Alaves 2-1 Vila-real

Bide onean segitzen du Alavesek

Garaipena lortu du Vila-realen aurka Mendizorrotzan, Joseluren eta Edgarren golekin. Bi partida jarraian irabazi ditu Arabako taldeak

Alaveseko hainbat jokalari atzo sarturiko bi goletako bat ospatzen. RAUL BOGAJO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Joseluk (17. min.). 1-1: Alcacerrek (50. min). 2-1: Edgarrek (80. min.).

Jaitsiera atzean uzten ari da Alaves. Bigarren garaipena lortu zuen atzo azkeneko hiru partidatan, Vila-real menderatuta (2-1), eta hiru puntu urrundu da azken-hirugarren lekutik. Javi Calleja entrenatzaile denetik, bederatzi puntutik zazpi atera ditu.

Bizi hasi zen partida. Ezin biziago, baina etxekoak hasi orduko hiltzeko arriskuarekin. Izan ere, 40. segundoan, Chukwuezeren burukada Laguardiak atera zuen ateko marran. Alavesek ere hortzak erakutsi zizkion Vila-reali, aukera garbirik sortu gabe izan bazen ere hamahirugarren minutura arte. Bi taldeak ari ziren erraz gainditzen aurkaria.

Etxekoen lehen aukera garbia Joseluk izan zuen hamahirugarren minutuan, kontraeraso batean, baina Rullik urrundu zion jaurtiketa. Handik bi minutura, kanpotarrak baloiarekin jolasean ari zirela area barruan, Alavesekoek baloia lapurtu, eta Joseluk jaurti zuen berriz ere; Rulli jarri zitzaion parean, bigarrenez. Segituan, Gerard Morenok egin zuen jaurtiketa area barrutik, baina kanpora bota zuen.

Hurrengo jokaldian sartu zuen gola Alavesek. Aldeko alboko sake batean, kanpotarren zelaian, bizi ibili zen Lucas Perez espaziora puskatzen, eta Riojari eman zion baloia. Horren erdiraketa Jotak errematatu zuen, oker, bigarren zutoinaren inguruan. Burukada txarra pase on bilakatu zen, beste zutoinetik gertu Joseluk bultza egin zuelako baloia sarera. Talde handi baten aurka aurretik jartzea lortu zuen Callejaren taldeak.

Lerroak atzeratu zituen hortik aurrera etxeko taldeak, eta Unai Emeryren taldea egin zen baloiaren jabe. Gero eta jabetza luzeagoak egiten hasi zen 30. minututik aurrera, eta Alaves ez zen atzetik ateratzen: aurkariak presioa egiten ziolako baloia galdu berritan, edota baloia erraz galtzen zutelako jokalariek erabaki txarrak hartzeagatik. Aukerak sortzen hasi zen kanpoko taldea, eta Pachecok azaldu behar izan zuen berdinketa galarazteko. Lehen zatiaren akaberan lortu zuen Alavesek zulotik ateratzea, pare bat kontraerasotan.

Berdinketari, erantzuna

Bigarren zatiaren hasiera garrantzitsua zen etxekoentzat, jakina baitzen Vila-real indartsu aterako zela berdinketaren bila. Eutsi beharra zeukan Alavesek, eta aurkaria goian estutzera atera zen, zuloan ez sartzeko. Baina 50. minutuan, erasoan galdu behar ez zen baloia galduta, aukera eman zion Vila-reali areara gerturatzeko, eta Gerard Moreno-Alcacer bikoak bat egin zuen; gola Alcacerrek. Berriz azaldu zen aurrelaria, baina Pacheco bikain aritu zen.

Lucas Perez kendu zuen Callejak, zelai-erdia indartzeko Pere Ponsekin, eta berdindu egin zen partida minutuak aurrera joan ahala. Etxekoen aukerak geldikako jokaldietan iritsi ziren, baina erremate parea ez ziren atera joan. Bai, ordea, Edgarren zartako bikaina 80. minutuan, Joseluren erdiraketa baliatuz eskuin hegaletik. Garaipenaren gola izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.