Iker Tubia.
HAUTESKUNDE XANPAINA

Zezen baten burua ohatzean

2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bere buruan ideia burutsua zen. Imajinatzen zituen herri mugimenduetako kideak, uztailaren 5ean, auzolanera joan aurretik, siestatik esnatzerakoan, ohatzean sekulako kiratsa zutela. Besoak zabal-zabal goratu, eskuin eskuaz begia igurtzi, eta, bat batean, ezustekoa: odola! Maindireak goitik behera gorriz tindaturik. Eta ondoan konkor bat. Berehala maindireak zabaldu, eta han, zezen buru bat. Abisua.

Bere buruan ideia burutsua zen, baina ondokoak berehala kendu zion kaskotik. Nola hilko zuten zezen bat uztailaren 5ean? Sakrilegioa litzateke! Beste kanpaina bat muntatu behar zuten. Alkatea ez zegoen kontent, gutxiengoan ari zen udala kudeatzen, eta kolpe gogor bat eman nahi zuen mahaiaren gainean. Hauteskunde kanpainak ez dira inoiz zehaztutako datan hasten; aurretik aritzen dira kanpainan. Tira, inoiz bukatzen al dira? Bada, uztailaren 5a egun bikaina zuen Iruñeko alkateak kanpaina abiatzeko. Egia da, dagoeneko abiatua zuela talde ultra batek goratutako kidea Berdintasun zinegotzi izendatuz.

Bigarren kolpea sanferminen atarian izanen zen. Azkenean, mehatxu kanpainaren alde egin zuen. Bera ez da eskuak zikindu zalea, eta sikarioak bidali zituen atez ate. Euskal giroko ostatuak, peñak... Mehatxu ekonomikoak maite dituela argi utzi du. «Gaizki portatu zarete? Isuna!». Debekatu nahi izan ditu karrikan haren oniritzirik gabe egiten diren musika emanaldiak oro. Oraingoz, mehatxua leku horiei egin die, baina hurrengoan? Fanfarre eta txarangen ateetara joko al du heldu den sanfermin aurreko kanpainan?

Nire bila etorri zirenean, ez zen inor geratzen protestatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.