Donostiako 82. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Musika

«Honek ez du batere hunkitzen»

2021eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa

Zuzendaria: Gustavo Gimeno. Pianoa: Yuja Wang. Egitaraua: W. A. Mozarten Pianorako 20. kontzertua (KV466) eta L. V. Beethovenen 5. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Abuztuak 2.

Gustavo Gimeno zuzendariak prentsaurrekoan aditzera eman zuenez, berak eta Yuja Wang pianistak jada 30 kontzertu baino gehiago eman dituzte elkarrekin. Astelehenekoa euren bigarren saioa izan zen Musika Hamabostaldian, elkar-ezagutza eta konplizitatea borborrean dauden horietakoa.

Herbert Glass kritikariak dio konpositore erromantikoek, orokorrean, egiaz ez zutela W. A. Mozarten musika estimatzen, inozotzat eta adeitsutzat jotzen baitzuten, euren mundu ikuskera ez zuen islatzen. Baina, antza, Pianorako 20. kontzertua bereziki maite zuten —Beethovenek barne—, hain justu, partituraren asaldurak Salzburgoko jenioaren izaera jostalari eta alaia nolabait estali egiten duelako. Iazko Hamabostaldian ere entzun ahal izan genuen Javier Perianesen eskuetan, baina Wangen interpretazioa unibertso arras desberdinean kokatzen da. Astindura eta zirrara izan ziren nagusi Allegro-an, lirikotasuna eta indarra Romanza-n, doitasun basatia Rondo-an. Teknika aparta eta presentzia liluragarria, baita bisa izan zen Mozarten Martxa turkiarra-ren gainean egin zituen bariazio birtuoso eta argiak ere.

Bigarren zatia orkestraren handitasunaz gozatzeko aukera izan zen. Ludwig van Beethovenen 5. Sinfonia entzutetsuan sekzio guztiak agertu ziren distiratsu —bereziki metalak, inguruan entzun ohi ez dugun leuntasunaz jantzita—, dinamiketan eta koloreetan aberats; Gimenori, bere aldetik, keinu malgu, zehatz eta oparoak, adimenak eta gustu onak gidatutako karisma zerion. Lehen kalderoia alde batera utzi eta Allegro con brio-aren gaia hegaldi zelatarian zabaldu zen Kursaalean, eta azken Allegro-aren koda eta kadentzia biziak eztanda garailea izan ziren.

Garai hartako beste hainbat konpositoreren antzera, Beethovenek miretsi egiten zuen J. W. Goethe, eta honek estimua zion konpositoreari, gozakaiztzat bazuen ere. Haren 5. Sinfonia entzun ostean, honako hau idatzi omen zuen: «Honek ez du batere hunkitzen, eragiten duen gauza bakarra txundidura da; sekulakoa da!». Oraindik ere bada, eta izan zen Kursaalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.