Grebalarien testigantzak

Zumaia. Giza kate alaia egin zuten goizeko mobilizazioetan parte hartu zutenek. UROLA KOSTAKO HITZA.
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun


 



«Lagun bat galdu nuen iaz indarkeria matxistarengatik; utz gaitzatela aske»

Maimouna Ndiaye Bilbo

«Emakume gisa gaude borrokan, gure eskubideak aldarrikatzeko. Lehen urtea da kalera ateratzen naizela borrokara; aurreko urteetan, Martxoaren 8ko mobilizazioak telebistatik ikusten nituen, baina iazko mobilizazioek motibatu egin naute, eta borrokara atera naiz ni ere. Gainera, lagun bat galdu nuen iaz indarkeria matxistaren eraginez, eta horregatik ere banago hemen, eskatzeko utz gaitzatela bakean eta aske».

 



«Etxean eta intimoki gertatzen diren injustiziak inarrostea da helburua»

Andrea Pebet Ortzaize (Nafarroa Beherea)

« Neska gisa, egunerokoan oraino bizitzen ditut desberdintasunak gizonekiko, baina prekaritatean bizi diren emakumeekiko elkartasunez ere erabaki dut greba egitea. Greba egitea da berriz indarrak batzea egun batez;horretan, Ipar Euskal Herrian oraindik zailtasunak ditugu. Momentuko sinbolikoa bada ere, helburua da berriz karriketara itzultzea eta inarrostea usu etxean eta intimoki gertatzen diren injustizia horiek».

 



«Emakume guztiak elkarrekin ikustean sentitzen duzu ez zaudela bakarrik»

Irune Calvo Gasteiz

«Gure eskubideak daude mahai gainean, eta greba honetan eskubide horiek aldarrikatzen ditugu. Gizarteak ikusi behar du emakumezkorik gabe ezin dela leku onera joan; Hezkuntzan erraz ikusiko da, bertan emakumeek pisu handia baitaukate. Aldaketek heldu behar dute; iaztik, adibidez, klaseko mutilek jarrera hobea izan dute grebarekiko. Bestetik, emakume guztiak elkarrekin ikustean sentitzen duzu ez zaudela bakarrik».

 



«Oso inportantea izango da greba; berdintasuna lortuko dugu azkenean»

Gloria Bosque Iruñea

«Askatasuna nahi dugu. Gero eta hobeki gaude, hori egia da, baina borroka egin dugulako. Gaztea nintzenean, oinarrizko eskubideak eskatzen genituen, baina ez dugu dena lortu. Lanean ez dugu gizonek adina irabazten, eta gure pentsioak ere txikiagoak dira. Etxean ere gizonek baino askoz gehiago egiten dugu. Bestelako gizarte bat nahi dugu. Oso inportantea izango da greba; azkenean, berdintasuna lortuko dugu».

 



«Grebari esker, konturatzen gara borroka egin dezakegula»

Nekane Zabala Hernani (Gipuzkoa)

«Uste dut komisarietako eta epaitegietako garbiketaren sektorean egiten ari garen greba inportantea dela beste garbitzaile askorentzat ere, lan baldintza txarrengatik sindikatuan izena emateko aukerarik ere ez daukatenentzat. Iazko martxoaren 8ko grebaz geroztik, gero eta emakume gehiago ari gara konturatzen gure eskubideen alde borroka egin dezakegula sektore askotan; izan ere, sektore feminizatu asko daude».

 



«Iaztik, emakume gehiago inguratu dira feminismora, eta hori positiboa da»

Lola Gomez Bilbo

«Sistema ezberdin bat eskatzen dut emakumeentzat, eta baita pentsiodunentzat ere. Hain zuzen, gaur fokua kalean jartzen dut, gurea dela esateko, eta erakusteko feminismoaren indarra geldiezina dela. Borrokatzen jarraituko dugu sistema patriarkala desagertu arte, jakitun izanda hori ez dela egun batetik bestera gertatuko. Horretarako, gainera, iaztik emakume gehiago inguratu dira feminismora, eta hori positiboa da».

 



«Nire ustez, nabarituko da munduan geldiune edo hutsune bat»

Garbiñe Beraetxe Hendaia (Lapurdi)

«Greba feministan parte hartzea erabaki dut emakumeen eskubideak aldarrikatzeko, eta jendea konturatzeko mundua ez dela ezer emakumerik gabe. Kontsumoaren eta emakumeen greba izanda, nire ustez nabarituko da munduan geldiune edo hutsune bat. Ez da ezer egonen munduan gu gabe; dena dago geldirik. Hala ere, lehengo urtean baino gutxiago elkartu gara gaur; lehengo urtekoak indar gehiago izan zuen».

 



«Handia izan zen iaz gertatu zena; horrek behartu ditu jarrera aldaketa guztiak»

Fatimatou Boussola Gasteiz

«Mundu osoko emakumeen egoera hobetzeko atera gara kalera: enplegua, etxebizitza... Iruditzen zait alderdi politikoak jabetzen ari direla, eta ari dira hobetzeko neurriak hartzen; baina poliki-poliki ari dira. Azken urtean hori antzeman dut. Iazko greba feministan Valentzian (Herrialde Katalanak) izan nintzen. Handia izan zen gertatu zena; horrek behartu ditu hobekuntza txiki eta jarrera aldaketa guztiak».

 



«Emakume askori balio izan dio kolektibo baten parte sentitzeko»

Marilen Zarraluki Itzaltzu (Nafarroa)

«Hurrengo belaunaldiei gizarte berdinzaleago bat utzi nahi diedalako etorri naiz, haientzat ez dadin izan guretzat bezain neketsua. Iazkoa oso inportantea izan zen emakumeak ahalduntzeko, eta, hortik aurrera, kohesio berezia sortu da emakumeen artean. Iaztik, aldea sumatu dut; alde batetik, gizonak oso harriturik gelditu ziren ikusi zutenarekin; bestetik, emakume askori balio izan dio kolektibo baten parte sentitzeko».

 



«Soldata arrakala ezabatzeak lehentasun bat izan behar du»

Manoli De la Fuente Donostia

«Hasteko, emakumea naizelako egin dut greba, eta uste dudalako kalera atera behar dugula berdintasuna aldarrikatzera eta kontzientzia piztera: soldata arrakala kentzeak lehentasun bat izan behar du. Iaz baino indar handiagoa ikusten dut gure artean; emakumeok gehiago ari gara batzen, arlo guztietan. Orain gehiago ateratzen gara kalera gure eskubideak aldarrikatzera; iazko martxoaren 8ak sekulako indarra eman zigun». 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.