UDAKO SERIEA. Kixoteri bisitan (eta VI). Azken festa.

Tinta orbaineko ostertzak

Kixoteren lehen liburutik saiatu zen Cervantes fikzioaren eta errealitatearen arteko muga lausotzen, baina bigarrenean eraman zuen muturrera jolasa, eta orain ere Mantxan nahasian doaz maiz bi errealitateak.

MAITE MUTUBERRIA.
Inigo Astiz
Villanueva de los Infantes- Munera
2016ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Begiratzen duzun norabidean begiratzen duzula, hemen dena da ostertza. Poliki doa traktore bat lautada idorreko bide bazterrean aurrera, adibidez, eta hauts hodei erraldoi bat sortu du errepidean hark altxatutako lurrak. Lanbroa dirudi. Segundo batez, 38 graduko tenperaturan, zeru argitan, argiak piztu dituzte autoek hura gurutzatzeko. Hauek absolutuaren eta infinituaren lurrak direla idatzi zuen Claudio Magris idazleak, eta arrazoi du. Puerto Lapice. Argamasilla de Alba. Campo de Criptana. Villanueva de los Infantes. Munera. Sierra Morena. Toboso... Hemen dago Cervantesek bere eleberrian aipatu gabe utzitako herria, eta, aldi berean, ez dago hemen. Lurrak bezainbeste irudikatzen dute liburuek hemen paisaia. Fikzioaren eta errealitatearen arteko bidegurutzea da hau, eta, horregatik, tintaz orbaindutako ostertzaren bila dabil hemen Kixoteren bila dabilena.

«Eszeptikoa naiz ni». 55 urte inguru. Kazetari aritutakoa. Adats labur zuria gominaz atzerantz orraztuta. Barea da Juan Ignacio Santosen hizketa Villanueva de los Infantes herriko bere etxeko patio estalian. Ohituta dago bisitetara. On Kixote-ren pertsonaietariko baten etxean bizi da, edo hori diote adituek behintzat, nahiz eta berak ez duen kezka handirik. «Ni ez naiz polemika horietan sartzen. Ez dakit hala den edo ez den, baina guri hori kontatu digute txiki-txikitatik; beti esan digute hau dela Longain Orlegiko zaldunaren etxea». Atril bateraino laguntzen du bisitaria; On Kixote-ren 1931ko edizio bat du bertan zabalik. «Hemen hasi zen dena», dio. «Edizio horretan sortu zen Longain Orlegiko zaldunaren etxea etxe hau dela dioen teoria». Santosen etxearen aurrealdearen argazki bat erakusten du eskuineko orriak, bere armarri ikusgarri eta guzti, eta Longain Orlegiko zaldunaren etxearen deskribapena dator ezkerrekoan: «Etxea zabala iruditu zitzaion On Kixoteri, landa inguruetakoak bezalatsu; baina, harri zakarrekoa izan arren, armarri bat zeukan kaleko ate gainean; upategia, patioan; koba, atarian». Zehatz balio du Cervantesen deskribapenak Santosen etxea deskribatzeko oraindik, eta une horretan pizten dira galderak: bi etxeetariko zeinetan dabil etxe honetan dabilena, etxe literarioan ala etxe errealean? Bietako zeinetan uzten du Santos bisitariak? Egon daitezke bi etxeak etxe berean? Eta erantzuna baiezkoa bada, zein dago zeinen barruan? Eta are garrantzitsuagoa dena: bietako zein da errealena?

Benetako Kixote faltsua

Etengabe elikatzen du Cervantesek jolas hori. On Kixote-ren lehen liburuan, adibidez, bertan kontatzen diren guztiak Zide Hamete Benengeli izeneko historialari batek bildutako gertakarien itzulpenak direla sinetsarazi nahi dio irakurleari. Baina 1615ean dator benetako txiribuelta, On Kixote-ren bigarren liburuarekin. Hor eraisten ditu Cervantesek fikzioaren eta errealitatearen arteko hormak. Kixoteren lehen liburua irakurtzen jartzen ditu bigarren liburuko pertsonaiak, eta ederra da horri esker sortzen duen paradoxa. Liburuaren bidez ezagutzen dute lehenik zalduna pertsonaiek, eta aurrez aurre egiten dute topo gero harekin. Eta Cervantesek ispilu bat jartzen dio irakurleari esku artean asmakizun horren bidez. Pertsonaia liburuaren bidez ezagutu ostean, aurrez aurre ezagutu ahal izateko fantasia oparitzen die.

Literatur lehiakideek bultzatuta heldu zen jauzi hori ematera Cervantes. Bigarren liburua idazten ari zela, Avellaneda izeneko idazle batek sinatutako On Kixote bat azaldu zen liburu dendetan. Cervantesen aurkako irain sorta bat ere bazekartzan hitzaurrean, gainera, eta horrek piztu egin zuen Cervantesen irudimena. Idazleak are errealago bilakatu behar izan zuen bere Kixote, Avellanedaren Kixote Kixote faltsua zela erakutsi ahal izateko. Eta hain justu hori da gero Jorge Luis Borges, Julio Cortazar, Enrique Vila-Matas, Paul Auster eta beste hamaika idazle erakarri dituen literatur jolasa.

Guardia Zibilaren abisua biztanleei: «Kontuz Pokemon Go bideo jokoarekin». Poliziaren hitzak dakartza Mantxako irrati kate nagusiak gaurko albistegian. Hemen ere ehunka pertsona dabiltza beren telefonoen pantailan ageri diren fikziozko munstrotxoei adi, eta kalean hainbat arazo sortu ditu horrek. Trafiko istripu txiki batzuk eta halakoak. Eta horregatik Poliziaren komunikazio arduradunaren hiru oharrak. Bat: ez da komeni gidatu bitartean sakelako pantailari begira joatea. Bi: oinez ibiltzean ere, pantailari bakarrik begiratu beharrean, seguruago da espaloiari ere begiratzea. Eta hiru: denak du bere neurria. XXI. mendeko Mantxa da hau. Teknologiarena. Interkomunikazioarena. Errealitate birtualena... Gero eta nahasiago doaz fikzioa eta errealitatea, eta baditu horrek bere arriskuak. Horregatik dio Guardia Zibilak pokemonekin tentuz ibili behar dela. Baina —eta garrantzitsua da galdera— inork esan al die pokemonei Guardia Zibilarekin ere tentuz ibiltzea komeni dela?

Ergel zorteduna

Berrerabilera. Hori da bidaiaren sakoneko irakasgaia hemen. Ezen orain jaurtitzen du neska batek harri koxkorra txipli-txapla, baina koxkor hori harrizko eserleku baten parte izan zen inoiz, eta aulki hori, etxe baten zutarri lehenago, eta zutarri hori eroritako eliza baten harriekin eraiki zuten, eta, azkenean, bilaketa bidaia guztiak bukatzen dira haitz biluzi baten aurrean egindako galdera berarekin: «Benetan hau da hasiera orduan?». Eta oihartzunaz erantzuten du haitzak. Antzera Kixoterekin ere. Jarraitu edozein nobelaren hariari jatorriraino, eta azkenean Cervantesek idatzitako orrietara heltzea da ziurrena. Bere bide propioa eginez bakoitza, baina guztiak hitz hauetara. Guztiak leku honetara. Izan ere, aurrez Kixoteri bisitan izandako guztiekin egiten du topo hemen Kixoteri bisitan datorkionak.

Ergel bat iruditzen zitzaion Cervantes Miguel Unamunori, adibidez. Zorte handiko ergel bat, baina ergel hutsa edozein moduz. Kixote maite zuen Unamunok, eta ez haren sortzailea. Benetakoagoa zitzaion fikzioa, errealitatea baino. Nolabait ere, Cervantesi Kixote kasualitatez agertu zitzaiola da Unamunoren tesia. Eskapatu egin zitzaiola zalduna idazlearen lumari. Eta ez da Unamuno bakarrik. Simon Leys literatur kritikariak The Hall of Uselessness liburuan azaltzen duenez, asko izan dira Cervantesen aurka eta Kixoteren alde jarri diren adituak. «Oso jarrera bitxia hartu dute zenbaitek: esan liteke Kixote zenbat eta gehiago maite, orduan eta gehiago gorroto dutela Cervantes. Justukoa dirudi paradoxa horrek hasieran, baina badu bere logika».

On Kixote-ren kopia bat txiki-txiki ere egin zuen, esaterako, Vladimir Nabokov idazleak Harvard unibertsitateko 600 ikasleren aurrean. Bere pertsonaiarekin krudelegi izatea eta barregarri utzi izana aurpegiratzen zion Cervantesi. Horregatik apurtu zuen liburua.

Baina, hain justu ere, zenbait kritikarik Cervantesi dioten gorroto hori da idazleak bere lana ongi egin zuen frogetariko bat. Hori dio Leysek, behintzat. «Hain zuzen, Cervantesen lanaren indarrak sutzen ditu kritikariak; haren lanak bizitzarekin duen antzaren sekretuak, alegia. Flaubertek esaten zuen jainkoa sorkuntzan dagoen bezala egon behar duela idazleak ere bere nobeletan. Jainkoak dena sortu zuen, eta, halere, ez da inon ageri, isilean, itxuraz absente, axolagabe. Bere isiltasunagatik madarikatzen dugu, bere axolagabetasunagatik, eta, hain juxtu, horixe hartzen dugu haren krudeltasunaren frogatzat». Krudeltasun hori da Nabokovek Cervantesi barkatu ez ziona, baina krudeltasun hori da liburuaren lorpen nagusietariko bat ere. Horregatik irauten du gaur egun.

Topa, bidaiagatik

Irreala dirudi irudiak Munera herrian. Irreala eta ederra ere bai. Gaztediaren festak ospatzen dabiltza herritarrak, eta epel eta eder doa gauerdia. Pasodobleak dantzatzen dabiltza haurrak eta aitona-amonak plazako dantzaldian; gazteak taberna kanpoaldeetan hasiak dira buila egiten; aspertu itxurako nerabe batzuk gurasoen afari aspergarritik noiz apartatuko zain daude, behingoz lagunekin litxarreriak jan bitartean paseoan lasai aspertu ahal izateko; festetako erreginaren banda soinean duela dabil festetako erregina; bigantxentzako langak prest erdigunean; barrakak kanpoaldean; eta, azkenik, erabateko isiltasuna herriko azken eraikinaren ostean. Lilura pizten du irudiak. Gertuko muino batean dir-dir egiten dute milaka argik iluntasunean. Ehunka eta ehunka argi urdin, bakoitza bere kasa piztu eta itzaltzen. Estralurtarrak? Ez, parke eoliko bat. Ehunka haize errota, iluntasunean biraka, beren dantza elektrikoetan. Hemen izan ziren Kixote eta Santxo ere. Hau da Kamatxo izeneko pertsonaiaren ezkontzaren lekua, eta hemen izan ziren Cervantesen pertsonaiak. Hori diote zenbait adituk, behintzat, eta hori dio udalak ere. Festa giroan deskribatu zituen kaleok Cervantesek, eta festa giroan daude oraintxe. Liburuko orrietan ospatu daiteke kalea une honetan, eta kaleetan ospatu daiteke nobela. Festa bakarrean gurutzatzen dira bi festak, fikziozkoa eta benetakoa. Eta nahasketa hori da Cervantesen lorpen nagusia. Eta festa honetan amaitzen da Kixoteri egindako bisita ere. Bidean ezagututako pertsona, pertsonaia eta pertsonajeen alde topa eginez. Benetakoa da ardoa, baina fikziozko mahaia orbandu du zipriztinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.