Brasilgo Munduko Kopa

'Futbolaren lurraldea'

Brasil erreferentzia handienetakoa da futbolean. Historiako jokalari onenetako batzuk hangoak dira, selekzioak bost aldiz irabazi du Munduko Kopa, eta 30 milioi lagunek jokatzen dute, profesionalak ez direnak barne.

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Futbolaren historia oso-oso luzea da. Antzinatik jokatzen omen da. Sortu, ordea, gaur egun ezagutzen dugunaren moldean, Ingalaterran sortu zen. XIX. mendearen bigarren erdian izan zen hori. Arautu egin zen baloi baten atzetik ostikoka ibiltzea. Berehala hasi zen zabaltzen munduko bazter askotan.

Charles Millerrek futboleko arropak eta arauen liburua hartu zituen berekin. XIX. mendea azkenetan zen, eta horrela egin zuen bidaia Ingalaterratik Brasilera. Bere aitak, John Millerrek bidali zuen beste noranzkoan. Sao Paulotik Southamptonera. Muller aita, eskoziarra, Brasilgo hiri horretako trenbidea egitera joana zen, beste 3.000 familiarekin batera. 1870a zen. Handik hamalau urtera bidali zuen Charles semea Ingalaterrara, eskola batera.

Miller gaztea abila zen futbolean, eta Southamptonen jokatu zuen. Erasoko jokalaria izan zen. Brasilera joan zenean, han ere onenen artean egon zen. Hark sartu zuen futbola Brasilen, eta 1888an sortu zen Brasilen aurreneko taldea: Sao Paulo FC. Ordutik egunera, bilakaera luzea eta emankorra egin du futbolak herrialde horretan. Sakona ere bai. Gizartean erabat txertatuta dago orain, eta halakoa da Brasilen futbolak duen garrantzia; beren burua futbolaren asmatzailetzat daukate brasildarrek. «Ongi etorri Futbolaren lurraldea izeneko herrialdera». Horrela definitzen dute bertakoek herrialdea.

Badituzte motiboak hala dela pentsatzeko. Esparru askotakoak, gainera: emaitza ikusgarriak ditu selekzioak Munduko Kopan; historiako jokalari onenetakoak bertakoak dira; jokatzeko eredu zehatz baten sortzaileak ere badira, jogo bonito delakoa; ia 30 milioi lagunek jokatzen dute futbolean, profesionalak ez direnak barne; eta jokalari esportatzaile handiena izan zen 2011 arte.

Kaleko futbola da Brasilgoa. Kalean jokatzen dute haurrek eta gazteek. Futbolaren jatorrizko esentzia da hori. Baloiak kale bazterretan, jokoa eta jokalariak nonahi. Eta kaleko futbolaren bereizgarri handienetako bat da berezkotasuna. Jokalariaren talentua agerian. Ondo baino hobeto barneratuta daukate hori brasildarrek, eta kaletik zelaietara, berezkotasun horrek ez du indarrik galdu. Kalean dute baratzerik emankorrena herrialdeko 800 klubek, eta han jasotzen dute uzta.

Bertan hasi zen, esaterako, Edson Arantes do Nascimento Pele. Auzoan, kalean. Baloia hartu eta ostikadaz ostikada, erabateko gozamena zen harentzat futbolean aritzea. Hiru aldiz irabazi zuen Munduko Kopa (1958, 1962 eta 1970), eta inoizko jokalari onena da askoren iritziz. Haren belaunaldi zoragarri hartan, izan ziren beste artista batzuk ere. Manuel Francisco dos Santos, esaterako: Garrincha. 1958 eta 1962ko Munduko Kopak irabazi zituen horrek, eta haren trebetasuna eta azkartasuna futbolaren historian daude gordeta. Edvaldo Izidio Neto Vava ere ez da bazterrean uztekoa; Garrincharen garaipen zerrenda bera du Munduko kopetan. Beste horrenbeste dauzka irabazita Waldir Pereira Didi-k ere.

Pelek bera baino gazteagoak izan zituen lagun 1970eko Munduko Kopan. Roberto Rivelino nabarmendu zen talde hartan, eta historian leku berezia dauka: jaurtiketa zitala zuen, pase bikainak ematen zituen...

'Jogo bonito'

Peleren belaunaldiak eta ondorengoek irabazitako hiru Munduko Kopa horiez gain, Brasilek beste bi ere badauzka: 1994koa eta 2002koa. Garaipen handiak dira, dudarik gabe, eta zaleen buruan ondo gordeta daudenak. Futbolaren historiak oroitzapenen museoan ere zintzo dauzka jarrita bost titulu horiek. Bada, gainera, garaipenez haratago selekzio edo talde bat historian sartzen duen beste mugarri bat: jokatzeko eredua ezartzea. Urteetan iraungo duena, erreferentzia izango dena. Multzo horretan selekzio gutxi batzuk baino ez daude. Brasil da bat.

Izenak berak ederki azaltzen du zer duen oinarrian jokatzeko eredu horrek. Polita, ikusgarria, ederra. Eta hori guztia sortzeko ezinbestekoa zen jokalarien talentua. Brasildar jokalarien berezko ezaugarria, hain zuzen. Buruz buruko jokaldiak, baloia eramateko aparteko trebezia, paseak emateko baliabide ugari... Kaleko futbola, azken batean. Uste da auzo txiroenetan garatu zela trebezia hori guztia, eta sanbak eta capoeira-k eragina izan zutela eredu hori garatzen. Afrikar jatorrikoek garatu omen zuten. Mugimendua, oreka eta sormena futbolean jokatzeko eredu horren barnean. Dantza. Brasil.

Politika eta futbola

Izugarria da futbolak Brasilen duen indarra. Erabat sartuta dago gizartean, eta beste hainbat arlo baldintzatzen ditu. Esaterako, hauteskundeak. Munduko Kopa jokatzen den urteetan egiten dituzte, eta, erabaki horrekin kritikoak direnen ustez, «baliatu egiten dute, nazionalismoaren gorakada horretaz baliatzeko botoen bila». Futbolari ohiak politikan sartzea ere ohikoa da; gizarteak idolotzat dauzka, eta amu oparoa dira botoak erakartzeko. 2010. urtean, esaterako, hauek aurkeztu ziren, besteak beste: Romario, Bebeto, Joao Leite, Vampeta, Danrlei, Ademir de Guia eta Roberto Dinamite. Aurretik, beste batzuek ere egin zuten sartu-irtena politikan; Zicok, adibidez.

Dirutza mugitzen du futbolak. Getulio Vargas Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, urteko 16.000 milioi dolar (12.000 milioi euro). Kopuru horretan sartu behar da jokalariak nazioarteko taldeetara saltzea. Munduko saltzaile handiena izan zen Brasil 2011ra arte. Kaleko jokalariak taldeetan hartu, eta saldu gero, gazteak eta helduagoak. 2011ko denboraldiaren hasieran, esaterako, 1.055 brasildar ari ziren Europan. Negozioak jan du futbola Brasilen ere, munduko ia bazter guztietan bezala, eta salerosketa horiek horren barnean sartu behar dira.

Brasilen ohikoa da politikarien ustelkeria, eta, egunotan, biak lotu ditu Joana Havelangek, Munduko Koparen Antolakuntza Batzordeko zuzendariak. «Lapurtu beharreko guztia lapurtua izan da, eta orain ez da garaia protesta egiteko», idatzi zuen sare sozialetan, herritarrak egiten ari diren protesten harira, Munduko Koparen aurka. Iskanbila handia sortu zen hitzon harira, eta berehala ezabatu zuen mezua. Havelange abizena eta Brasilgo futbola aspalditik daude lotuta, eta ez kontu onengatik bereziki. Ustelkeria kasu larriak leporatuta egon zen Havelange —FIFAko presidente izana ere bada—, eta Brasilgo Legebiltzarrean deklaratu behar izan zuen.

Maracana estadioa

Munduko Koparen inguruko ustelkeria salaketek estadioen eraikuntzarekin dute lotura. Uste baino diru gehiago kosta izan direla eta bidean dirua galdu dela komisioetan. Estadio berri horiek jaio baino ez dira egin, eta bizi luzea daukate aurretik. Maracana handiak egin duenaren antzekoa egiten badute, ez dira txarrak aterako.

Brasilgo zelairik mitikoena da Maracana. 1950eko Munduko Koparako eraiki zen, eta txapelketa horretako finalean gertatu zenak eman dio sonarik handiena. Maracanaço-a. 173.000 ikusle harmailetan, final hartan Brasil irabazle ikusteko. Baina Uruguai azaldu zen, parean jarri, eta 1-2 irabazi zuen finala. Partida harekin geratu da lotuta Maracana, eta Munduko Kopa honetan izango du aukera ordukoa gainditzeko, hori egin badaiteke behintzat. Iaz amaitu ziren lanak estadioa eraberritzeko: jende gutxiago sartzen da, 80.000 ikusle inguru. Lepo beteko da Rio de Janeiroko estadioa finalean. 64 urte geroago, partidarik handiena jasoko du.

Talde historikoak

Futbolak halako indarra izanik, Brasilen ezinbestean egon behar dute talde handiek. Nazioarteko ibiliari erreparatzen bazaio, loriatsuenak Sao Paulo eta Santos dira. Hiru bider irabazita daukate Libertadores kopa, eta bitan Kontinenteen Arteko Kopa, orain kluben Munduko Kopa dena. Etxeko txapelketan, berriz, Santos eta Palmeiras dira Brasileirao izeneko Liga gehien irabazi dutenak: zortzitan.

Datu horiek guztiek oso argi azaltzen dute zer den futbola Brasilen. Eta futbolarentzat zer den Brasil. Kirola eta herrialdea uztarri berean doaz aspalditik, eta joango diren itxura guztia dauka. Brasili Futbolaren lurraldea deitzen segituko dute brasildarrek, eta inor gutxi harrituko da hori entzundakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.