Albistea entzun

ARGI ALDIAN

Neanderthalen eta denisovaren Y kromosomak

Mikel Iriondo Orensanz - EHUko Antropologia irakaslea

2020ko urriak 23

Gure espeziearen eboluzioan zehar gizaki arkaiko asko egon direla jakin badakigu, eta horien artean gurekin hurbilen erlazionaturik daudenak neanderthalak eta denisovarrak dira. Genomen analisietatik jakin dugu ere neanderthalek eta denisovarrek beraien artean ahaidetasun hurbilagoa dutela, eta haien arbasoa orain dela 550.000-765.000 urte artean banatu zela gure arbasotik. Ziurrenik, hiru gizaki talde horien azken arbaso komuna Afrikatik Eurasiara atera zen garai horretan, Eurasian neanderthalak eta denisovarrak sortuz eta Afrikan gure leinua izango zena mantenduz. Orain gutxira arte genekienaren arabera, hurrengo gertakizun garrantzitsua orain dela 60.000 urte inguru gertatu zen, gizaki modernoa Afrikatik atera zenean, Eurasiako neanderthalekin eta denisovarrekin nahastuz eta azkenean bi gizaki arkaiko horiek desagerraraziz.

Baina aurkikuntza berriak inoiz ez direnez amaitzen, aurrekoarekin bat ez datozen datu batzuk argitaratu berri dituzte Petr eta lankideek Science aldizkarian. Neanderthalen eta denisovarren Y kromosomak sekuentziatu dituzte, eta, hara non, ikusi dute neanderthalen Y kromosomek, denisovarrekin baino gehiago, gurekin dutela ahaidetasunik handiena; hau da, emaitza horien arabera, gure eta neanderthalen Y kromosomak orain dela 300.000 urte inguru banatu ziren. Birkonbinatzen ez duen Y kromosomaren zatiak gizonezkoen historiaren berri ematen digu, mitokondriako DNAk emakumezkoena ematen digun bezala. Eta, kasu zehatz honetan, Posthek eta lankideek 2017an argitaratu zuten bezala, mitokondriako DNAk ere antzeko emaitza bat ematen digu, horretarako ere neanderthalak eta gu antzekoagoak baikara.

Eta, orduan, zelan batu daitezke Y kromosomako eta mitokondriako DNAko emaitza hauek aurretik genekienarekin? Ba, hasieran esan dudan bezala, neanderthalen eta denisovarren arbasoa orain dela 550.000-765.000 urte atera zen Afrikatik Eurasiara, baina orain dela 300.000 urte inguru gure leinuko batzuk neanderthalekin gurutzatu ziren, eta neanderthal horiek gure Y kromosoma eta mitokondriako DNAk jaso zituzten. Ondoren, belaunaldiz belaunaldi eta Petr eta lankideek egin dituzten kalkuluen arabera, zoriz ziurrenik, gure Y kromosoma eta mitokondriako DNA neanderthalen artean hedatuz joan ziren, haien jatorrizkoak zirenak desagertuz eta denisovarrekin zuten antzekotasuna galduz.

Genomikak, antzinako indibiduoen arteko abenturak ezagutzeko gaitasuna emateaz gain, galdera bat zabalik uzten digu ere: neanderthalak eta gu orain dela 300.000 urte inguru eta baita orain dela 60.000 urte inguru ere, hainbatetan gurutzatu baginen ondorengo emankorrak sortuz, ez al ginen orduan espezie berekoak izango?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Bortxaketa salatzeko erabili dut musika»

Ane Insausti Barandiaran

'Medusa' izeneko EPa sortu du AyVeek, jasan zuen bortxaketa eta ondoren bizi izandakoak kontatzeko. Haren hitza zalantzan jarri zutela salatu du, eta ingurukoen babesari esker egin duela aurrera.
ETB1eko <em>Go!azen</em> telesaileko aktore gazteak. ©ETB

Hiru haurretik batek ikusi du aurten 'Go!azen' ostiraletan ETBn

Urtzi Urkizu

ETB1eko telesailaren denboraldia gaur amaituko da. Kontzertuek maiatzera arte jarraituko dute

 ©AITOR KARASATORRE / FOKU

«'Bollera' izaera bat da, bizitzeko modu bat»

Iker Tubia

Haur literaturaren alde egin du Jakak, adin horretan «dena jaten» dutelako «gose handiz». Letretan dagoen sexu disidentziaz mintzatu da, eta euskarak LGTBI mugimenduan behar duen presentziaz.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...