Amaia Cayero. ETBko kazetaria

«Saioan, ikusle bakoitzak bere arreta gunea topatuko du»

ETB1ek 'Ahoz aho' saioa estreinatuko du bihar (16:15). Cayerok zuzendu eta aurkeztuko du programa, eta Ilaski Serranoren eta Ruben Abalen laguntza izango du platoan.

urtzi urkizu
2016ko irailaren 11
00:00
Entzun
ETBko albistegietan 2006an hasi zen lanean Amaia Cayero (Gatika, Bizkaia, 1984). Aurreko denboraldian, Oinatz galduak dokumental saioa aurkeztu zuen. Orain, berriz, ETB1eko arratsaldetako gidaria izango da.

Gogotsu zaude saio berriarekin hasteko?

Bai, noski. Gogoa behar da denerako.

Azpimarra saioarekin alderatuta, zer antz eta zer ezberdintasun ditu Ahoz aho-k?

Saioaren izpirituari eutsiko zaio, eta antzekotasunak izango ditu. Forma aldetik aldaketak egingo dira. Iraupena mantenduta ere, bi zati izango ditu programak. Lehen partea informalagoa izango du, eta magazin itxura hartuko du, Ilaski Serranoren eskutik. Elkarrizketak eta orotariko atalak izango dira. Azpimarra-ko kolaboratzaile asko mantendu egingo ditugu.

Eta bigarren partean?

Informazioari eskainia izango da bigarren partea, eta hor egunak dakarrenari begira egongo gara erabat. Politikak leku gehiago izango du; solasaldi mahaia egongo da, eta eguneko gaiak xehatzen saiatuko gara. Erritmoa izango du: eguneko protagonistak entzungo ditugu, eta zuzeneko konexioak ere izango dira. Hala ere, ez da zerbait itxia izango. Lehen eta bigarren partearen artean, zubi lanak Sinadura atalak egingo ditu. Egunero, pertsona batek hausnarketa bat egingo du. Besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Joseba Urkiola, Garbiñe Ubeda eta Unai Brea ariko dira horretan. Aniztasuna izango dugu, programa aberasteko.

ETB2n aurrekontu handiagoa izango duen saio bat izango duzue lehiakide. Ez al zaio beti diru gehiago ematen gaztelaniazko kateari saioak egiteko?

Gu gureari begira egongo gara. Dugunarekin egingo dugu ahalik eta ondoen. Hori da gure filosofia. ETB1en alde egingo dugu lan.

Ikusleei zer transmititzen saiatuko zarete?

Informazioaz gain, gertutasuna. Ilaski Serranoren izaerarekin, gertutasuna bermatuta dago hasieratik. Serrano, Ruben Abal eta hirurok saiatuko gara jendea gurekin gustura gelditu dadin telebista aurrean. Ikusle bakoitzak topatuko du bere intereseko atala edo arreta gunea. Gure asmoa da jendeari interesatzen zaizkion gaiak lantzea. Gizarte gaiek eremu berezitua zango dute, eta alde praktikora eramango ditugu.

Astearte gauetan, programa berezia izango duzue. Azpimarra+ zenaren antzekoa izango da?

Bai. Sakonago helduko diogu aktualitateari eta datorrenari, adituekin. Hilaren 20an hasiko gara, eta hauteskunde inkesten datuak aztertuko ditugu. Hilaren 27an, alderdi politikoen erreakzioei begira jarriko gara. Gaueko saioaren ordutegia zein izango den ez dakigu oraindik.

Maddalen Iriarteren erreferentea hor gelditu da Azpimarra-n. Baduzu beldurrik Iriarterekin konparatuko ote zaituzten?

Konparazio hori saihestu ezina da, neurri batera arte. Ulertzekoa izango litzateke alderaketan galtzaile aterako banintz. Maddalen erreferente bat da euskal kazetaritzan: haren ibilbidea oparoa da. Ni, behintzat, saiatuko naiz %100 ematen. Gero ikusleek esango dute hori nahikoa den ala ez.

Iban Garate gaueko Gaur egun aurkezten hasi da.

Kristoren profesionala da Garate. Azpimarra-n ere erakutsi du, eta beste mila saiotan. Trebea da.

ETB1en ikusle datuak aipatzen dira tarteka. Datuak hobetzeko zer formula beharko litzateke?

Argi izan behar dugu ETB1ek zerbitzu publikoa izan behar duela. Ikusle datuak onak ez badira, ez dira gauzak goitik behera aldatu behar. Iparra argi izan behar dugu, eta jakin jendeari zer eskaini nahi diogun. Euskara hutsean ari garen kate publikoa izanda, ardura daukagu.

Nor nahiko zenuke elkarrizketatu denboraldi honetan?

Jende asko. Maddalen Iriarteri oso gustura egingo nioke elkarrizketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.