Arrauna

Oriok beste kolpe sendo bat eman dio Arraun Lagunak-i, eremu klasikoan

'San Nikolas'-ek ligako bosgarren garaipena lortu du, Getxon. Tolosaldea hirugarrena izan da

Orioko patroi Nadeth Agirre bandera astintzen, arraunlariek arraunak gorantz dituztela, atzo, Getxon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Erori eta jaiki. Horixe egin zuen atzo Oriok, Getxoko (Bizkaia) estropadan, Euskotren ligako zazpigarren jardunaldian. Patxi Francesen taldeak ligako bosgarren bandera irabazi zuen, eta, gisa horretara, oriotarrek Euskadiko Txapelketako arantzatxoa kentzea lortu zuten, baita ligako sailkapen nagusian beste kolpe bat eman ere Donostia Arraun Lagunak-i. Juan Mari Etxaberenak bigarrenak izan ziren, garaileengandik bi segundora. Hirugarren posturako lehian, berriz, Tolosaldea nagusitu zitzaion Donostiarrari.

Meteorologoek itsaso lasaia egongo zela iragarri zuten, metro erdi eskaseko olatuak. Dena den, naturaren beste aldagai batek, haizeak, eragozpen ugari jarri zizkien goren mailako lau ontziei; ipar-mendebaletik jotzen zuen, bizi-bizi, batez beste hamazazpi kilometroko abiaduran.

Eremu klasikoan egin zuten estropada, Portu Berrian. Semaforoa berde jarri orduko, txanpa bizian irten ziren lau traineruak: Orio, lehendabiziko kaletik; Donostiarra, bigarrenetik; Arraun Lagunak, hirugarrenetik; eta Tolosaldea, laugarrenetik. Behin arraunketa egonkortu zutenean, LugaƱene branka sartu nahian zebilen, eta Oriori segundo bat ateratzea lortu zuen. Juan Mari Etxaberenak, batez beste minutuko 34 arraunkadako erritmoan zihoazen; San Nikolas-eko eskifaia, berriz, zertxobait sarriago, minutuko 36 arraunkadako erritmoan.

Arraun Lagunak ziabogara lehendabizi heldu zen arren, Nadeth Agirre Orioko patroiak ontzia estu biratu zuen, eta donostiarrak baino pare bat tosta lehenago irten ziren oriotarrak. Atzean, berriz, Tolosaldea heldu zen hirugarren postuan, zortzi segundora, eta Donostiarra hamarrera. Tolosarren traineruaren txopan, bestalde, Maialen Amondarain zihoan, Aiora Sorozabalen ordez.

Maniobraren ostean, Oriok bere arraunketan serio jarraitu zuen, luze-luze. Francesenek bi segundoren abantaila zuten Arraun Lagunak-ekin. Agirrek datu hori jakin ostean, istribor aldera jotzea erabaki zuen; zerogarren kalean hondo gehiago zegoenez, itsaslaster handiago zuten alde, marea gora eta Orioko patroia nolabait abantaila horri zukua atera nahi zion.

Lau ontziak, istriborrera

Andrea Astudillo Arraun Lagunak-eko patroia kondenatuta zegoen; Etxaberen kuadrilla laugarrenetik zihoanez, metro gehiago egin behar zituen istriborrera joateko. Zirt edo zart egiteko tenorea heldu zitzaion lemazainari. Bitartean, Orioko traineru horia airean zihoan, Arraunekiko aldea hiru segundora handitzeraino.

LugaƱene-koek azken ahalegina egin zuten oriotarrak harrapatzeko, baina ez zen nahikoa izan. Garaipena horientzat izan zen, eta bi segundo geroago helmugaratu zen Arraun. Atzean, berriz, Tolosaldeak eta Donostiarrak buruz buruko lehia ederra izan zuten, eta, azken txanpan, tolosarrak hirugarrenak izan ziren, Oriorengandik hamahiru segundora; Donostiarra, aldiz, hamalau segundora heldu zen.

Euskotren liga erdialdera iritsi den honetan, titulua irabazteko lehian, Oriok lehen postua sendotu du sailkapen nagusian, 26 punturekin, eta hiru puntuko aldea ateratzen dio Arrauni. Donostiarrak hamabi puntu ditu, eta Tolosaldeak, bederatzi.

Lekeition (Bizkaia) izango dute bihar zortzigarren jardunaldiko estropada (11:40, ETB 1). Iaz, Donostiarrak lortu zuen garaipena eremu horretan, Arraun Lagunak-ekin eta Oriorekin lehia ikusgarria izan eta gero. Hondarribia izan zen laugarrena.

Ikusi gehiago:Ur gazietan, arrantza gozoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.