Egunez egun, mendez mende, Filosofiaren defentsan

Imanol Oiartzabal Arano
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Kristo aurretik VI. mendean pentsalari batzuek munduaren izaera kaotikoaren ustea alde batera utzi eta kosmosaren izaera ulergarria aldarrikatu zutenetik (filosofia eta zientziaren jaiotzatik hain zuzen) pentsamendu kritiko eta arrazionalaren aldeko etengabeko gudak historiaren garapenean aurrera egin du egunez egun, mendez mende. Batzuetan aldeko baldintzak izan ditu mugimendu honek, besteetan, aldiz, borroka traketsa, gogorra eta odoltsua ere izan da. Hau guztia pentsamenduaren historia apur bat ikasi duenak jakina du noski, baina askoren ustetan borroka hori desagertu den arren, azken urteetan gatazka hori ez da itzali; bai, ordea, itxuraz aldatu.

Urriaren 28an REF Espainiako Filosofia Sareak komunikatu bat atera zuen, aurreko legealdian adostu zenaren aurka, espainiar gobernuak eskoletako filosofia ziklo osoa (DBH 4. mailako Etika ikasgaia, batxilergoko lehen kurtsoko Filosofia eta bigarren kurtsoko Filosofiaren Historia ikasgaiak) desegiteko asmoa zuela salatuz. Ordutik, estatu espainiarreko zein Euskal Herriko talde anitz, filosofia elkarte zein banako ugarik hau salatzeko ahalegina egin dugu. Hari horri jarraituz eta oihu egiteko asmoz, enegarren aldiz gatoz filosofiaren defentsan.

Sokrates handiaren bidea jarraituz, umiltasun epistemologikoa eta oinarrizko galderak irizpide, zergatik sortzen du hainbeste sinpatia filosofiak? Zergatik hartzen dugu hain garrantzitsutzat ikasgai hau? Zergatik ikusten dugu hain derrigorrezko bere espazioa izatea hezkuntza sisteman? Erantzun sakon eta argudio sendoagoak izango diren arren, jarraian idazten ditut laburki ustez denok onartu beharko genituzkeen batzuk: Filosofiako ikasgaian zalantza eta hausnarketa ez dira super-irakasle moderno eta abangoardista batek sortu ditzaken gaitasunak (sarritan hori espero den arren), ikasgaiak berak errotik dituen ezaugarriak baizik. Eztabaida arrazoitua zein pentsamendu kritikoa beharrezko ikusten ditugun gizartean, ikasgai honek du ikasle bakoitzak horiek plazaratu eta garatzeko espazioa. Irakasten diren edukiak berak hausnarketa objektu dira, eta, irakasleak esandakoari amen egin beharrean, honek esandakoa ere zalantzan jartzen ikasten da. Aspaldian asko entzuten ditugun fake-news eta zaratak gogor astindutako eguneroko kaos garaikidean, pertsona orok gaitasun hauek izatea premiazkoa dela onartuko duzuelakoan nago.

Baina gizarteko esparru denetan bezala, hezkuntza sistemak ere ekonomia eta errentagarritasuna eredu hartu ditu. Bizitzaren beste mila aspektu alboratuak geratzen dira, bigarren mailako arazo balira bezala. Lehenengo garapen ekonomikoa, eta ondoren beste guztia, logika kapitalistaren oinarria (zientziaren eraketak ere barneratu duena) gure bizitzako arlo guztien paradigma da. Enigma, ordea, ez dago ebatzia. «Inoiz egon den gobernu aurrerakoienak» aurrez adostutako filosofia orduak murriztea erabaki du, isilpean gainera, beste gauza batzuetarako erabiltzen dituen bozgorailuetatik urrun, badaezpada. Ez dadila inor ohartu agian izen hori handitxo geratzen zaiela. Filosofiaren alde egiten dugunok, ordea, badakigu dena ezin dela logika horretara murriztu, arrazionaltasun teknologikoak ezin dituela gure existentziaren hutsuneak bete, ezta inperfekzioak makilatu ere.

Hezkuntzak zerbait gehiago behar luke izan: ikasleak lan merkaturako prestatzeaz gain, euren kabuz pentsatzen, hausnartzen eta eztabaidatzen ikasteko lekua behar luke. Produktore eta kontsumitzaile izateaz gain, zerbait gehiago ere bagarelako. Zer garen, nor garen, non garen, nola garen edo zertarako garen, filosofiako ikasgaian ikertu eta arakatu ditzakegun galdera eta erantzunak dira.

Hasieran aipatutako borrokara itzuliz, garaiak aldatuz doaz, baina beti izango dira paganoak, sorginak eta herejeak. Pentsamendu eta hausnarketa kritikoa giza izatearen ezinbesteko alderdi bat dela pentsatzen dugunok beti egingo dugu filosofiaren eta honek ematen dizkigun baliabideen alde, etsaia etagaraia edozein direlarik, egunez egun, mendez mende.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.