Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Suaren gainean dantzan

La Asturianako lehen kilometroetan jo du erasoa Jonas Vingegaardek, eta Mikel Landak soilik eutsi dio. Elkarrekin egin dute Santurtzirako jaitsiera, eta liderra azkarrago aritu da azken metroetan

Suaren gainean dantzan.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Garai bateko txirrindularitzan bezala irabazi zuen atzo Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapa, Santurtzin. Ez zuen taldekideen laguntzarik behar izan. La Asturianan gora Education Firstek piztutako suari gasolina bota zion Danimarkakoak, eta ia denak erre zituen. Txirrindulari handienek bezala, berak atera zituen bere babak eltzetik. Herenegun Amasa-Villabonan irabaztea nahikoa ez, eta bertan hasitako bideari jarraipena eman zion atzo Santurtzin. Mikel Landarekin (Bahrain) jokatu zuen etapa garaipena esprintean, baina liderra arabarra baino azkarragoa izan zen. Etapa irabazteaz gain, hamar segundoko gainsaria hartu zuen Vingegaardek, eta zazpikoa Landak. Hortaz, hamabi segundorena da orain bien arteko aldea sailkapenean. Bi segundo barru iritsi ziren gainerako faboritoak.

Ikusi gehiago:Zornotzan hasiko eta bukatuko da Itzuliko gaurko etapa

Eguneko ihesaldia kostata sortu zen atzokoan. Bi saiakera zapuztu zituen tropelak hasieran, eta hirugarrenean Harm Vanhouckek (DSM), Natnael Tesfatsionek (Trek), Jon Barrenetxeak (Caja Rural), Jonathan Caicedok (Education First) eta Alan Jousseaumek (TotalEnergies) abantaila hartu zuten Malkuartun gora. Ihesaldia sendotu egin zen bertan, eta tropela etapako tarterik lasaienean sartu zen. Horrek zazpi minutu ingururen aldea hartzea ahalbidetu zien aurreko bost txirrindulariei, eta etapa garaipenarekin egin zuten amets.



Vingegaardek ez zeukan maillota galtzeko arriskurik ihesaldiko txirrindulariekin, eta lasai hartu zuen egunaren lehen zatia Jumbo-Vismak. Tropelean, baina, etapa irabazteko txirrindulari aproposak zeuden, eta Ineos eta Bahrain tropelaren buruan jarri ziren, erreleboak emanez. Ineosek Omar Fraile zeukan etapa irabazteko helburuarekin, etaparen diseinatzailea, eta Bahrainek Landarekin egin nahi zuen min. Jaycok ere talde guztia jarri zuen tropeletik tiraka, eta estutu ederra eman zioten helmugara heltzeko 45 kilometro falta zirela. Eguna aurrera joan ahala, aldeak behera egin zuen nabarmen, eta, hasieran ihesaldia helmugaraino irits zitekeela zirudien arren, argi gelditu zen garaipena atzean zegoela.

Ikusi gehiago:Iritzia, Eneritz Iturriagaetxebarria: 'Oso-oso bizkor doaz'

Atzekoek aurreko boskotea harrapatu bitartean, baina, Barrenetxeak bere helburua bete zuen. Caja Ruraleko txirrindulariak maillot pinportadun jantzita ekin zion egunari, eta atzo ere lehenengo postuan igaro zen mendate gehienetan. Hiru puntuak eskuratu zituen Malkuartun, Santa Koloman eta Bezin; bederatzi guztira.

La Asturiana, erabakigarri

Helmugara heltzeko 27 kilometro falta zirela harrapatu zuen tropelak aurreko boskotea, tarteko esprintera iritsi baino lehen. Bertan hainbat taldeburu mugitu ziren, baina Vingegaardek lortu zuen hiru segundoren gainsaria. Ion Izagirreri (Cofidis) irabazi zion esprintean, baina Ormaiztegikoak bi puntu lortu zituen. La Asturianara bidea (7,4 kilometro eta %6,5eko pendiza) ziztu bizian egin zuen tropelak, denak kokapen egokiaren bila, eta eguneko mendate erabakigarrian piztu zen sua.

Helmugara heltzeko 22 kilometro falta zirela hasi zuten mendatea, eta lehen aldapa gogorretan Education Firstek jarri zuen erritmoa. Juanma Garatek Esteban Chavesi jarri zion bide estuan erritmoa gogortzeko ardura, eta Rigoberto Uranek eman zion jarraipena. Richard Carapaz taldeburuak erasoa jo zuen orduan, baina lasterketako liderrak aise erantzun zion, nagusitasuna erakutsiz. Hasieran zuloa egin zuen Frantziako Tourreko azken garaileak, baina Landak harrapatu egin zuen azkenean. Elkarrekin egin zuten aurrera sailkapeneko lehen biek, eta jarraitu ezinda gelditu ziren David Gaudu (Groupama), Ion Izagirre (Cofidis), Enric Mas (Movistar) Sergio Higuita (Bora) eta Felix Gall (AG2R). Akordiorik lortu ezinda gelditu ziren azken horiek, eta atzetik beste tropeltxo bat batu zitzaien. Hori aldea handitzeko baliatu zuten Vingegaardek eta Landak.

30 segundorena izan zen aurreko bien eta gainerako faboritoen arteko aldea La Asturianako tontorrean. Jaitsieran erreleboka aritu ziren lehen bi sailkatuak, eta ziztu bizian jaitsi zituzten bihurgune bihurriak. Baina amaierako sasiordekan elkarren arteko zainketa oso zorrotza izan zen, eta atzekoek gerturatzeko baliatu zuten. Azkenean, etapa garaipena lortzeko ekinaldian aurreko biak lehiatu ziren arren, bi segundora sartu ziren atzekoak. Etapa Vingegaardentzat izan zen, beste behin, azken maldan Landa baino bizkorrago aritu baitzen. Azken bihurgune erabakigarrian atzetik sartu zen Murgiakoa, eta liderra ezustean harrapatzen saiatu bazen ere, eskuinetik tokirik eta indarrik gabe gelditu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.