Bertol Arrieta.
Brasilgo Munduko Kopa. 'O TEMPLO DO FUTEBOL'

Ni ez naiz hemengoa

2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Amildegi batek banatzen ditu poza eta tristura, baina pauso bakarrarekin igaro zaitezke batetik bestera. Horizonterik gabe geratu naiz Belo Horizontekoaren ondoren, amildegiz aldatzeko ere pasaporterik gabe. Dena zen poza eta alaitasuna Rion, ajerik gabea futbolaren mozkorra. «Tristeza não tem fim. Felicidade sim», diote Brasilen: tristurak ez du azkenik, zoriontasunak bai.

Dante Brasileko hamaikakoan sartu eta infernuetara jaistea, biak batera etorri dira. Julio Cesarrek ere ezin izan zion eutsi inperioaren zutabeei. Labankadaka josi balute ez lukete sarraski handiagoa egingo. Hulk izugarria ere hezur-haragizkoa dela konturatu dira bat-batean brasildarrak, Astaire-k baino dantza gutxiago egiten duela Fred-ek, Wilde balitz beste bukaera bat emango liokeela Oscarrek ipuin honi.

Protestak areagotu dira Rion, FIFAko lapurrak Go home!, autobusak erre dituzte, poliziak gogor erantzun du. Gainbehera dator futbolaren magiak makillatu zuen maskara bozkariozkoa. Plastilinazkoa zen zoriontasunaren etxea. Agudo erortzen dira paperezko hegazkinak.

Ederra da oraina bizitzea, etorkizunarekin ez kezkatzea, pasaportea erretzea hondartzan, zerotik hastea behin eta berriz. Gezurra agerian geratzen denean ikusten da egiaren benetako tamaina. Antzerkian soilik da tragedia eder. Tragedia ezin da antzerkiarekin ezkutatu.

Egun «paregabea» aukeratu dut Espainiako Kontsulatura joateko:

—Pasaportea lapurtu didate -esan diot leihatilakoari. Gezur txiki batekin estaliko dut nire gezur handia. Hondoratzen ari den itsasontzia utzi nahi duen koldarra baino ez naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.