Koldo Mediavilla. EAJren EBBko harreman instituzionalerako idazkaria

«Aurki, Sorturen proposamenari erantzungo dio EAJk formalki»

Proiektu politikoei buruz autogobernu lantaldean eztabaidatu, eta proposamen adostua lortu nahi luke. Jauregik estatu federalari buruz aurkeztutakoa gustukoa du, baina ez du uste PSOEk babesten duenik.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Bakegintzan aurrera egiteko elkarlana aldarrikatu du Koldo Mediavillak (Bilbo, 1961), Sabin Etxean egindako elkarrizketan. Ezker abertzalearekin adostasunak lortzeko premian indar egin du, eta horretan saiatuko dela dio.

Zer gertatzen da EAJren eta Sorturen artean?

Sorturi galdetu behar litzaioke zer gertatzen zaion. Legeztatu zenetik EAJ beti egon da harreman normalizatu eta egonkorrak mantentzeko prest, eta biltzen aritu gara pribatuan zein jendaurrean. Bilera adeitsuak ere izan ditugu, eta, akordio handirik lortu ez badugu ere, gerturatzen saiatu gara ikuspegi politikotik eta herri ikuspegitik. Azkenaldian, badirudi harremana gaiztotu egin dela ezker abertzaleak EAJren aurka abiatu duen estrategia batengatik. Batetik, akordioak eskatzen ari dira, eta, bestetik, ustelkeria eta irregulartasunak leporatzen ari dira etengabe.

Edozein kasutan, egia da azkenaldian irregulartasun kasu askok zipriztindu dituztela EAJko kideak. De Miguel auzian, esaterako, EAJkoak dira auzipetutako gehienak, eta hori auzitegien erabakiz da horrela.

Baina gauza bat da eremu judizialean dagoen kasuren bat egotea, De Miguel auzia bezala, baina badira beste asko bultzada politikoengatik sortu direnak, ezker abertzalearen inguruko pertsonek auzitegietara eraman dituztelako. EAJk, De Miguel auzian, egin behar zuena egin zuen duela bost urte, eta auzian ustez nahastuta zeudenak alderdiaren diziplinatik urrundu ziren. Gainera, auziak ez du alderdia nahasten zuzenean; pertsona batzuen jarrerak dira ezbaian daudenak. Gogoan dut Arraizek esaten zuela politika epaitegietatik atera behar zela, baina ezker abertzaleak bere buruari begira soilik barneratu du hori; ez besteei begira.

Edozein kasutan, liskarrak arazo sakona sortu du EAJren eta Sorturen artean, edo dirudiena baino azalekoagoa da?

EAJk ez du ahaztuko ezker abertzalea esaten eta egiten ari dena. Baina EAJk erantzukizun bat du herri honekiko, eta horrek aurrera egitera behartuko gaitu; akordioak lortzera eta hemen dauden arazoak konpontzen saiatzera. Bi mugarrik gaiztotu dute Sorturekiko harremana. Batetik, Arraizek komunikabide batean iragarri izana EAJren mahai gainean dokumentu bat jarri duela gatazkaren ondorioen inguruan eta ez duela erantzunik jaso. Egia da txostena iritsi dela. Eta, zarata mediatikoaz gain, EAJk babestu egingo luke, aurrerapausoak ikusi izan balitu bake eta elkarbizitzaren bidean. Baina ezker abertzaleak atzera egin du.

Hala ere, giro gaiztotuan gauden arren, EAJk erantzungo du. Sortuk bake eta elkarbizitzarako helarazi digun proposamenari erantzun orokor bat lantzen ari gara. Astebete barru edo, ez dakit zein epetan izango den zehazki, baina aurki, EAJk proposamenari erantzungo dio, formalki.

Erantzun baten truke ikerketa judizialak ezabatzeko baldintza jarri izana leporatu digu Sortuk. Hori ez da hala. EAJk edozein egoeratan erantzungo luke. Eta berriro diot: txostenak aurrerapausoak izango balitu, lehen unetik babestuko genuke. Baina gauza askotan atzera egin duela ikusi dugu.

Zertan egin du atzera?

Etorkizuneko zenbait erabaki ordainen arabera baldintzatzean edo negoziazio ireki batetan kokatzean, adibidez; eta hori ez da ez orain ez gero gertatuko. Ez natzaizu luzatuko gehiago gai honetan, erantzun ofiziala egin behar baitugu. Hala ere, erantzun positiboa izango da. Sortuk eta ezker abertzale osoak barneratuko dituela espero dugun proposamen, ekimen eta gaiak izango ditu.

Beraz, arazoa ez zen terminologia izan, esan zen bezala.

Ez, inola ere ez.

Hala ere, EAJk kontraproposamena egingo du Sortuk eskatu duen bezala?

Bai. EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuaren ekintzarik eza eta ezker abertzalearen paralisia dela-eta, berriz, beti proposatu dituzte neurriak estutasun hauetatik ateratzeko, baina ez dugu erantzunik jaso. Ea gai garen emango diegun erantzunean indarkeriaren eta ondorioen orria betiko ixteko, hartara behar diren neurriak biltzeko.

Ezker abertzalearentzat onargarria izango den dokumentua izango da?

Guk akordiorako borondatearekin erantzungo diegu. Hau ez da hauteskundeei begirako alor estrategiko bat; orri hori behin betiko ixteko dagoen beharrari heldu nahi diogu. Kapitulu hau behar bezala itxi behar dugu, eta, posible bada, modu adostu batean.

Bakegintzari dagokionez, egoera erabat blokeatuta al dago?

Tira, agerikoa da Espainiako Gobernuak ez duela inolako pausorik eman eta ez duela emango. Baina uste dugu 2011ko urrian indarkeriazko jarduna betiko amaitzea erabaki zuenak prozesuaren amaiera arte iraun behar duela. Bestalde, gatazkaren ondorioei ere erantzun behar diegu: biktimak, memoria eta presoak. Presoei dagokienez, ezartzen zaien salbuespeneko legeria ezabatzeko bideak bilatu behar dira, gizarteratzeko eta euskal gizartera itzultzeko aukera izan dezaten. EAJ beti egon da prest indarkeriaren historia amai dadin ezker abertzaleari laguntzeko, baina konpromiso serioekin, egutegiekin, eta ekimen egiaztatuekinbada. Eman nahi diren pausoekiko segurtasuna behar dugu.

Brian Currinek esan berri du Espainiako Gobernua aldatzeari itxaron behar zaiola; ezer gutxi egin daitekeela bestela.

Bai, baina itxaron eta itxaron... Badirudi ezker abertzaleak ere barneratua duela gobernu berriarekin gauzak aldatuko direla, baina ez dago horren argi hala izango dela. Guk ez dugu itxaron nahi eta behin betiko konponbide azkarra ahalbidetuko duen bide orrian laguntzeko prest gaude.

Zenbait proposamen politiko mahai gaineratzen ari dira. EAJk estatus politiko berria aldarrikatzen du. Zer da hori?

Oraintxe amaitzen ari dira autogobernurako batzordeko agerraldiak eta iritsiko da garaia mahai gainean proposamen zehatzak jarri beharko direna. Posible bada, Euskadin, bere etorkizun politikoari begira adostasun handi bat ahalbidetuko dion proposamena behar da. EAJk egingo ditu proposamenak, baina inportantea da denborak ondo kudeatzea. Hauteskunde egutegi bat dago erdian, Espainian ez dakigu zein indar harreman geratuko den, lurraldetasunari buruzko krisiari buruz ari dira... Denborak ondo kudeatu behar dira gure proposamenak arrakasta izan dezan. Eta EAJk egingo duenak Euskadiren nazio aitorpena jasoko du, eta euskal herritarrek erabakitzeko duten eskubidea ere bai, betiere lege arauen barruan eta estatuarekiko aldebikotasun harremanean oinarrituta. Dena den, garaia iristen denean aurkeztuko dugu, eta laster izango da.

Noiz?

2015eko legealdi honetan.

Zer iruditzen zaizu EH Bilduk aurkeztu duen Euskal Bidea?

Jakin nahi genuke zehazki zer den. Baina bada berrikuntzaren bat: subjektu politiko berean hiru erabakigune jasotzen ditu, eta hori aspaldi ari zen esaten EAJ. Independentziari buruz baino, estatus berri bati buruz ari da ezker abertzalea ere, EAJk erabilitako formulazioa hartuta. Hortik aurrera ez dugu besterik ikusten.

Esan duzunaren arabera, Euskal Bideak ez du talka egiten EAJren proposamenarekin.

Ez, ez, inola ere ez. Guk dakigula, EAJren proposamenak ez du talka egiten EH Bilduk proposatu duen Euskal Bidearekin.

Posible da bide beretik joatea?

Proposamenak legebiltzarrean eztabaidatzen saiatuko gara, eta kontrastatzen. Baina proposamen errealistak behar dute izan,eta ezin da alboratu egungo ongizatearen oinarri den autogobernua, oinarri gisa. Ez dugu baztertuko orain arte lortutakoa.

Ramon Jauregik federalismorako proposamena aletu du autogobernurako lantaldean...

Alderdi sozialistari erreforma federalaren inguruan entzun diogun ekarpen bakarra da. Eta, Jauregirekiko errespetu guztiarekin, haren planteamendua ez da uneotan Pedro Sanchezek eta zuzendaritza federalak dutena.

Hala izatea nahi zenuke? EAJk azken urteotan egin dituen aldarrikapen asko jaso ditu.

Nahi genuke, noski. Oso positibotzat dugu Jauregiren ekarpena, baina ikusiko dugu PSE bide horretan kokatzen den. Nahi genuke alderdi sozialistaren babesa balu, baina, oraingoz, Jauregiren proposamena da.

Zer espero duzue datozen udal eta foru hauteskundeetatik?

Nire kristalezko bolak esaten dit EAJk oso emaitza onak izango dituela eta alderdi nagusia izango dela hiru herrialdeetan. PPk atzerakada historikoa izango du, eta alderdi sozialistak ere bai. Ikusiko dugu noraino iristen diren sortzen ari diren indar berriak eta zer eragin duten ezker abertzalean.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan mapa politikoa aldatuko da?

Bai, aldaketa egongo da. Guztiok uste genuen ezker abertzalea legeztatu ondorengo normalizazio politikoan lau indar naturalak arituko zirela; eremu abertzaleko eta Espainiako ezkerra eta eskuma. Baina haserre politikoak paradigma berri bat sortu du, Podemos alderdiak zuzendutakoa. Alde horretatik, ikusiko dugu zein mapa politiko dugun bozen ondoren, baina, ziur aski, aliantzetarako marko berria egongo da.

Nafarroan egongo da aldaketa?

Baiezkotan nago. Azken legealdia desastre hutsa izan da. Oinarrizko aldaketa behar da Nafarroan, eta uste dut lidergoa Uxue Barkosek soilik ordezka dezakeela.

Beraz, udal hauteskundeen ondoren panorama aldaketa egongo da Hego Euskal Herri osoan?

Baietz uste eta espero dugu.

Nola irudikatzen duzu Euskal Herriko egoera bost bat urtean?

Luze gabe, lidergoari eutsiko dionEAJ sendo bat ikusten dut. Askoz helduagoa den ezker abertzalea ikusi nahi dut, PP ez dut ia ikusten, eta herri honi lotutako bere profila aurkituko lukeen PSE bat nahiko nuke.

Eta bakegintzari dagokionez?

Ezker abertzaleak eta EAJk akordio batean aurrera egiten badugu eta espero dugun urratsak egiten badira, oso aurreratuta egongo gara eta ez da egongo blokeoei eutsi ahalko dion Espainiako Gobernurik. Erabakiak hartuz joan behar da, alde bakarretik izan arren. Ez dugu esango presoak egun batetik bestera aterako direla, baina hori bideratzen saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.