NRA eta erresistentzia

2018ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Arrapaladan 2018 honetan, ustekabean, bata bestearen atzetik egiten dute jauzi gertakizunek. Arma automatiko baten tiro-parrastadek bezala. Bost minututan, Floridako Emma Gonzalez gazteak bere lagun eta ikaskideak galdu zituen Parklandeko institutuan. Ordu gutxitan Trump presidentea ozen salatu zuen Emmak, malko artean, munduaren aurrean. Hurrengo egunetan milioitik gora jarraitzaile batu zitzaizkion sare sozialetan. George Clooney edo Oprah Winfrey bezalako milioidunen babes ekonomikoaz, mugimendu berri baten lehen lerroan ikusi zuen bere burua Emmak, bizirik irten ziren gainerako nerabeekin batera. Hashtag bat, #neveragain, eta manifestazio deialdi bat, martxoaren 24rako: erresistentziaren jomuga berria. Atzetik etorri dira enpresa handiek hartutako neurriak Erriflearen Nazio Erakundearen (NRA) aurka, edo AR-15 motako gerra-armak saltzeari utziko dioten saltokiak. Horrela, ustekabean, arrapaladan, Trumpen Amerikako Estatu Zatituetan beste arrail bat ireki da.

Duela ia bi hamarkada, Coloradoko Columbine institutuko tiroketa ezberdina izan zen. Orduan hamahiru neska-mutilen sarraski odoltsuak nazioarteko hedabideak astindu zituen, bai. Baina 1999 hartan ez zen sare sozialik, eta Emma bezalako orduko gazteek ez zuten modu antolatuan ahotsa altxatu ahal izan. Biktimen izenak baino ezagunagoak egin ziren, aldiz, hiltzaileenak: Eric eta Dylan. Eta atzetik dozenaka imitatzaile etorri zitzaizkien, tartean Sandy Hook eskolan 6 eta 7 urteko hogei haur gupidarik gabe tirokatu zituen gaztea, eta agian baita Parklandeko hiltzaile nazi-trumpista ere. Armak, gorrotoa eta mendekuaren epika. Bowling for Columbine filmari esker Michael Moore zuzendariak armen kontrolaren inguruko eztabaida gizarteratzen lagundu zuen, NRA eta arma-industria salatuz. Armen aurkako talde andana sortu zen, armen salmenta kontrolpean jartzeko helburuaz, baina eztabaida hori irteerarik gabeko kale kantoi batean egon da blokeatuta, antzu, gaur arte.

Columbine eta Parkland artean, urtetik urtera handituz joan da AEBetan suzko armek isuritako odol errekastoaren jarioa, eta herritarren esku dagoen munduko armategi pribatu handiena kontrolik gabe hazi da, legearen barruan, industriaren gozamenerako. Urtero balek akabatzen dituzten 35.000 estatubatuarren hilotzen aurrean arma kopurua murriztea estatubatuarren obesitate arazoaren aurrean tenedore eta goilarak debekatzea bezain zoroa dela diotenek ez dute debatea ulertu nahi. «Gure seme-alabak babestea da guztion helburua», errepikatzen dute, «baina utz ditzagun armak bakean». Barack Obamak behin salatu zuen «estatubatuarren enpatia defizita» izan liteke agian. Baina arazoa sakonagoa da. Hamarkadetan suzko armen kulturaren mitoa eraiki duen botere ekonomiko eta politikoak eztabaida desaktibatzea lortu izan du beti.

NRA Washingtonen itzal handien duten hamar presio taldeen artean dago. Hautagai errepublikano eta demokrata asko seaska politikoan daudenetik dolarrez elikatzen ditu, haren lehentasunak ongi barneratuak dituztela ziurtatu arte. Jakina, NRAren atzean AEBetako armagintzaren industria boteretsua dago, eta haientzako salmentak dira lehentasuna. Merkatuak behera egin duenean, behar ezberdinak sortu dituzte, batzuetan etsai eta mehatxu berriak asmatuz (jihadistak ez badira, Ertamerikako etorkin gaizkile eta bortxatzaileak), eta bestetan marketin hutsa erabiliz. Tropa estatubatuarrak Afganistan eta Irakeko gerretatik erretiratuz joan zirenean, esaterako, polizia taldeen militarizazioa etorri zen. Afganistango baseetatik zuzenean ekarritako Humvee ibilgailu eta gerra-armak atera zituzten kalera, esaterako, Ferguson edo Baltimoreko poliziek arrazakeriaren aurkako protestak izan zirenean, edo Ipar Dakotako Goardia Nazionalak Standing Rock kanpaleku indigenaren aurka egin zuenean. Poliziaren militarizazio horrek armazale zibilen artean modan jarri zituen Vietnameko gerra ostean sortu AR-15 fusil erdiautomatikoak (M-16 militarraren bertsio zibila). Edozein saltokitan iPhone bat baino merkeagoa da Sandy Hook, Orlando, Las Vegas edo Parklandeko sarraskiak egiteko erabilitako arma hori. Errealitate horren aurrean, logikoa da NRAren diru laguntzak jaso dituen Trump presidenteak irakasleen artean armak banatu nahi izatea. Arma gehiago erosi eta zabaltzea da indarkeriarekin amaitzeko soluzio bakarra, antza. Mexikoko mugako harresia eta bere inguruko zaintza sistema teknologiko osoa bezala, AEBetako ikastetxeak kontzentrazio-eremu bilakatzea negozio erraldoia bailitzateke. Horren prezioa belaunaldi oso baten haurtzaroa amesgaizto bilakatzea bada ere.

Baina, negozio gordinaz haratago, NRAren jatorria oso bestelakoa da. 1871 urtean sortu zen, Ku Klux Klan bezala Gerra Zibilaren osteko Berreraiketa aroan. Beste mugimendu kontserbadore askok bezala, nagusitasun zuri eta angloaren gainean eraikitako herrialdearen baloreak ordezkatzen zituen. Oinarrian, hala ere, ehiztari eta eskopetazale elkarte apal bat zen, 1970. hamarkadan agenda politiko argia zehaztu eta horren boteretsu bilakatu zen arte. Egun ultraeskuin nazionalistaren zutabeetako bat da, eta bost milioi bazkide ditu, inoiz baino gehiago. Sarraski bakoitzaren biharamunean azaleratzen da NRAren itzal luzea, zuhurki, kontzientziadun errepublikanorik bide zuzenetik urrundu ez dadin: «Jainkoak nahi ez beza, baina europar erako sozialista horiek Kongresua eta Etxe Zuria berreskuratzen badute, gure askatasun amerikarrak galdu genitzake betiko», ohartarazi zuen Parklandeko neska-mutilen hiletak egiten ari ziren bitartean Wayne LaPierre NRAko buruak.

«Sozialista» arriskutsu haien artean daude, jakina, Emma Gonzalez eta Parklandeko bere ikaskide nerabeak. Botoemale belaunaldi berri bat osatzen dute AEBetan, eta haserre daude. Armen kontrolaren aldeko taldeek uste dute Columbine ondoren jaiotako milioika gazte horien esku dagoela hain zuzen NRA zaharrak eraiki duen kultura politikoa eraistea. Trumpen aurkako erresistentziaren fronte sortu berri horrek emaitzak ekarriko dituen ala ez denborak erakutsiko du hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.