UDAKO SERIEA. Kixoteri bisitan (III). Zaldun ehizan.

Beltz ere baden zuria

Ironia da Kixoteren gaurkotasunaren gako nagusietariko bat. Lur onak dira horregatik Mantxakoak oraindik ere Kixoteak harrapatzeko, eta Euskal Herriraino ere heltzen dira zaldunaren arrastoak.

MAITE MUTUBERRIA.
Inigo Astiz
Campo de Criptana-Mota del Cuervo- Puerto Lapice
2016ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Kazetaria zara? Uste nuen zu ere pokemon bila etorri zinela». Campo de Criptanako mendilerroko haize errota ikusgarrien artean, haizeari adi dago Pablo Cardes: kometa laranja bat aireratu nahi du. «Goizean ere izan naiz hemen, eta oso haize ona zegoen, baina, orain, zoro samar dabil, eta ez da erraza. Gazte pilo bat etorri da egunotan sakelako telefonoarekin, eta horregatik esan dizut. Uste dut errota bakoitzean bideo jokorako zerbait dagoela». Albiste izan da asteotan. Merkaturatu zutenetik, milioika jokalari lortu ditu sakelako telefonoetarako Pokemon Go bideo jokoak, eta Mantxara ere heldu da moda. Telefonoak bidalitako datuei esker, jokalaria non dagoen jakin dezake jokoak, eta kaleak jolastoki bilakatzen ditu horrek. Pantailak lotzen ditu mundu erreala eta mundu birtuala: munduko edozein txokotan barreiatuta egon daitezke pokemon izeneko munstrotxo horiek, eta haien bila joan behar dute jokalariek. Oinez. Bertaraino. Benetako leku horietara joanez soilik harrapatu ahalko dituzte izaki birtual horiek. «Ño, motel, hamar hil dituk eta!». Errotatik errotara dabil mutiko talde bat sakelako telefono banarekin. Begiratzen diete errotei, eta buztanetik tximistak botatzen dituzten katu itxurako izakiak ikusten dituzte. Hau da Mantxa. Erraldoiak ikusi zituen hemen Kixotek orain lau mende. Hemen gurutzatzen dira fikzioa eta errealitatea. Lur onak Kixote ehizarako.

MUSKER-KIXOTEA

Geometriaren lurra da hau. Soro lautada idorrak ezkerretara eta soro lautada idorrak eskuinetara: malda batzugatik ez balitz, lerro zuzen perfektua litzateke Belmonte herritik Mota del Cuervo herriko errotetarainoko 17 kilometroko errepidea. 40 graduko tenperaturan, eguzki galdatan, motxila sorta soinean, oinez doa Juan. 50 urte inguru. Kaskazuri ilez, beltzarana azalez, argala aurpegiz. Kixote bat dirudi urrunetik. Kixote bat da gertutik. «Nahi duzu norabait eramatea?». Igo da. Usainak eman du lehen pista, eta etengabeko tik urduriak etorri dira gero. Etxegabea da; hori berehala kontatu du. Buruko arazoak ditu; hori ez du esan beharrik izan. «Lorcakoa naiz, txo, baina joan egin nintzen handik, denak direlako hiltzaile batzuk han. Nire amak etxe bat alokatu zidan, baina esan nion urgentziaz beste etxe bat topatu behar zidala, eta, egin ez duenez, erabaki dut kalera atera eta lau urtez kalean bizitzea. Munduko animaliarik okerrenak arratoiak dira. Bizi nintzen lekuan arratoiak zeuden. Suitzan egon naiz. Handik oinez etorri naiz, hiru hilabete behar izan ditut, txo; behatz lodiko azazkala erori zait bidean. Ostia, ez dakizu zer min egiten duen. Beste bidaia batean beste hankakoa erori zitzaidan, baina nik uste dut muskerren modukoa naizela, txo, ze berriz sortzen zaizkit». Ez du helmugarik, baina geratzen zaizkion hortz urriak erakusten dituen irribarre zabalaz eskertu du bidaia tartea autoz. Lehen Kixotea, beraz, erreala; literaturak leundutako ertzik gabea. Azken galdera bat agurtu baino lehen: «Hainbeste ibiltzen zara zu oinez; zein dira zapatarik onenak?». Zalantzarik gabe eta kolpean erantzuna: «Adidas».

KIXOTE ZURI-BELTZA

Jordi Gracia idazleak dioenez, galtzaile baten garaipena da Kixote. Izan ere, 50 urteko idazle pobre bat baino ez zen Cervantes liburua pentsatzen hasi zenean. Galtzaile bat. Lepantoko batailaz geroztik, txikitua zuen ezker eskua; Aljerren bost urtez preso egona zen, ezagun zituen Espainiako kartzelak ere, jokoan galdu zituen nekez irabazitako sos gutxiak, eta ezin urriagoak ziren jadanik nobleen gorteetara idazle sartzeko zituen aukerak. Baina hortxe piztu zitzaion jenialtasuna. Gracia: «Jada ezerk garrantzi handirik ez zuenean, eta ez berak eta ez beste inork hartaz ezer espero ez zutenean, Cervantesek bere garairako eta baita kasik gure garairako ere asmaezina eta ezinezkoa den kontakizun bat asmatu zuen». Ironia da gakoa. Izan ere, ironia jarri zuen bere lanaren erdigunean Cervantesek, eta, hain zuzen, ironiaren konkista hori da, Graciaren hitzetan, Kixoteren lorpen nagusia. Horrek bilakatzen du orduko lan hura gaur egungo. Cervantesen kontakizunean jada ezerk ez baitu edo zuri edo beltz izan beharrik; Kixoterekin aldi berean izan daitezkeelako gauzak zuri eta beltz. Aldi berean zaldun eta zoro. Aldi berean fikzio eta errealitate. Aldi berean errota eta erraldoi. Berria zen hori, eta hemen gertatu zen.

HAIZE-KIXOTEA

Zalantzarik ez: errotena da liburuko abenturarik ezagunena. «Begira han, Santxo Pantza lagun, non ageri den hogeitamar bat erraldoitzar; beraiekin borrokan egin behar diat eta guztiei bizia kendu, eta haien hondakinak direla bide, aberasten hasiko gaituk». Ziztuan jartzen du zaldia Kixotek, erasotzen die erraldoiei, eta lehen kolpean botatzen dute lurrera errotek. Ezin zehaztu non, ordea, gertaeraren kokapenari buruzko zehaztasunik ez duelako ematen Cervantesek liburuan. «Zelai hartan» izan zela dio Gabriel Arestiren itzulpenak, eta «harako landa haretan» izan zela Eneko Iñarrondorenak. Akaso, Mota del Cuervokoa da leku hori; akaso, Campo de Criptanakoa, edo inongoa ere ez. Baina galdetu herriotako edozeinetan, eta erantzun bera jasoko duzu denetan: «Hemen izan zen». Eta baliteke hala izatea; Kixote berdin izatea hemengo zein hango. Kixote haize izatea, alegia.

EUSKO-KIXOTEA

Euskal Herriraino luzatzen du Kixoteren arrastoa Pruden Gartzia ikerlariak. Hemen izan zela dio berak ere. Kixoteren hazia Euskal Herrian egon daitekeela iradokitzen du, behintzat, Lazarraga. Ernazimendua euskaraz liburuan. Eta izen propio bat du haren hipotesiak: Juan Perez Lazarraga. Gebara etxe garrantzitsuko ondasun guztien administratzailea. Larraintzarrera ezkondu, eta, geroztik, Larraintzargo jaun ere izendatua. Postu esanguratsuko gizona Juan Perez Lazarraga. Izeneko gizona Juan Perez Lazarraga. Baina zergatik aipatzen du Gartziak gizon hori bere lanean? Bada, 1588ko Lazarragaren genealogia liburutik hitzez hitz erreskatatzen duen ondorengo pasarte honengatik: «Armatu eta Gasteizera joan ohi zen, jineta eta lantza batekin, adargarekin, eta kalean korrika ibiltzen zen 'Santiago, Santiago' oihukatzen, edo 'Calleja, Calleja' bestela». Zoro zegoelako, alegia. Kixote baten antzera zebilelako, Kixote pertsonaia sortu baino lehen. Eta horregatik ikerlariaren hipotesia. Gartziaren arabera, balitekeelako Cervantesek Larraintzargo jaunaren zoramenaren berri jaso izana, eta zoramen hori inspirazio iturritzat erabili izana. Litekeena delako, baina kito. Gartziak ere ez du ziurtasunik aurkezten liburuan, eta aukera gisa baino ez du planteatzen Kixoteren euskal jatorria. Egiaren eta fikzioaren arteko puntu lauso horretan. Baina berak ere hemen.

KIXOTE 2.0

2016ko uda. Beste Kixote garaikide bat. Jose Ramon Gandara. 30 urte. Ospitale psikiatriko bateko segurtasun zaindari lanetan aritzen zen, baina On Kixote irakurtzeak bizitza aldatu zion. Erreta zegoen. Nazkatuta. Horregatik erabaki zuen egun batez lana utzi eta Cervantesek deskribatutako lurretara joatea. Etortzea. Nagusiarengana joan, eta hor hasi zen abentura. «Tori zure 1.400 euroak, ez ditut nahi». Etxean metal puska batzuk moztu, armadura bat egin, ezpata bat lortu, eta Kixotez jantzita ibili da Mantxako lautadetan. Bi astez, entsalada ontzi bat izan du kasko, zerbitzari erretilu bat ezkutu, eta zerua teilatu. Kixote itxurako bat Kixoteren lurretan. Aurrez ere egin zuen bidaia bera, baina aurten izan da Kixotez jantzita lehenengoz. «Herriotako kaleetan nenbilela, nire armaduraren dilina entzuten eta nire ezpataren burua saihetsetan ez iltzatzeko borrokan, benetan beste garai bateko zaldun bat nintzela ere sentitu dut. Dirurik gabe munduaren jabe, eta zoriak aurrean jarritako edozein oker zuzentzeko gai. Hori izan da inoiz baino Kixoteago sentitu naizen unea». Interneteko www.instagram.com/traslospasosdelquijote orrian jarri ditu bidaiako irudiak, eta sare sozialetan kontatu ditu abenturak. Uztaila eman du horretan. Kixote irakurtzen. Kixote gurutzatzen. Kixote sentitzen. Kixote izaten. Aski Kixote bai, behintzat, XXI. mendeko edozein Kixote ehiztarirentzat.

ACACH-KIXOTEA

Akats ageriko-ageriko bat zeukan Cervantesen liburuak garai hartako literatur irizpideentzat: dibertigarria zen. Eta bekatu bilakatu zitzaion bertutea. Entretenimendu hutsezko liburutzat irakurri zuten orduko irakurleek, eta, horrexegatik beragatik, liburu serioei eskaintzen zieten arreta baino nabarmen arreta txikiagoa eskaini zioten. Beste argitalpenekin eman baino denbora gutxiago eman zuten Kixoterekin inprentako langileek, esaterako. Akats ortografiko eta tipografikoz beteta daude horren ondorioz 1605eko eta 1615eko lehen edizioak. Akatxak, akastsak eta acatsak alde guztietan. Utzikeria hutsez. Zergatik eta liburua dibertigarria zelako. Dibertigarria delako. Baina Cervantesek ere badu bere erru dosia. Azken unera arte aritu zen bere lanari txatalak gehitu, kapitulu aldaketak proposatu eta moldaketak egiten. Kaos horregatik agertzen eta desagertzen zaio astoa hankartetik Santxo Pantza ezkutariari lehen liburuan. Azalpen eta logikarik gabe. Eta kaos horregatik bilakatzen da kixoteskoa bigarren liburuko egutegia. Zeren eta badoa Kixote atseden hartzera udan, pasatzen da hilabete, eta udaberria da kolpean. Desordena, kaosa eta okerrak nonahi. Eta, halere, maisulan.

EURO-KIXOTEA

«Klasikoetan klasikoena da Kixotea, baina asmo erabat praktiko batekin idatzi zen: irakurle kopuru ahalik eta handiena entretenitu eta horren ondorioz egileak guztiz beharrezko zuen diru kopuru handi bat lortzea». Denborarekin, irauli egin da On Kixote-ren interpretazioa. Pilatu egin dira liburuari buruzko ikerketa eta hipotesi filosofikoak, eta horregatik sentitu zuen Simon Leys literatur kritikariak Kixote entretenimendu liburu bat ere bazela gogoratzeko beharra The Hall of Uselesness liburuan. Horregatik idazlearen azken helburua nabarmendu behar hori: diru kopuru handi bat lortzearena.

Kixote eta Santxoren irudidun hautsontzia: 10,70€. Kixote eta Santxoren silueta duen giltzak zintzilikatzeko euskarria: 6,70€. Kixote eta Santxoren irudidun botilak irekitzekoa: 36,70€... Omnipresentea da Kixoteren figura Puerto Lapice herriko Venta Quijote jatetxeko oroigarri dendan. Ezinbestekoa da geldialdia turista talde handientzat: Kixote zaldun izendatu zuteneko benta irudikatzen duXVII. mende itxurako eraikinak, jatetxe handia du gerizpeko terrazarekin, Cervantesen liburuaren edizio ilustratuei eskainitako erakusketa areto bat dauka, eta autobusentzako aparkaleku zabala. Ezinbestean, erraldoia da haren oroigarri denda ere.Kixoteren biserak, kamisetak, sukaldeko paperarentzakoeuskarriak, euliak hiltzeko erraketa elektrikoak, itsasgarriak, portzelanazko figuratxoak... Kixoteren irudiarekin lotutako edozer eros dezake bisitariak hemen. Edozer, Kixoteren liburuak izan ezik.

Frogatuta: bete-betean heldu da Cervantes XXI. mendera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.