Telesailak

Izotzezko krimen mistikoa

Netflixek 'Katla' telesaila estreinatu du, Islandiako lehen ekoizpen propioa. Fantasia kutsuko thrillerra da, eta Baltasar Kormakur zuzendari entzutetsuak gidatu du

Islandiako natura eta geologia elementu garrantzitsuak dira Katla telesailean. KATLA.
Mikel Yarza Artola.
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Duela 25 urte plazaratu zuen estreinako filma Baltasar Kormakur zinemagile islandiarrak. Ordutik, beste hamahiru pelikula zuzendu ditu, eta uharte eskandinaviarreko artista emankorrenetako bat bilakatu da.

2010eko hamarkadan hasi zen Hollywooden lanean eta, berehala, Mark Wahlberg eta Denzel Washington aktore entzutetsuek hartu zuten parte bere proiektuetan. Universal estudioen bultzadarekin, 2015ean kaleratu zuen orain arteko ekoizpenik sonatuena: 1996ko alpinisten hondamendia kontatzen duen Everest. Urtebete geroago, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Eidurinn noir eskandinaviarrarekin; film horretan zera azpimarratu zuen, sarri Europako erreferentziatzat hartu izan den Islandiako gizartearen alde iluna.

Pantaila handiari ez ezik, txikiari ere begiratu dio Kormakurrek bere ibilbidean. Are gehiago, duela sei urte, bi denboraldiko Ofaerd telesaila abiatu zuen. Kultukoa bilakatu zen berehala, eta horregatik piztu du ikusmina sortzaile beteranoaren telebistarako itzulerak. Katla izenburupean, zortzi ataleko telesaila osatu du orain Netflixentzat. Streaming bidezko plataforma erraldoiak Islandian osatu duen lehen ekoizpen propioa da, eta osagai guztiak ditu krimen istorioak gustuko dituzten nazioarteko ikusleak erakartzeko.

Izozturiko sumendi baten erupzioa eta historiaurreko elementu misteriotsuen agerpena dira kontakizun honen abiapuntua, eta fenomeno horiek lotura ezin estuagoa dute aktualitatearekin. Izan ere, martxoan, sumendi baten erupzioa izan zen Reykjavik hiriburutik 30 kilometrora.

Orduko hartan, erupzioa ez zen izozturiko mendi batean gertatu, baina badira tankera horretako bi aurrekari garrantzitsu Islandiaren historian. 1996an eta 2010ean erupzioak izan ziren bi sumendi handitan, eta Kormakurrek zuzenean edan du gertakari horietatik fikziozko istorio hau eraikitzeko.

Zuzendari gisa, urteetan landu duen estilo pertsonal bereizgarria baliatu du telesail labur honetan, protagonisten traumak, beldurrak eta desirak iruditan islatzeko. Horretarako, aktore islandiar ezagunen babesa izan du, beste behin. Herrialdeko publikoaren artean ez ezik, antzezle horiek ezagun bilakatzen ari dira pixkana nazioartean, batez ere film islandiar jakinek zinema jaialdietan izandako arrakastaren ondotik. Hross i Oss eta Hvitur, Hvitur Dagur ekoizpen sarituak dira horren adibide. Azken urteetan,uharte eskandinaviarrean munduraturiko kalitatezko filmen emariak ez du etenik.

Katla telesailaren zortzi ataletan, sortzaileek hamaika erreferentzia egin dizkiete naturaz gaindiko elementu misteriotsuei. Horietako askok Twin Peaks klasikoa eta Dark garaikidea ekar ditzakete gogora, baina Kormakurren nobedadeak zigilu propioa du. Islandiako geologian, mitologian eta giro izoztuan erroturiko istorioa da. Krimenari kutsu mistikoa ematera ausartu da, eta gonbita egin die ikusleei, udako garai eguzkitsu honetan, izotzezko misterioan murgil daitezen.

'KATLA'
Sortzaileak: Baltasar Kormakur, Sigurjon Kjartarnsson.
Aktoreak: Gudrun Yr Eyfjord, Iris Tanja Flygenring, Ingvar Eggert Sigurdsson, Aliette Opheim, Porsteinn Bachmann.
Herrialdea: Islandia.
Urtea: 2021.
Iraupena: 45 minutu atal bakoitzak.
Generoa: Drama, thrillerra.
Non ikusi: Netflix.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.