Itziar Ituño. Aktorea

«Ekoizpen handi askotan miseria bat ordaintzen diete aktoreei»

Antena3ek 'La casa de papel' telesaila estreinatuko du gaur (22:40). Dirua egiten duten fabrika bateko lapurreta perfektua da trama nagusia. Poliziarena egiten du Ituñok.

ATRESMEDIA.
urtzi urkizu
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Antzerkian, telebistan eta zineman tartekatzen ditu lanak Itziar Ituñok (Basauri, Bizkaia, 1974). Antena3ekoa hirugarren esperientzia du Espainiako kateen telesail batean.

Raquel Murillo poliziaren rola jokatuko duzu La casa de papel telesailean. Nolako pertsonaia da?

Inspektore bat da, oso langilea, gizonen mundu batean bizi dena. Borroka gogor egitera ohituta dago, bere eremua defendatzeko. Bizitza pertsonala hankaz gora dauka, amarekin eta senar ohiarekin arazoak ditu. Baina aurrera egiten duten emakume horietako bat da.

Lapurreta perfektu bat da trama nagusia, baina umore beltza ere izango duela iragarri dute, ezta?

Bai. Une kritiko batzuetan eta esaldi batzuetan daude umore beltzezko pintzelkadak. Modu naturalean sartuta daude, eta ikusleek barre egingo dute.

Grabaketak zer moduz doaz?

Orain arte oso intentsoa izan da dena, gogorra. Zineman bezala ari gara grabatzen, egunean ordu pila bat eta plano ugari. Horrek eskatzen dizu hor egotea, dena ematen. Lo gutxi egiten nabil. Egin dudan lan gogorrenetako bat izaten ari da.

Telesailak denboraldi bakarra du, amaiera itxiarekin. Ikusle datu oso onak balitu, ez legoke aukerarik jarraitzeko?

Ez luke zentzurik izango. Lapurretek hasiera eta amaiera dute, hasiera bat eta bukaera bat egon behar dute istorioan. Istorioa hamabi egunetan garatzen da.

Aktore gehienek aipatzen dute horrelako telesailetan gidoiek eragin handia dutela azken produktuan. Ados zaude?

Bai, La casa de papel-en oso zainduak daude gidoiak. Nabaritzen da gidoilariek buruari eragin diotela trama on eta indartsuak idazten, eta alde askotako pertsonaiak eraikitzen. Erritmoa ere kontuan hartzen da. Ni kateatuta gelditzen naiz gidoiak irakurtzen.

TVEko Cuéntame telesailaren azkeneko denboraldian ere parte hartu duzu. Nola joan da?

Lauzpabost ataletan bakarrik azaldu nintzen. Pertsonaia Yoyes zen, baina beste izen batekin. Hasieran beldurtuta nengoen, ea istorio hori nola kontatuko zuten. Konturatu nintzen tratamendua ez zela suziriak botatzeko modukoa, baina ez zegoen hain gaizki ere. Laneko giroan gustura egon nintzen. Beldurra nuen, aurretik beste batean Madrilen esperientzia txarra izan bainuen beste telesail batean. Ez dut izena esango.

Euskaraz eta Euskal Herriaz Cuéntame-ren antzeko zerbait egitea posible al litzateke?

Gustatuko litzaidake, baina ez dago aktoreon esku. Telebisten esku dago, eta Euskal Herrian oso gauza gutxi egiten dira telebistaren alorrean.

ETBn telesail bakarra dago: Go!azen. Grabazioak soilik udan dira. Zer hausnarketa egiten duzu fikzioaren gabeziaz?

Nahiko hilda dago. Go!azen kenduz gero, ez dago beste ezer. Ni hemen nago [Madrilen], Euskal Herritik kanpo. Ez zen nire asmoa Madrilera joatea, baina hautaprobak egiteko deitzen zaituzte... Goenkale-n urte luzez egin nuen Nekane Beitia ertzainarena, eta poliziaren roleko hautaproba oso lasai egin nuen. Lana onartu dut badakidalako epe baterako dela, eta amaituko dela. Baina nire asmoa Euskal Herrian bizitzea da.

Aktoreen lan baldintzen inguruan zer esaten dute Madrilen?

Denetarik entzuten da. Ekoizpen handi dezentetan aurrekonturako diru asko dagoela esaten dute, baina gero aktoreei miseria bat ordaintzen diete.

Oholtza gainera ere igo zara azkenaldian, Koadernoa zuri antzezlanarekin. Jarraituko du?

Uda aurretik azkeneko emanaldia Irunen [Gipuzkoa] egingo dugu, maiatzaren 20an. Urrira arte geldiune bat izan dugu, baina jarraituko dugu gero.

Euskarazko zinemaren egoera nola ikusten duzu?

Badakit proiektu batzuk badaudela. Errementari filmean paper majo bat dut, eta hori aurten estreinatuko dute. Loreak-ekin euskal zinemaren berpizkundeaz hitz egin zen, baina ez dakit hala den. Bultzada handiagoa behar da. Bestalde, ez dut ulertzen telebistan hain fikzio gutxi egotea. Bi urte dira ez dudala Miramongo egoitza zapaldu, Goenkale-ren azkeneko grabaketetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.