Arkaitz Zarraga. Soziolinguistikan aritua

«Pertsonak barik, testuinguruak euskalduntzera joan beharko litzateke»

Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Helduen euskalduntzeaz azterketak eginak ditu Arkaitz Zarragak (Bilbo, 1972). Irakasle da euskaltegian. Ezinbestekotzat jo du paradigma aldaketa alor horretan.

Hizkuntz eskakizunen eragina aztertu duzu. Kaltegarriak dira?

Zerbait behar dela argi dago, ziurtagiri bat behar da. Baina planteatuta dauden bezala, atzerriko hizkuntza balitz bezala, testuingurutik kanpo egiten den proba da. Probak berak baldintzatzen du apur bat ikas-prozesua. Paradigma aldaketa bat beharko litzateke, zertifikazio modu hori aldatu.

Titulua lortu beharraren presioak kalte egiten dio prozesuari?

Euskaltegira joaten diren gehienek titulua bilatzen dute. Haien helburua ez da eragitea, baizik eta titulua bera. Hor daude ikasleak, kanpotik etorritako jendea, euskaraz ikasi ez duen jendea... Hori ematen da euskaltegietan. Planteamendu aldaketa handia behar da euskaltegien munduan. Pertsonak euskalduntzera barik,testuinguruak euskalduntzera joan beharko litzateke. Pertsonenganako transmisiotik harago, hainbat esparru eta testuinguru euskalduntzera joan behar da.

Testuinguruei eragitea, testuinguruak ere euskahaldun egitea.

Euskahaldun-ek esan nahi du ahalduna dela testuinguru horietan eragiteko. Testuinguruak euskalduntzen ditugun heinean, jendeak funtzio konkretu bat izango du testuinguru horietan. Horretan ahaldundu eta gaitu behar ditugu. Tresnak badaude, gaitasunak lantzera begirako metodologiak, testuinguruetan aplikagarriak direnak. Besterik da euskaltegiek horretara jo dezaketen, hizkuntz eskakizunek baldintzatzen dutelako irakats-prozesua.

Plangintzetan helduen euskalduntzea sartu behar dela diozu.

Plangintzak hedatu behar dira. Plangintza orokorra eginda dago. Sektorekako plangintza gehiago egin behar dira, arlo gehiagotan. Euskaltegiak horretara zabaldu behar dira. Euskaltegiek ere aldaketa bat beharko lukete. Hasieran bezala gaude: euskaltegia daukagu, irakasleok gelan gaude itxaroten, eta ikasleak etortzen dira. Euskaltegiek busti beharko lituzke testuinguru horiek: enpresak, guraso taldeak... Programatu eta eskolak eman testuinguru horietan dituzten zereginetarako.

Ikaslegaien bila joatea?

Euskaltegiak joatea ikasleak dauden lekuetara. Adibidez: euskaltegietan erizain mordo bat daude. Erizain horiek ikasten dute alkateari gutunak idazten, baina ez diote inoiz idatziko alkateari. Baina ospitaleetan eskola batzuk emango bagenitu, han benetan dituzten beharrizanei erantzuteko, eragina askoz ere handiagoa izango litzateke, eta testuinguru hori euskaldunduko genuke. Ez pertsonak euskaldundu, eta gero beren testuinguruetan ez erabili.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.