Albistea entzun

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Gorriak ikusi, eta horia jantzi

Jonas Vingegaardek behe-behetik jo du erasoa Hikako horman, eta ez du erakustaldirik eman, baina besoak altxatu ditu helmugan. Mikel Landa bigarren izan da, eta Ion Izagirre, berriz, laugarren
Jonas vingegaard atzo, Hikako horman lortutako garaipena ospatuz, helmugan eskuin besoa altxatuta. Atzean Mikel Landa eta Enric Mas, azken bihurgunean
Jonas vingegaard atzo, Hikako horman lortutako garaipena ospatuz, helmugan eskuin besoa altxatuta. Atzean Mikel Landa eta Enric Mas, azken bihurgunean JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Beñat Mujika Telleria -

2023ko apirilak 6

Aurtengo Euskal Herriko Itzulian mendate gutxi zeudela esan dute askok eta askok. Itzuliak betiko xarma galdu duela aurtengo ibilbidearekin. Atzoko etapa ikusi zutenek, ordea, gozatu ederra hartu zuten. Faborito nagusia gailendu zen Villabona-Amasan (Gipuzkoa). Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) irabazi zuen Itzuliko hirugarren etapa, eta lider jarri da. Egunaren lehen erdia lasaia bazen ere, mendate motzak eta lehergarriak zituzten bigarren erdian. Azken 16 kilometroetan %10 inguruko zenbait aldapari egin behar izan zieten aurre, eta Hikako horman, %26ko aldapa pikoan, piztu zuen sua danimarkarrak.

Beste hainbat txirrindularik kostata eutsi zioten bizikleta gainean azken hirurehun metroetan, eta gorriak ikusi zituzten. Baten batek hanka lurrean jarri behar izan zuen erori baino lehen, eta antolakuntzako kideek lagundu behar izan zieten. Baina Frantziako Tourreko azken garaileak erakustaldia eman zuen. Mikel Landa (Bahrain) eta Enric Mas (Movistar) izan zituen atzetik; bi segundora helmugaratu ziren biak.

Ikusi gehiago: Nola diseinatzen da itzuli bateko etapa bat?

Etapa hasi eta berehala hartu zieten aurre tropelari Simon Geschkek (Cofidis), Pierre Latourrek (TotalEnergies) eta Georg Zimmermannek (Intermarche). 30 segundoren tartea zabaldu zuten, eta lanean jarri ziren ProTeam mailako taldeak; besteak beste, Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma. Ihesaldietan sartzea da talde horien helburu nagusia, eta, nahi hori lortu ezinda, tropelaren buruan jarri ziren. Hala ere, ez ziren aldea murrizteko gai izan, eta amore eman behar izan zuten azkenean. Kolpe gogorra izan zen haientzat, baina argi gelditu zen lehia gogortzen denean World Tourreko txirrindularien gaitasuna bestelakoa dela.

Getariatik igarotzen ari zirela, Remi Cavagna (Soudal-Quick Step) batu zitzaien atzetik aurrerakoa eginda. Eta gero, Meagasen gora, Nicolas Prodhomme (Alpecin) eta Thibault Guernalec (Arkea) iritsi ziren lasterketa burura. Cavagnak berak jarri zuen erritmoa Villabonako maldarik gogorrenetan. Zimmermannek eta Latourrek soilik jarraitu zuten haren erritmoa, eta hirurak elkarrekin iritsi ziren Alkizara. Tropelean Jumbo-Vismak hartu zuen aginte makila Villabonan, eta Herbehereetako taldeak ezarri zuen erritmoa hurrengo kilometroetan. Jon Barrenetxea (Caja Rural) atzean gelditu zen Alkizako igoeran, eta atzo ez zuen punturik bildu pinportadun maillota eskuratzeko lehian.

Ikusi gehiago: Juan Luis Zabala: 'Kontuz!'

Altzoko lehenengo igoeran atzean gelditu zen Latour, eta minutu baten aldearekin bakarrik gelditu ziren Cavagna eta Zimmermann. Hala ere, alde hori ezerezean utzi zuen tropelak helmugarako 25 kilometro gelditzen zirenean, Altzoko bigarren igoeran. Bertan egin zuten ahalegina Bauke Mollemak (Trek), Esteban Chavesek (Education First) eta Lauren Huysek (Intermarche). Tropelari aurre hartu zioten Altzoko azken maldetan, eta hogei segundoko zuloa zabaldu zuten azkenerako.

Alkizako igoera estu eta gogorrean Chaves bakarrik gelditu zen aurrean, eta une horretan, helmugarako hamalau kilometro gelditzen zirenean, taldeburu guztiak tropelaren aurrealdean jarri ziren, edozein mugimenduri erantzuteko tokia izateko. Zizurkilgo hilerrira bidean, tropelaren aurretik jarraitu zuen Chavesek, baina helmugatik sei kilometrora Juanpe Lopez (Trek) eta James Knox (Quick-Step) batu zitzaizkion, tropel burutik erasoa jota. Hamar segundoren aldearekin hasi zuten azken kilometroa hiru txirrindulariek, baina, azkenean, Lopez gelditu zen aurrean bakarrik.

Taldeak lana, liderrak saria

Jumbo-Vismak, baina, lan bikaina egin zuen, eta estu hartu zituen denak. Attila Valterrek jarri zuen erritmoa, eta Vingegaardek jarri zion ginga. Frantziako Tourreko azken garaileak Hikako aldapa pikoa hasi eta berehala jo zuen, helmugarako 300 metro gelditzen zirenean, eta atzean utzi zituen aurkari denak. Garaipena ospatzeko denbora ere izan zuen Vingegaardek, aurkariak arnasari buelta eman ezinda zeuden bitartean. Landa eta Mas bi segundora iritsi ziren helmugara, eta atzetik sartu ziren Ion Izagirre (Cofidis) eta David Gaudu (FDJ).

Banaka-banaka iritsi ziren txirrindulari denak helmugara, baina aldeak ez ziren oso handiak izan azkenean. Zenbait txirrindulari, ordea, txapelaren lehiatik kanpo gelditu ziren. Richard Carapazek (Education First) 22 segundo galdu zituen helmugan, eta Daniel Felipe Martinezek (Ineos), berriz, 26. Aldeak ez dira oso handiak, baina etapa garaipenaren lehian pentsatzea hobe izango dute akaso. Ekuadorrekoa 34 segundora dago oraindik sailkapen nagusian, baina Kolonbiakoak minutu bat baino gehiago galdu du dagoeneko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...