Telesailak

Itsasoz garraiaturiko misterioa

Claire Danes eta Tom Hiddleston aktore ezagunak dira 'The Essex Serpent' telesail viktoriarreko protagonistak; kutsu mitologikoa du.

APPLE TV PLUS.
Mikel Yarza Artola.
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Cora Seasborne alargundu berri den emakume bat da. Errespetuz tratatzen ez zuen ezkontidetik libratu ostean, Londres viktoriarra atzean utzi eta fikziozko Essex kostaldera joango da bizitzera. Hango biztanleen artean suge mitologiko baten presentzia aspalditik izan da hizketagai, eta, orain, Cora istorio horrekiko geroz eta erakarpen handiagoa sentitzen hasi da.

Hori da The Essex Serpent telesailaren abiapuntua. Sarah Perry idazle britainiarraren izen bereko nobelan inspiratuta dago, eta, gezurra badirudi ere, ez da antzinako istorio bat. Perryk 2016an argitaratu zuen eleberri hori, eta haren berritasuna nabarmentzeko moduko elementu bat da; izan ere, Ness aintzirako mitoaren modura, gaurdaino heldu diren estilo honetako kontakizun gehientsuenak aspaldi sorturikoak dira.

Abesti malenkoniatsu baten erritmora, ikuslea Ingalaterra viktoriarreko landa eremuan murgilduko da, ingurune gris eta euritsuan. Jantzitegia, eraikinak, altzariak... sortzaileek artearen lanketa azken xehetasuneraino zaindu dute, garai historiko hura ahalik eta modu fidelenean islatu nahian. Clio Barnard zinemagile beteranoa aritu da telesaileko sei atalen zuzendari lanetan. Barnardek 45 urte zituela plazaratu zuen bere lehen filma, eta industriak harrera beroa egin zion, eta azken urteetan leku propio bat topatu du zinema jaialdi europarretan. Formalki eta komertzialki, Barnardek Julian Fellowesen The Gilded Age nobedadea du aurten lehiakide. Essexeko herensugearen istorioa ilunagoa da, baina biak XIX. mendearen amaieran giroturiko kontakizunak dira, eta aurtengo streaming bidezko bi plataforma nagusien arteko lehiaren erakusle ere bai: HBO vs Apple.

Aktoreen atalean, Hollywoodeko bi izarrek eman diote bultzada proiektuari. Claire Danes eta Tom Hiddleston dira protagonistak. Hiddlestonek mundu osoko sona lortu du azken hamarkadan, Marvel sagako film eta telesailetan parte hartuz. Danesek, berriz, hiru Emmy sari eskuratu ditu, horietako bi nazioarteko espioitzari buruzko Homeland telesailari esker. Danesek zortzi denboraldi eman zituen proiektu horri lotuta, eta The Essex Serpent da ordutik plazaratu duen bakarra.

«Naturaren historia nire pasioa da», dio emakume protagonistak, eta, giro horretan, haren deiturak are kutsu profetikoagoa du. Seaborne izena du, «itsasoz garraiatua» euskaraz. Danesen pertsonaia gizatasun handikoa da, misterioak argitzea du helburu, eta bere ahulezia eta zalantza pertsonalak ez ditu ezkutuan gordeko.

Narratiboki, telesailak badu lotura fantasiazko Penny Dreadful-ekin eta mediku giroko The Knick-ekin. Azken horretan ere publikoan egindako ebakuntza eszenak ageri dira, baina ezin uka Barnard urruti dagoela Steven Soderberghen artisautza paregabetik. The Essex Serpent adreiluz adreilu, geldo baina sendo eraikitako etxe arrunt batekin pareka liteke. Minutuek aurrera egin ahala, ez dago aparteko ezustekorik, ezta drama iraultzeko moduko gertakari giltzarririk ere. Hori bai, tantaz tanta, aintzira misteriotsuko ura geroz eta lodiagoa bilakatzen da ezinbestean.

'THE ESSEX SERPENT'
Sortzaileak: Clio Barnard, Anna Symon.
Aktoreak: Claire Danes, Tom Hiddleston, Clemence Poesy, Frank Dillane, Hayley Squires.
Herrialdea: Erresuma Batua.
Urtea: 2022.
Non ikusi: Apple TV Plus.
Atal bakoitzaren iraupena:50 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.