Lewis Arnold.
Aktoreak: David Tennant, Daniel Mays, Jason Watkins.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2020.
Non ikusi: Starzplay.
Atal bakoitzaren iraupena: 45 minutu.
Generoa: Krimena. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.