Errusiako Munduko Kopa

'Arigato', Kolonbia

Senegali baino bi txartel hori gutxiago atera dizkiotelako sailkatu da Japonia final-zortzirenetarako. Belgika izango du aurkari; eta Kolonbiak, Ingalaterra

Japoniako jokalariak, Volgogradoko estadiora joaniko euren herrialdeko zaleei esker ona adierazten, atzoko partidaren ondoren. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Senegal 0-1 Kolonbia

Golak. 0-1: Minak (73.min.).

Japonia 0-1 Polonia

Golak. 0-1: Bednarekek (57. min.).

Bi txartel hori, hori da Japonia eta Senegalen artean egon den aldea. Futbolean aldea golek markatzen dutela gauza jakina da. Bada, Munduko Kopetan txartelek ere pisu handia dute; bestela, galde diezaiotela Senegali. Japoniarekin puntutan berdinduta bukatu du multzoan, baita sarturiko eta jasotako goletan ere, eta euren arteko partidako emaitza berdinketa izan zen. Horrelako korapiloak desegiteko FIFAk ezartzen duen laugarren irizpidea txartel kopurua da. Senegali sei hori erakutsi dizkiote, eta Japoniari lau; horraAsiako selekzioak bigarren postuan bukatzea ahalbidetu duen aldagaia. Hori,eta Kolonbiak atzokoan Senegali 1-0 irabazi ziola. Hutsean berdinduta, Samaran ari ziren bi selekzioak sailkatzen ziren, baina Kolonbiak gol bat sartu zuen, eta multzoa hankaz gora jarri. Azkenean, Kolonbiak bukatu du multzoko lehen postuan, eta Ingalaterra izango du aurkari final-zortzirenetan; Japoniak, berriz, Belgikaren kontra jokatuko du.

Futbolean, 90 minutu mundu bat dira. Partida batek irauten duen bitartean, zaleen bihotzek ahotik sabelerako itzulia mila aldiz egiteko denbora dute. H multzoko azken jardunaldia hasi zenean Kolonbia Munduko Kopatik kanpo zegoen. Poloniak 57. minutuan sarturiko golak, baina, Japonia jarri zuen kinka larrian. Kolonbiak 73.enean sarturikoak, aldiz, Japonia erreskatatu zuen, eta Nigeriara bidali atsekabea. Azken minutuan oso urduriak izan ziren bi zelaietan, aldeko edo kontrako edozein golek, edo Japoniak bi txartel hori edo gorri bat ikusi izan balu, bi selekzioen arteko oreka hautsiko zuen. Horren eredu Japoniaren eta Poloniaren arteko partidako azken bost minutuak, Munduko Koparen lotsen zerrendan sartzeko modukoak. Baloia Japoniako jokalariek ukitu zuten bakarrik, eta ez ziren zelai erditik pasatu. Geldirik ere egon ziren baloiarekin. Poloniak bere zelaian itxaron zion, irabazten ari zen.

Bi partidak zaldiko-maldiko emozional bat izan ziren. Polonia bakarrik zegoen lasai. Sailkatzeko aukerarik ez eduki arren,irabaztera irten zen Volgogradon. Aurkaria baino gehiago izan zen, eta gola sartzeko hainbat aukera izan zituen. Parean, Japoniako hautatzaileak asko arriskatu zuen, eta ezohiko jokalariz jositako hamaikakoa atera zuen. Berdinketa aski zuen sailkatzeko, baina hori ere ez zuen lortu, eta ausardia garesti ordaintzeko zorian egon zen. Izan ere, maila kaskarra eman zuen, eta gola ere gaizki zaindutako falta batean jaso zuen, 57. minutuan.

Orduan piztu zen argi gorria Japonian, eta Kolonbian itzali egin zen. Japoniak galtzen bazuen, berdinketa aski zen Kolonbia eta Senegalentzat. Partida oso kaskarra izan zen, joko baino kiriogehiagokoa. Kolonbiak garaipena behar zuen, eta behin eta berriz egin zuen talka Senegalen atzelariekin. Jokaldirik ezin zuen josi, baina beste partidako golak lasaitu egin zuen. Akordioa egiteko egoera aproposa zen, baina zintzo jokatu, eta korner batean sartu zuen gola (73. min). Ezin zen bestela iritsi. Minak, jauzi ikusgarria egin, eta buruz sartu zuen. Orduan, Japonia osoak, Ozeano Barera begira jarri, eta «Arigato!»oihukatu zuen —eskerrik asko, japonieraz—. Kolonbiak Tokion duen enbaxadorea kontuz ibil dadila gaur.

Afrikarrik gabe

Golak Senegal larritu zuen. Erasora jo zuen azken ordu laurdenean, eta aukera pare bat izan zituen. Aurkariaren presak egoera kudeatzen lagundu zion Kolonbiari. Gol bat sartzea edo Japoniak jasotzea behar zuen. Ez bata ez bestea ez zen iritsi, atsekabea baino ez. Kontinente oso batena, gainera, jada ez baita Afrikako selekziorik gelditzen lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.