ARRAUNA

Oriok beste koska bat igo du Euskotren ligako gailurraren bila

Irabazi egin du Hondarribian, eta bost puntu ateratzen dizkio orain Arrauni. Tolosaldea puntu batera jarri zaio Donostiarrari

Orio bandera jasotzen, atzo, Hondarribian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Kolore horia zeukan lehendik ere Euskotren ligak, eta, atzo Hondarribian izan zen emaitzarekin, are horiagoa. Oriok zazpigarren bandera irabazi zuen, eta nagusi da, bi jardunalditan baino ez baita geratu puntu kopuru handiena eskuratu gabe. Bost puntu ateratzen dizkio Arraun Lagunak-i sailkapenean, eta beste horrenbeste estropada baino ez dira falta. 31 eskutik du Patxi Francesen taldeak.

Bi zati bezala izan ditu gaurko lanak. Itsasoan, kanpoaldean, bazen mugimendu pixka bat, eta haizea mendebaldetik jotzen ari zen. Orio aurreneko kalean joan zen, eta Arraun, hirugarrenean. Donostiarrak bigarrena zuen, eta Tolosaldeak, laugarrena. Kanporanzko zatian, Arraun hobeto moldatu zen. Estropadetan nekez aurkitzen ari diren arraunketaren bila, sendo ekin zion jardunari. Ematen zuen baietz, galdua duen hori berreskuratuz onbidera itzuliko zela, baina ez zen horrela izan azkenean. Bigarren zatian, barrurantz, Oriok jan egin zuen Donostiako taldea.

Mugarria ziaboga izan zen lehendabizi. Biziago zuzendu zuen trainerua Nadeth Agirrek Andrea Astudilloren aldean, eta buruan atera zen ziabogatik. Zabaletik hartu zuen Oriok buelta, nahita, eremuaren kanpotik barrura bideratzen zen olatua baliatzeko. Segundoa segundoari kateatuz, aldea handituz joan zen. Traineruaren muturra askotan ekarri zuen uretan ederki sartuta, popa aterata zeukan bitartean. Ez zitzaion horrelakorik ikusi Arraunen ontziari. Azkenean, 5,14 segundo atera zizkion Oriok.

Beste lehian, jaitsierako kanporaketari ihes egin nahian, Tolosaldeak beste puntu bat jan zion Donostiarrari. Baten aldea baino ez du Donostiako taldeak orain. Barrurantz nagusitu zitzaion. Datu honek ederki azaltzen du hori: Orioren atzeko talde azkarrenetan bigarrena izan zen Tolosaldea barruranzko luze horretan.

Atzokoak eginda, gaur Getarian izango dira, hamargarren jardunaldia jokatzeko (11:40).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.