Lehiak ez dauka etenik

Bidasoak Europako Ligako bigarren kanporaketako joanekoa jokatuko du gaur Artalekun, Nexe Kroaziako taldearen aurka (20:15, ETB4)

Julen Aginagalde, Huescako Joao Pinto defenditzen, herenegun, Artalekun jokatutako partidan. ARRATE MORALES / BIDASOA.
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera benetan trinkoa izaten ari da Bidasoarentzat: bi aste baino ez dira pasatu lehiari ekin zionetik, eta gaur, jada bosgarren partida jokatuko du. Ez da nolanahiko erronka izango. Europako Ligako bigarren kanporaketako joanekoa jokatuko du Artalekun, Nexeren aurka (20:15, ETB4). Kroaziako taldea da ligaxkan aritzeko irundarrek gainditu beharreko azken oztopoa.

Zorte ona izan zuten irundarrek zozketan, Frantziako eta Alemaniako aurkari indartsuei izkin eginda, baina oso gaizki egingo lukete pentsatuta Nexe aurkari samurra dela. Jacobo Cuetara Bidasoa taldeko entrenatzaileak berak ohartarazi du horretaz. «Talde sendoa da. Agian, ez du izar handirik, baina baditu erabakigarriak izan daitezkeen zenbait jokalari. Gainera, eskarmentu handia dute: urte asko daramatzate Europan lehiatzen, bai SEHA ligan [Europa ekialdeko zenbait ligatako taldek jokatzen dute ], baita EHF kopan ere. Charter batean datoz. Horrek agerian uzten du ahalmen handiko kluba dela». Cuetarak azaldu duenez, «ondo» prestatu dute partida haien neurketen bideoak ikusita. «Baina entrenamendu bakarra izango dugu lehia prestatzeko», zehaztu du.

Atseden gutxi hartuta, baina konfiantza handiz ariko da Bidasoa. Izan ere, COVID-19aren pandemia dela eta, ezohiko denboraldi-aurrea egin arren, bikain ekin dio sasoiari: lau neurketa jokatu dituzte, eta laurak irabazi dituzte. Anaitasunaren aurkako derbia ez beste, —azken minutuetan bost gol irauli zituzten—, guztietan izan dira nagusi pistan. Aurreko denboraldiko bizkarrezurrak sendotasunari eusten dio, eta iritsi diren jokalariak pixkanaka-pixkanaka ari dira ere euren ekarpena egiten. Falta zaie oraindik, baina bide onean daude. Gaur, bide on horri eusten saiatuko dira irundarrak, kanporaketa bideratzen hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.