HILBERRIA. Bjorg Lambrecht

Zorigaitzaren biktima izan den harribitxia

DANIEL KOPATSCH / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Euri zaparrada asko egon ziren atzo Poloniako Itzuliko etapan. Tropelak mela-mela eginda igaro zituen Chorzow eta Zabrzeren arteko bideko zati asko, ispilu itxura zuten errepideetan barrena. Arriskutsu zegoen, erori asko egon ziren, eta horietako batek, helmugatik 50 kilometrora, amaiera lazgarria izan zuen. Bjorg Lambrecht22 urteko txirrindulari flandriarra labaindu egin zen, eta porlanezko estolda bat jo zuen buruarekin. Lasterketako medikuak berehala konturatu ziren kolpea larria zela, eta errepidean bertan artatu zuten. Konortea galdu zuen kolpearengatik, eta berpizte ariketak egin zizkioten. Hasiera batean suspertu zuten, baina oso larri zegoen, eta helikopteroz eman behar izan zuten Rybnikeko (Polonia) ospitalera. Behin han, larrialdi ebakuntza egin zioten, eta, ospitaleko bozeramaileak jakinarazi zuenez, ezin izan zuen jasan buruko kirurgia delikatua. Lotto-Soudal taldeak eman zuen albistearen berri. Lambrechten zorigaitzak txirrindularitza mundua astindu zuen, eta sare sozialak dolumin mezuz bete ziren iluntzean.

Lambrecht oso gaztea zen, baina ez ezezaguna tropelean. Bigarren urtea zuen profesionaletan, eta Flandrian etorkizun oparoko harribitxitzat zuten. Ondo merezia zuen ospea, klasikozale handi izateko ezpala erakutsi baitzuen udaberrian. Fleche-Wallonnen laugarren izan zen, Amstel Gold Racen seigarren, eta bosgarren De Brabantse Pijl-en. Horietan guztietan hortzak erakutsi zizkien klasikozale handiei, baita Julian Alaphilipperi ere Gorraizen (Nafarroa), Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan. Lambrecht bigarren izan zen egun hartan, azken aldapa pikoan jotako eraso ausartari esker, eta ezustekoa emateko zorian egon zen.

Pascal Ackermannek irabazi zuen Poloniako Itzuliko etapa, esprintean, eta, aldaketarik ezean, gaur laugarrena jokatuko da. Gurpilak bueltaka jarraitu behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.