Iranek ez du bonba nuklearrik garatu urteotan, IAEAren arabera

2015eko akordioa gainbegiratzeaz arduratzen den erakundeak ez du zantzurik aurkitu. Teheranek «propagandatzat» jo ditu akusazioak

Netanyahu, herenegun, ustezko frogak aurkezten. JIM HOLLANDER / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hilaren 12ra arteko epemuga eman die Txinari, Frantziari, Errusiari, Erresuma Batuari eta Alemaniari 2015ean sinatu zuten Irango akordio nuklearra «gogortzeko». Hala egin ezean,AEBak akordiotik aterako lirateke, eta Teheranen aurkako zigor ekonomikoak berriz ezarriko lituzke Trumpek, hain justu akordioari esker kendutakoak. Hamar egun falta dira data horretarako, eta, egunotan, Iranen aurkako akusazioak areagotu egin dira, urteotan bere programa nuklearrari eutsi diola diotenak.

Israelek egin zituen azken akusazioak, herenegun: Benjamin Netanyahu lehen ministroak aurkezpen erraldoi bat egin zuen, ingelesez —AEBei eta amerikarrei mintzo zitzaien gehienbat—, eta adierazi zuen Iranek programa nuklear «sekretu bat» duela frogatzen duten «zantzuak» dituela. «Iranek gezurra esan du, eta IAEA [Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentzia] engainatu du urteotan», kritikatu zuen Netanyahuk. Bada, 2015eko akordioa gainbegiratzen duen erakunde horrek Israelgo lehen ministroari erantzun zion atzo, komunikatu baten bidez, eta zorrotz aritu zen: «Agentziak informazio egoki guztia aztertzen du [...] eta ez du zantzu sinesgarririk frogatzen duenik Iranek bonba nuklear bat garatzeko aktibitaterik izan duela 2009az geroztik». Hau da, gogorarazi zuen Teheranek urte horretan utzi ziola programa nuklearra garatzeari.

Netanyahuk herenegun zabaldutako informazioak ez duela berritasunik eman adierazi zuten atzo hainbat adituk, eta litekeena da Trumpek akordio nuklearrari buruz hartu behar duen erabakiari begira egindako diskurtso bat izatea. Gainera, ustezko salaketa hori bi bileraren ostean egin zuen Netanyahuk: batetik, Israelgo lehen ministroa Trumpekin mintzatu zen igandean Ekialde Hurbileko «mehatxuez», batez ere Iranek eskualdean izan duen hedapen militarraz, Etxe Zuriak jakinarazi zuenez; bestetik, Netanyahuk egun berean jaso zuen Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren bisita. Honako hau adierazi zuen Pompeok: «Borroka honetan Israelekin gaude. Iranen anbizio gaiztoei aurre egiteko, beharrezkoa da aliatu sendoen arteko lankidetza estua».

Pompeo bera Israelgo lehen ministroaren tesiarekin lerrokatu zen atzo ere, Iranek IAEAri «behin eta berriz» gezurra esan diolakoan. «Dokumentuak egiazkoak dira, eta horrek esan nahi du 2015eko akordioa oinarri faltsuetan adostu zela». Ikusteko dago Trumpek IAEAren iritzia kontuan hartuko duen, baina Netanyahuren azken diskurtsoak bidea ireki dio 2015eko akordioa uzteko erabakiari.

Adierazpen «lotsagarriak»

Alde batean Israel eta AEBak lerrokatu dira, eta bestean kokatu dute beren burua Iranek, Errusiak eta EB Europako Batasunak, 2015eko akordioa defendatzeko. Alde horretatik ere, erreakzioak askotarikoak izan ziren atzo, baina denek jarri zuten zalantzan Netanyahuk esandakoa. Irango Atzerri Ministerioaren eledun Bahram Ghasemik, esaterako, gogorarazi zuen bere herrialdearen programa nuklearrak herritarren egunerokoa «hobetzea» duela helburu, ez bonba nuklearrak garatzea. «Akusazioak lotsagarriak dira, propaganda dira», laburbildu zuen atzo, prentsaren aurrean. Haren ostean mintzatu zen Amir Hatami Defentsa ministroa: «Bide horretatik jarraituz gero, Iranek gogor erantzungo du».

IAEAk 2015ean argitaratutako txostenaren arabera, aurreko urteetan Iranek ez zuen aurrerapauso nabarmenik eman «lehergailu nuklearrak garatzeko programan», eta ikerketa zientifiko eta gaitasun teknikoetara mugatu zen; aurrerapauso horiek egin ostean adostu zuen akordioa. IAEA Nazio Batuen Erakundearen parte da, eta nazioartean sinesgarritasun handia du gai horien inguruan; horregatik, Irango akordio nuklearra adostu zuten herrialdeek harengana jotzen dute arazorik edo zalantzarik badute. Hala egin zuen atzo EBren atzerri politikarako buru Federica Mogherinik, erakundearen sinesgarritasunari eutsiz: «[IAEAk] hamar txosten argitaratu ditu ziurtatzen dutenak Iran bere konpromisoak betetzen ari dela. Nazioarteko erakunde inpartzial bakarra da konpromiso horiek aztertzeaz arduratzen dena». Eszeptizismoz beteriko hitzak izan ziren, Israelgo lehen ministroari begira.

Errusiak ere bide berari eutsi zion gaiaz mintzatzean, eta zuhur aritu zen nazioarteko erakundeetarako herrialdearen ordezkari Mikhail Ulianov: «Ez dugu deitu behar IAEAren batzordeko bilerara; ez dago arrazoirik. Horren aurretik, 100.000 dokumentu horiek aztertu behar dira, egiazkoak ote diren argitzeko». Gainontzeko herrialdeek, Erresuma Batuak, Alemaniak eta Frantziak, Irango akordio nuklearra defendatzeko konpromisoa hartu zuten aurreko astean, nahiz eta Alemaniako kantziler Angela Merkelek eta Frantziako presidente Emmanuel Macronek akordioa berriz negoziatzeko atea ireki zuten Trumpen aurrean.

Oraingoz, Londresek, Berlinek eta Parisek Netanyahuren gonbita onartu dute, eta Tel Avivera bidaliko dituzte hiruna ordezkaritza, frogak egiazkoak diren argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.