Beaumont: «Suhiltzaileen zerbitzua desagertzeko bidean utzi zuen UPNk»

Kontseilariak «eredugarri» jo du azken asteotako dimisioen kudeaketa. Suhiltzaileen lan eskaintza publiko berria hil honetan aurkeztuko dute

Maria Jose Beaumont, agerraldi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Zenbait hedabidek Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko barne gatazkak haizatu zituztenetik, isilik egon da Maria Jose Beaumont Barne kontseilaria. «Mezu apokaliptikoen aurrean», nahiago izan du zuhur jokatu. Orain arte. UPN eta PSN taldeek deituta, agerraldia egin zuen atzo kontseilariak Nafarroako Legebiltzarrean, suhiltzaileen zerbitzuko hiru zuzendariren dimisioa azaltzeko. Eta dimisioa azaldu zuen, bai, baina aukera baliatu zuen egoeraren testuinguru osoa ere zurian beltz jartzeko, eta aurreko gobernuak suhiltzaileen zerbitzuan utzitako «ondare astuna» xehe-xehe aletzeko.

Ongi prestatu zuen agerraldia Beaumontek. Victor Rubio jarduneko suhiltzaile buruarekin batera agertu zen batzordera —hedabide kontserbadoreek aipatutako «ezinikusiak» gezurtatuz—, eta datu ugariz jantzi zuen bere hitzaldia. Rubioren eta beste zerbitzuburuen dimisioa «erantzukizun erakustaldia» izan dela nabarmendu zuen, eta gaineratu zuen Nafarroako Gobernuak prozesu osoa «modu eredugarrian» kudeatu duela: «Egun gutxiren buruan eta gardentasun osoz lotu dugu erreleboa».

Halaber, esan zuen harrituta dagoela oposizioak sortutako kalapitarengatik. «Iraganean, askotan gertatu dira halako dimisioak, eta inoiz ez da polemikarik sortu. Existitzen ez diren arazoak asmatu dituzte batzuek, mezu katastrofistak hedatu ahal izateko».

Zerbitzuaren egoerari dagokionez, Beaumontek ezinbestekotzat jo zuen antolakuntza, azpiegiturak eta suhiltzaileen lan baldintzak berriz aztertzea, eta zalantzan jarri zituen UPNren garaian eginiko inbertsioak. «Kudeaketa tamalgarria egin zuen aurreko gobernuak. Sei milioi euroko aurrekontua onartu zuen Cordovillako suhiltzaile parkea eraikitzeko, baina %18 gehiago ordaindu zuen, eta, proiektuan heliportu bat eraikitzea aurreikusia zegoen arren, inoiz ez zen halakorik egin. Hori guztia ikertzen ari gara orain, erantzukizuna norena den zehazteko».

Azken hiru urteetan lan eskaintza publikorik egin ez izana ere leporatu zion UPNri kontseilariak, eta azpimarratu zuen erabaki horiek zerbitzu publikoa «desagertzeko bidean» jarri zutela: «Eginiko okerrak zuzentzen ari gara; aurreko gobernuak ezarritako norabideari eutsi izan bagenio, orain suhiltzaile zerbitzurik ez genukeelako izanen».

Lan deialdi berria

Gaur egun, 347 suhiltzailek osatzen dute «operazio zerbitzua», eta kopuru hori «segurtasun arauek ezartzen duten gutxienekotik urrun» dagoela adierazi zuten departamentuko buruek atzoko saioan. Gogoratu zuten, oinarrizko zerbitzu hori bermatze aldera, 388 suhiltzaile beharko liratekeela. Helburu horrekin, lan eskaintza publiko berria prestatzen ari da gobernua. Deialdia ekainean eginen dutela esan zuen Beaumontek, baina ez zuen lanpostu kopurua zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.