Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Uda

2017ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Herria, uda, jaiak. Sopela, Zarautz, Iruñea. Berriz ere bortxatu egin gaituzue, ukitu egin gaituzue, gure janzkera zalantzan jarri duzue. Badirudi guk ezin dugula ezer erakutsi gizonak kamiseta kenduta dabiltzan kaleetan: gurea probokazioa da, haiena beroa.

Lagun baten etxean egin dut lo bere herriko jaietan, eta bakarrik itzuli naiz etxera. Mutil bat etorri da nire atzetik, eta larritu egin naiz. Arnasestuka iritsi naiz portaleko atera. Atzera begiratu dudanean geldi ikusi dut mutila.

Ez du espaloia gurutzatu. Distantzia gordetzea erabaki du. Ez zitzaion hainbeste kostako nire beldurra usaintzea. Alboko portalean bizi dela esan dit urrunetik: barkatzeko. Negarra atera zait. Gertatzen ari ez diren gauzak ikusteak amorrua ematen dit, baina niri gertatu ez zaidana beste askori gertatu zaie. Emakume bat hil dute bere etxean.

Telebistaren arabera, ustezko hilketa baino ez da izan. Pentsatzen dut ustezkoak erasotzaileak eta bortxatzaileak izango direla epaileak kontrakoa esan arte, baina ez dut ulertzen zergatik jartzen duten zalantzan jazoera bera.

Erasotua sentitzen naiz telebistaren aurrean: gorpuak labankadak zituela esan du aurkezleak, baina hilketa ustezkoa baino ez da.

Eta oraindik, eguna amaitu aurretik, bertso saioa daukat jaiak diren beste herri batean. Tradizioaren izenean emakumeei soziedadean, desfilean, dantzan edo beste zenbait gauzatan parte hartzen uzten ez dion jendea txaloka daukat aurrean. Nazkatu egiten naute. Baina ezin diet beren eskizofrenia ikus dezaten eskatu ezkerreko militante eredugarriek euren posizioa baliatzen dutenean neskak erasotzeko.

Ez naiz egoera ulertzeko ahalegin larrietan hasiko, esplikazioa oso laburra baita: heteropatriarkatua.

Eta uztailaren erdira ez gara oraindik iritsi. Beste hilabete bi gelditzen zaizkigu ikusteko nola ezagutzen ez dituzten santuen izenean mozkortzen diren hainbat gizonek ezagutzen dituzten emakumeak martirizatzen dituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.