Arrauna

Oriok hartu du aurrea Zarautzen, baina ez du erabakia utzi

Orioko trainerua, ahalegin betean, atzo, Zarautzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Oriok ditu aukera gehien gaur Zarauzko Estropada preziatua irabazteko, baina lana ondo egin beharko du, alde txikia atera ziolako Arraun Lagunaki atzo: 2,64 segundo. Estropada gogorra izan zen Euskotren ligako azken-aurrekoa, bero handia egiten baitzuen eta eremua leunegi baitzegoen. Bazen baga pixka bat kanpoaldean, baina asko eman behar zitzaien traineruari abiadura bizkortzeko.

Lehen kalean joan zen Orio, eta laugarrenetik Arraun Lagunak, bi muturretan biak. Donostiarra ere lehiarako zen atzo, eta lehen luze zoragarria egin zuen. Arraun Lagunak atzetik aurrera etorriz ipini zen buruan une batez, baina, ziabogan, Orio segundo bat bizkorrago izan zen. Hirura zuen Donostiarra, eta seira Hondarribia.

Popareko luzean, estu joan ziren lehen biak, eta Donostiarra atzerago geratua zetorren. Azkena Hondarribia zen, gero eta urrunago. Orio eta Arraun Lagunaken arteko lehia ez zen baretu, eta, azkenean, 2,64 segundo horiek izan zituen alde Oriok. Donostiarra 12,74ra sartu zen, eta Hondarribia 21era. Azken bi horien arteko borrokan, gaur handiren bat gertatu ezean, Hondarribia joango da jaitsierako kanporaketara.

Gaur eguerdian argituko da hori (11:35, ETB1), eta ez dute atzokoa bezalako barealdirik edukiko arraunlariek. Metro eta erdi inguruko olatuak espero dira, eta haizea ere indartsu samar. Halako baldintzekin, atzoko aldeak ez dira ezer izango, eta banderarako lehia berriz hastea bezala izango da.

Bestalde, atzo Donostian, Zumaiak irabazi zuen ETE ligaz kanpoko hiriko jaietako estropada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.