Koronabirusa

Osasun Sailak eta EHUk PCRak egiteko hitzarmena egin dute

Nekane Murgaren ustez «oso garrantzitsua» da akordioa, handitu egiten duelako gaitasuna

Erredakzioa
Bilbo
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmena egin dute EHUk eta hainbat ikerketa taldek abian jarritako PCR probak erabili ahal izateko. Azken egunotan zeresana eman dute EHUren probek, Jaurlaritzari hainbat esparrutatik eskatu baitiote horiek martxan jartzeko. Astelehenean Nekane Balluerka EHUko errektoreak ukatu egin zuen «ezer ilunik» egotea EHUren testen inguruan, eta jakinarazi zuen laster emango zutela hitzarmenaren berri. Atzo arratsaldean izenpetu zuten.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, koronabirusa atzemateko «gaitasuna handituko» du hitzarmenak. Izan ere, Espainiako Karlos III.a Unibertsitateak diseinatutako seroprebalentziari buruzko ikerketa osatzeko balioko du, atzo arratsaldean Nekane Murga Osasun sailburuak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak adierazi zutenez.

Koronabirusaren sintomarikizan ez duten herritarren artean COVID-19ak zein eragin duen aztertuko dute azterlan horri esker: 5.000 laguneko laginari proba serologiko azkar bat egingo diote antigorputzak dituzten ala ez jakiteko, eta PCRa ere egingo diete, «sintomarik ez duten pertsonak eta haien bilakaera detektatzeko». Osakidetzak martxan jarritako lagin berean sartuko dira EHUren probak.

Murgaren ustez, «oso garrantzitsua» da bi erakundeek egindako hitzarmena. Izan ere, oroitarazi duenez, Osakidetzak jada 130.000 proba eginak ditu, eta horietatik 100.000 inguru PCR motakoak ziren. «Baina beste laborategi bat batzea, beti da gehitzea». Balluerka ere pozik agertu da bi erakundeek egindako hitzarmenaz, eta adierazi du atzo sinaturikoa ez dela izan «elkarlan emankor bat formalizatzea besterik». «Gizarte ireki eta inklusiboaren» adierazgarri da akordioa, Balluerkaren ustez. Proiektuan parte hartu duten ikertzaileak zoriondu nahi izan ditu, ere berean. Horien artean izan dira EHU eta Osakidetza bera, Ikerbasque, Achucarro eta Biofisika Bizkaia Fundazioa. «Lan bikaina» egin dute, Balluerkaren arabera: «Berehalako erronka zientifiko bati erantzun azkarra eman zioten, eta orain ikusten da erantzuna ere eraginkorra izaten ari dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.