Zuhaitz Gurrutxaga. ETBko aurkezlea

«Kalean jasotako maitasunak betetzen nau gehien»

Berrobira (Gipuzkoa) joango dira gaur 'Herri txiki, infernu handi' saioan. Gabonetako kantu saioan eta Gabon Zaharreko kanpaikadetan ere Mikel Pagadirekin batera ariko da Gurrutxaga.

urtzi urkizu
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
ETBko lanez aparte, etorkizunean bakarrizketa berri bat idazteko asmoa du Zuhaitz Gurrutxagak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1980).

Herri txiki, infernu handi-ren hirugarren denboraldian zaudete, eta azkeneko asteetan datuak gorantz doaz: aurreko igandean %5,2ko ikusle kuota. Pozik egoteko arrazoiak badituzue, ezta?

Egia esan, bai. 50 saiotik gora eskaini ditugu jada, eta badirudi jendeak oraindik ere jarraitzen gaituela. Argi dago ikusle datuak garrantzitsuak direla telebistaren mundu honetan, baina pertsonalki kalean jasotzen dugun maitasunak betetzen nau gehien.

Herrietako jendea irribarrez ikusten da oholtza gainean botatzen dituzuen kontuekin. Nola izaten dira azken eguneko grabaketa horiek?

Ongi pasatzen dugun arren, tentsio pixka bat ere izaten dugu Mikel Pagadik eta biok egun horietan. Oholtzara igo eta barre eragiten asmatzea ez da inoiz lan erraza izaten. Kasu horretan, gainera, astero gidoi berri bat eraiki behar izaten dugu, tokian tokiko publikoari egokitua. Aldi bakoitzean ateraldiek funtzionatuko ote duten ala ez, dudak sortzen zaizkizu. Zorionez, herritarrak irri egiteko eta ongi pasatzeko jarrerarekin joaten dira beti emankizuna ikustera, eta horrek asko laguntzen du.

Herrietara iristeko modu bitxiak ari zarete erabiltzen. Horretan ere gidoilariek buruari bueltak ematen dizkiote, ezta?

Gero eta lan zailagoa dute gidoilariek. Hainbeste programa egin ostean, ez da erraza herrietara iristeko modu originalak aurkitzea.

Zenbaitek pentsatuko dute Pagadi eta zu herri batera iritsi, eta inprobisatu egiten duzuela, baina aldez aurretik produkzio lan handia dagoela esan izan du Luis Oiartzabal zuzendariak.

Lantalde bikaina daukagu zuzendaritzari, gidoigintzari, errealizazioari, edizioari, erredakzioari eta produkzioari dagokionez. Mikelek eta biok herrietara grabatzera joaterako, lotuak edukitzen ditugu bertako hainbat pertsona, baita gidoia bera ere. Segurtasun hori izateak lasaitasuna ematen du, ondoren inprobisatzeko tarteak hartzeko ere.

Saioaren arrakastaren erakusgarri, Gabonetako Herri txiki, kantari saioa grabatu duzue. Zer moduz joan da?

Lan exijentea izan da, baina emaitzarekin oso pozik gelditu gara. Gabon gauean ikusleek telebistaren aurrean momentu goxo bat pasatzeko aukera izango dutelakoan gaude.

2017ari ongi etorria emateko kanpaikadetan, berriz, zuzenean Zumaiatik (Gipuzkoa) ariko zarete. Aspaldi ez zituela ETBk kanpaikadak zuzenean ematen, ezta?

Hala da, aspaldiko partez zuzen zuzenean eskainiko dira Gabon Zahar gaueko kanpaikadak. Erronka handia bezain polita izango da lantalde guztiarentzat. Pagadi eta biok aldrebes samarrak garen arren, espero dugu hamabi kanpaikadak zuzen eta fundamentuz emateko gai izango garela.

Tarteka ordu txikietan Tumatxak zaharrak errepikatzen ditu ETBk. Ez al dizu pena ematen saio hura amaitu izana?

Nostalgiaz gogoratzen dut garai hura. Telebistarako nire lehen lana izan zen, hasiberri batek eduki ditzakeen zalantza eta beldur guztiekin. Hala ere, lan txukuna egin genuela iruditzen dut. Jendeak saioa preziatu zuela uste dut.

Ez al luke ETBk musikari lotutako saio bat izan beharko?

Musika zaletasun handia dago gurean. Beraz, formatuan asmatuz gero, litekeena da halako saio batek arrakasta izatea.

Futbolari ohia izanik, imajinatu al duzu zure burua inoiz futbol partidetako iritzi emaile lanak egiten?

Urte asko izan dira baloiaren inguruan, eta asko zor diot futbolari. Baina aukera izanez gero, orain nahiago nuke nire lanean beste gai batzuk jorratzea. Hala ere, nork daki etorkizunean...

Pagadirekin egingo al zenuke antzezlan bat?

Ongi pasatzen dugu elkarrekin. Behin baino gehiagotan aipatu dugu zerbait prestatu beharko genukeela biok antzokietan eskaini ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.