Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Arriskua hartu, arrastoa utzi

Jonas Vingegaardek irabazi du Euskal Herriko Itzulia eta baita azken etapa ere. Mikel Landa bigarren izan da sailkapen nagusian, eta Ion Izagirrek hirugarren egin du gainsaria lortu ostean

Ezkerretik hasita: Ion Izagirre, Jonas Vingeegard eta Mikel Landa atzo, podiumean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Euskal errepideetako zale guztiak txaloka jarri ditu Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma). Erakustaldia emanda irabazi du Euskal Herriko Itzulia, baita atzoko azken etapa ere. Ez da ohikoena gaur egungo txirrindularitzan, baina aurkariek enbido jo aurretik berak jo zuen hordagoa. Izuan gora aurrera egin zuen Vingegaardek, atzera begiratu gabe eta erritmo bizia ezarriz. Aurkari guztiak atzean utzi zituen maldan gora, eta beherakoan modu ikusgarrian handitu zuen aldea, bihurgune bihurriak maisutasunez hartuta. Hala behar ez bazuen ere, arriskatu egin zuen Danimarkakoak, eta euskal zaleek gozatu ederra hartu zuten. Indartsuena izan zitekeen ustea bazen, eta bera arduratu da uste horiek egia bihurtzen. Taldearen laguntzarekin batzuetan, eta bere gaitasunarekin besteetan. Hortaz, Itzulian txapela jantzita, astebeteko lehen lasterketa garrantzitsua irabazi zuen Frantziako Tourreko azken garaileak.

Atzean gelditu ziren gainerako faboritoetako asko, eta elkarren zainketa zorrotza egin zuten podiumeko postuengatik lehian. Azkenerako, Mikel Landak (Bahrain) bigarren amaitu zuen, eta Ion Izagirrek (Cofidis) hirugarren postua eskuratu zuen azken esprintean lau segundoko gainsaria eskuratuta. Arabarra bigarren aldiz igo da podiumera Itzulian, eta gipuzkoarrak, berriz, seigarren aldiz.

Elkorrieta gainera, eguneko lehen mendatera, oso-osorik iritsi zen tropela, ihesaldirik sortu gabe. Azurkin gora (5,1 kilometro, eta %7,4ko pendiza) hartu zion aurre taldetxo batek tropelari. Itzuliko lehen mailako lehenengo mendatea izan da Azurki. Hiru bakarrik izan ditu aurtengo aldiak, eta hirurak gaurko etapan izan dira. Daniel Felipe Martinez (Ineos), Valentin Paret-Peintre (AG2R), Emanuel Buchmann (Bora), Harm Vanhoucke (DSM), Esteban Chaves (EF), Bruno Armirail (Groupama), Rein Taaramae (Intermarche), Eddie Dunbar (Jayco), Ruben Guerreiro (Movistar), Marc Hirschi (UAE), eta Steven Kruijswijk (Jumbo-Visma) eta Attila Valter (Jumbo) izan ziren aurrera egin zuten ziklistak. Jumbo-Vismak liderraren bi morroi indartsuenak sartu zituen ihesaldian, eta Vingegaard beste bi taldekideren laguntzarekin gelditu zen atzean. Hala, aurkarien mugimenduei aurre egiteko, Vingegaardek bere bi morroiekin bat egiteko aukera zeukan, eta hala gertatu zen aurrerago.

Horrela, Bahrain lan egitera behartu zuten, ez baitzuten aurreko taldetxoan inor sartu, eta Vingegaardek bi laguntzaile zituen aurrean. Tropel buruan egin zituen Neil Stephensen taldeak Azurkiko eta Gorlako igoerak, eta azken hori minutu eta erdiko aldearekin amaitu zuen aurreko taldetxoak. Krabelin izan zen eguneko hurrengo mendatea (5km eta %9,6ko pendiza), helmugatik 75 kilometro ingurura. 50 segundoren aldearekin ekin zioten lanari aurrekoek, eta pixkanaka murrizten joan zen aurreko taldetxoa. Chaves, Guerreiro, Kruijswijk eta Valter bakarrik gelditu ziren aurrean, elkarri erasoak jo eta gero. Atzean, berriz, Bahrainen erritmo bortitza ezin jarraituta ziklista ugari gelditu ziren atzean, tartean liderraren kideak, eta oso tropel txikia gelditu zen.

Trabakuan gora Mauro Schmidek (Quick-Step) atzetik aurrerakoa egin zuen, eta aurreko laukoteari batu zitzaion. Horrekin nahikoa ez, eta Quick-Stepekoak aurrera egin zuen bakarrik sasiordekan, Izuara bidean. 30 segundoren aldearekin hasi zuen mendatea Chavesekiko, Kruijswijkekiko eta Guerreirorekiko, eta 1.20koarekin tropelarekiko. Izuan, baina, sua piztu zuten oilarrek tropelean. Vingegaard bera mugitu zen, eta aurrean zituen Valterren eta Kruijswijken laguntzarekin, bakar-bakarrik gelditu zen buruan. Beste denak atzean utzi zituen banan-banan, eta gainerako taldeburuak liderrari jarraitu ezinda gelditu ziren. 40 segundoren aldearekin iritsi zen maillot horia tontorrera, eta jaitsieran alde hori handitu egin zuen.

Podiumarengatik lehia

Atzeko taldetxoan gelditu ziren taldeburuak oso segundo gutxian zeuden podiumaren lehiarako, eta inork ez zuen askorik arriskatu nahi. Podiumean egotea nahiko lorpen bada, eta, postu horiek galtzeko beldurrez, elkar zaindu zuten denek. Hori baliatu zuen Vingegaard liderrak aldea pixkanaka-pixkanaka handitzeko, eta Eibarko kaleetan barrena garaipena ospatzeko nahi adina denbora izan zuen. Atzean nahasmen handia izan zen; elkarri zorrotz begiratu, eta denak ahalegindu ziren aurrera egiten erasoak jota. Azkenerako James Knox (Quick-Step) besteen aurretik iritsi zen helmugara, eta gainerakoak esprintean lehiatu ziren hirugarren postuak ematen zituen lau segundoak lortzeagatik. Hor eskuratu zuen Izagirrek podiumeko hirugarren postua, azken gerri kolpean aurreratuta.

Ormaiztegiko txirrindulariak seigarren aldiz lortu du Euskal Herriko Itzulia podiumean amaitzea. Alberto Contadorrek soilik lortu du halako lorpena, baina espainiarrak lau aldiz irabazi zuen Itzulia. Izagirrek, aldiz, behin irabazi du lasterketa: 2019an, Astanan zegoenean. Bestalde, Jon Barrenetxeak (Caja Rural) mendiko maillot pinportaduna lortu du aurreko egunetako lanaren ordainetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.