Eskoziako erreferendumari buruzko erreportajea, ETBko 'prime time'-an

Irailaren 15ean emango dute lehen katean 'Eskoziaren Erabakia', Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuta

Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea, ezkontza jantziarekin. Atzean, Jeff Watters, gidari izan duen eskoziar-bilbotarra. ETB.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Independentziari bai edo ez esango diote eskoziarrek irailaren 17an, eta, hango egoera ulertzen laguntzeko, Eskoziaren Erabakia dokumentala emango dute ETBn bozen atarian. Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea (Hizka Mizka lehiaketa, Tumatxak musika saioa) ibili da Eskozian, eta herrialdea zertan den azaltzen saiatuko da, baina ez soilik ikuspegi politikotik, baita kultura, hizkuntza, kirol eta, oro har, nortasun aldetik.

«Nahasketa egin nahi genuen», dio Izaskun Rodriguez erreportajearen zuzendariak. Erreferendumera heltzeko prozesua nolakoa izan den erakutsi nahi izan du, baina baita eskoziarren eta han bizi diren euskal herritarren lekukotasunak jaso, eta Eskozia zein eskoziarrak nolakoak diren erakutsi. Orain arte, besteak beste, Objetivo Euskadi, Bertatik Bertara eta 60 minutos saioetan aritu da lanean Rodriguez. «Eskoziako gizartea urteotan nola garatu den erakutsi nahi dugu, eta eskoziarrak zein ezberdinak diren politikoki eta sozialki, ingelesen aldean».

Gaelikoaren egoera ere mintzagai izango dute. Erreportajearen euskarazko bertsioak 40 minutukoa da, eta irailaren 15ean emago dute ETB1en. Gaztelerazkoa luzeagoa da —60 minutukoa—, eta 17an emango dute ETB2n. Lau hilabetez landu dute erreportajea. Zazpi egunez grabatu dute Eskozian, eta, klixeak klixe, bakarrik egun batean egin zien euri.

Gurrutxaga eta Watters

Jeff Watersek ikus-entzunezkoen munduan lan egiten du. Eskoziako mendialdean —Highlandetan— jaio zen, 1945. ean. Zinemaldirako etorri zen duela urte asko, eta Euskal Herrian geratzea erabaki zuen «Eskozia tropikal bat» zela iruditu zitzaiolako. Bilbon bizi da duela 20 bat urte, itzulpengintzara eta bikoizketara dedikatuta.

«Euskaldunei Eskozia erakusteko behar den tresneria guztia banuela —kilta, poltsatxoa eta galtzerdiak, alegia— eta erreportajean laguntzeko prest nengoela esan nion Izaskun Rodriguezi», dio Wattersek. «Gurrutxagari alokatu egin zioten arropa han, eta berak ezkontza jantzi bat eskatu zuen». Historia, kultura eta turismo lekuetara joan da Watters Gurrutxaga, eta erreportariekin eta «Euskal Herriko herri kirolak eta antzekoak diren jokoetara». Berak erabakiz gero, ordea, Eskoziako ontziolak ikustera eramango lituzke kazetariak, «hemengoekin gertaturiko berberbera jasan zutelako». Ezezkoaren alde bozkatuko luke Wattersek, han erroldatuta balego eta botoa emateko eskubidea balu. «Ez dut uste Eskozia independentea bideragarria denik ekonomia aldetik».

Hainbat eskoziarren eta han bizi diren euskal herritarren iritziak jaso dituzte. Han 20 urtez bizi izan den Nerea Bellorekin hitz egin dute, esaterako, eta ikastera heldu berria den Luis Mendizabalekin. Pena du Rodriguezek ezinezkoa izan duela Better Together kanpainiako inoren adierazpenak lortzea. Eskozia Erresuma Batuan jarraitzearen aldekoek ez diote erantzun hilabete luzez egindako eskaerei.

«Hasieratik txunditu nau britainiarrek zelako errespetua dioten demokraziari», dio Rodriguezek. «Hango politikariek pentsatzen dute herriari entzun egin behar diotela: independentziaren aldekoek bozak irabazi badituzte, jakin behar da zergatik», dio. 17an jakingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.