Ana Jaka
BIDAIA TXIKIA

Etxera bueltan

2014ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Abuztuko azken eguna; niretzat, azken zutabea. Ezin atzera begiratzeko tentazioari eutsi. Atzera begiratzeko joera hori oso gurea dugu idazten dugunok. Lehengaia dugu iragana. Itxi behar omen dugu, ados, baina ez iezaiozu halakorik idazle bati eskatu. Ezagutzen al duzue Frederick sagutxoaren ipuina? Sagutxo poetak eguzki-izpiak eta udako koloreak gordetzen ditu, eta, negua iristean, uda lanean emandako komunitate-kideei poemak errezitatzen dizkie, eta bildutako irudiekin berotzen.

Iritzi sailean idatziko nuela adostu genuenean pixka bat beldurtu nintzen. Nik, sagutxo horrek bezala, koloreak margotzen besterik ez dakit, han eta hemenkako ñabardurak biltzen, irakurleak, hala nahi badu, bereak egiteko. Baina orain, hogeitapiko zutabe idatzi eta gero, ez dut bi eginkizun horien arteko marra hain garbi ikusten. Egia esateko, ez nau hainbeste harritzen, uste nuenaren baieztapena besterik ez da. Har ezazu eleberri bat, edo film bat, edozein istorio, lagun batek kontatutakoak ere balio du, eta ikusi zer eta nola kontatzen duen, zeri ematen dion garrantzia, bukaera zorionekoa, ezberdina ala betikoa den. Hortxe dago iritzia, munduko ikuspegia, aukeratutako tokia.

Askotan saiatu naiz atentzioa honi bideratzen, ustezko apolitikoak salatzen. Zenbatetan ez dut entzun behar izan gogaikarria naizela, erradikal bat, ikusten dudana ikuste hutsagatik? Pelikula inozoenetan ere bada diskurtsorik. Bai, banekien.

Eta hilabete honetan kontrako bidea egiten ikusi dut neure burua. Iritzia barneratuta duten kontakizunak egin beharrean, istorioen gaineko iritzia ematen, eta konturatu naiz nire istorioa dela azkenean kontatutakoa, iritzia ezin dudala bestela eman. Diskurtsoak ezin direlabesterik gabe irentsi eta bota, errepikatu, beste batek idatzitako panfleto bat balira bezala. Badira, badakit, hori egin beste erremediorik ez dutenak, egia absolutuen defendatzaileak. Bere bizipenen iragazkitik pasatuko balituzte, akabo: diskurtsoaren ala pertsonaren eztanda letorke. Baina, zorionez, ez naiz inoiz halako atakan egon. Bizipenek, aldiz, irakatsi didate iritzia, mundu ikuspegi bat. Eztabaidagarria? Ziur. Kontaizkidazu zureak eta hitz egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.