Frantziako espetxealdia aintzat hartuta askatuko dute Josu Garcia

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako kartzeletan dituzten presoei Frantziakoetan igaro duten denbora aintzat hartu, eta preso batzuk kaleratzen hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionala, Vocento taldeko egunkariek kaleratu duten informazioaren arabera. Egunerokoek «auzitegiko iturriak» aipatuta zabaldu dutenez, aurki kaleratuko du lehenengoa: Josu Garcia Corporales. Urteak dira ETAko kide izan zenak Langraiz bideari heldu ziola. Ordainetan, Arabako Zaballa espetxean dute aspaldian. Egunkariek kaleratu dutenez, beharrezko tramiteak eginak ditu, eta datozen egunetan aska dezakete.

Eta ez da arrazoi beragatik laster aska dezaketen preso bakarra. Beste hainbat presok beharrezko tramiteak martxan jarri dituztela adierazi du Vocento taldeak. Langraiz bideari eutsi dioten presoak dira aipatu dituenak. Iturri horien arabera, Idoia Lopez Riaño eta Carmen Gisasola izan daitezke aukera baliatzen hurrengoak. Rafa Caride eta Kepa Pikabea ere Auzitegi Nazionalaren erantzunaren zain daudela azaldu dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak martxoan hartutako erabaki bat dago kaleratzeen oinarrian. Joseba Urrusolo Sistiagak aurkeztutako helegite bati arrazoi eman zion Gorenak, partzialki, eta Frantzian egindako espetxealdia kontuan hartu behar zela ebatzi zuen. Hau da, presoa Espainiaratu aurretik Frantziak zigortua bazuen akusazio beragatik, Frantzian betetako espetxe urteak gutxitu behar zitzaizkiola Espainian bete beharreko kartzela urteetatik.

Irizpide horrek ez die Langraiz bideko presoei soilik eragingo. Espainiaratu aurretik Frantziako espetxeetan egonak diren eta damuaren bidea hartu ez dutenei ere eragin diezaieke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.