Telesailak

Minaren erretratu pitzatua

Kate Winslet telebistara itzuli da HBOren sei ataleko 'Mare of Easttown' polizia thriller gordinean. Craig Zobel zuzendaria arduratu da atal guztien osotasunaz

Kate Winstelek HBOrekin egin zuen telebistarako fikziozko bere lan bakarrenetakoa, 2011n. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Zerk egiten du ezberdin hamaika aldiz ikusi dugun hori? Aktoreek, HBO kate estatubatuarraren telesail berri sonatuenei erreparatuz gero. Bi hamarkadaz telebista garaikidean kultuzko erreferente izan den erakundearen azkenaldiko joera da telesail laburrak plazaratzea, Hollywoodeko izar baten bultzadarekin.

Amy Adams izan zen protagonista 2018ko Sharp Objects telesail laudatuan, Nicole Kidman eta Hugh Grant 2020ko The Undoing gorabeheratsuan, eta Kate Winslet astelehenean estreinatuko den Mare of Easttown nobedadean. Aurpegi ezagunen aldeko apustua krimen istorioetan igarri da gehien, eta, hein batean, HBOren sormen krisiaren termometro ere bilakatu da. Netflixen hazkundeak plataformen arteko lehiara bultzatu du HBO, eta ezbaian geratu da arestian egile ekoizpen propioen alde egin izan duen apustua.

Polemikak polemika, Kate Winslet pantaila txikira itzuli izana aztertzeko moduko nobedadea da. Oscar sarietan zazpi hautagaitza eta garaikur bat eskuratu dituen aktore entzutetsuak HBOrekin egin zuen, hain justu, telebistarako fikziozko bere lan bakarretakoa. Mildred Pierce telesail laburreko protagonista izan zen 2011n, Depresio Handiko AEBetako ama ezkongabe baten rola jokatu zuen, eta aktore onenaren Emmy saria irabazi, Todd Haynes zuzendariaren gidaritzapean. Zinema estatubatuar independenteko ikurretako bat da.

Oso bestelako proiektua da Mare of Easttown nobedadea. Kasu honetan, Winslet AEBetako ipar-ekialdeko herri txiki bateko detektibea da, eta hilketa bat ikertzen ari da, krisi pertsonal eta profesional baten zurrunbilo betean. Polizia zabarra da, lanarekiko adikzioa duena, eta bizilagunek ez dute sobera maite, bere metodo bortitzak direla medio. Ez da heroia, ezta antiheroia ere, bizitzako kolpeek zauritu eta zimeldu duten pertsona bat baizik.

Hautsitako komunitate bateko protagonista da Winslet, eta pertsonen arteko distantzia ikusezin horiek iruditan islatzearen arduradun nagusia Craig Zobel zinemagileaizan da. The Leftovers, Westworld eta American Gods telesailetako atal solteak zuzendu izan ditu aurrez, eta orain osotasunean arduratu da Mare of Easttown saioaz. Zobel minaren erretratua marrazten ahalegindu da, eta nortasun propioa eman die denboraldiko zazpi atalei, tonu gris eta hotzen bidez. Elipsiak ere trebeziaz erabili ditu, uko egin dio pertsonaien iragana azken xehetasuneraino azaltzeari, eta horrek kontakizunaren misterioa areagotu du.

Argitu gabeko hilketa bat da istorioaren ardatza; ez, ordea, kontakizuna erakargarri egiten duena. Pitzaduraz beteriko pertsonaiak eta haien arteko harreman gatazkatsuak dira telesailaren indargune nagusia, baina, horrenbeste saminen artean, sortzaileek ez dute lortu korapiloa askatzea. Atalen azken segundoetako sorpresei behin eta berriz tiraka, cliffhanger efektuaz abusatu dute, eta Winsleten interpretaziorako dohainen esku utzi dute azken emaitzaren arrakasta. Azken ataletan, The Silence of the Lambs film klasikoaren oihartzuna igar liteke tentsioz beteriko eszena gogoangarri batzuetan. Alde horretatik, Mare of Easttown ez da ahazteko moduko telesail bat, baina, ziurrenik, berehala desagertuko da telesail zaleen memoria kolektibotik.

'MARE OF EASTTOWN'
Sortzaileak: Brad Ingelsby, Craig Zobel.
Aktoreak: Kate Winslet, Jean Smart, Angourie Rice, Evan Peters, Guy Pearce.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2021.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena:60 minutu.
Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.