Frantziako Tourra

Euripean irabazi du Lampaertek

Eguraldi makurrak baldintzatu du erlojupekoa Tourreko lehen etapan. Faboritoen artean, Tadej Pogacarrek erakustaldia eman du

Euripean irabazi du Lampaertek.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Kopenhageko hiritarrak txirrindularitza gosez agertu ziren atzo Tourreko lehenengo etapa bertatik bertara ikusteko. Euripean bada ere, Danimarkako hiriburuko karrikak bete zituzten. Yves Lampaertek (Quick-Step) irabazi zuen hamahiru kilometroko erlojupekoa, eta hura da aurtengo ekitaldiko lehenengo liderra.

Iragarpen guztiak hautsi zituen belgikar txirrindulariak, eta Wout Van Aertek (Jumbo) baino bost segundo gutxiago behar izan zituen helmugaratzeko. Euskal txirrindularien artean, Jonathan Castroviejo (Ineos) izan zen azkarrena, liderrarengandik 36ra.

Faboritoen artean lehenengo tarteak ikusteko aukera eman zuen atzoko etapak. Zoru bustiaren ondorioz, faboritoetako batzuek ez zuten beren burua arriskatu, eta Tadej Pogacar (UAE) izan zen oilarrenetan azkarrena. Esloveniar gazteak dagoeneko beldurra sartu die gorputzean aurkariei.

Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic (Jumbo) ondo aritu ziren, erlojuaren kontra ohi duten moduan, baina ez zuten lortu Pogacarren denbora hobetzea. Bi horiek dira Jumbo taldearen apustu nagusienak sailkapenari begira, eta ondo erantzun zuten lehenengo egunean. Gainerako faboritoak, berriz, atzerapen handiagoarekin sartu ziren helmugara.

Eguraldiak guztiz baldintzatu zuen atzoko erlojupekoa. Euripean aritu behar izan zuten txirrindulariek, eta haizeak ere zakar jo zuen arratsaldearen hasieran. Steffan Bissegger (EF Education) zen atzoko etapa irabazteko faboritoetako bat, baina, zoruaren egoeraren ondorioz, bi aldiz jausi zen lurrera. Arratsaldeak aurrera egin ahala, zorua lehorrago zegoen, eta hori baliatu zuen Lampaertek gehiago arriskatzeko. «Ez nuen espero garaipena lortuko nuenik. Van Aert handia garaitu dut», esan zuen belgikarrak.

Esprinterrentzat gaurkoa

Gaurko etapak Roskyilde eta Nyborg (Danimarka) lotuko ditu. 202 kilometroko ibilbidean, esprinterrek lehen aukera izango dute garaipena lortzeko. Haizea ere kontuan hartu beharko dute.

Etapa irabazteko faboritoen zerrendan esprinter hauek ageri dira, besteak beste: Dylan Groenewegen (Bike Exchange), Fabio Jakobsen (Quick-Step), Jasper Philipsen (Alpecin) eta Caleb Ewan (Lotto).

Bestalde, Cofidis taldeak atzo jakinarazi zuen bi urterako berritu diola kontratua Ion Izagirreri. Hortaz, Ormaiztegiko txirrindulariak 2025. urtera arte jantziko du Frantziako taldearen maillota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.