Hung Fai. Sukaldaria

«Saioan hasi arte, ez nintzen inoiz ibili behi eta ardi artean»

ETB2ko 'Historias a bocados' saioa aurkezten hasi berri da Hung Fai, Ander Gonzalezen ordez. Asteburuero Euskal Herriko herri txikietako ohiturak eta jakiak ezagutuko ditu.

urtzi urkizu
2018ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Zazpi urte dira Bilbon bizi dela. Alde Zaharrean Musume Izakaya taberna japoniarra ireki aurretik, Getxoko Igeretxe hotelean (Bizkaia) Afterwirk & Sushi jatetxeko sukalde burua izan zen Hung Fai Chiu Chi (Hong Kong, 1973). Sukaldaritza japoniarrean aditua da.

Nola sortu zaizu Historias a bocados saioko aurkezle aritzeko aukera?

Kontua da Ander Gonzalez oso lanpetuta dabilela: jatetxe berri bat zabaltzekotan da, eta A bocados saioa egiten du astegunetan. Zerbait utzi beharra zeukan, eta Historias a bocados saioa uztea erabaki du. Ekoizpen etxekoak [Digital Audiovisuales] ordezko aurkezlean pentsatzen hasi ziren, eta baten batek nire izena bota zuen, Juego de cartas saioan parte hartzen ikusi nindutelako.

Zer beste lan egin dituzu orain arte telebistan?

Canal Cocina katean bi errezeta saio egiten ditut. Bestetik, aukera izan nuen Antena3eko Top Chef saioan parte hartzeko.

Nolakoa izan zen Top Chef-eko esperientzia hura?

Paula Vazquez aurkezleak «argiak eta itzalak» aipatu zituen, eta ni hitz horiekin gelditzen naiz. Esperientzia oso berria izan zen niretzat. Alaba jaio eta egun batera joan behar izan nuen Madrilera, kontratua sinatua nuelako. Grabaketek estres handia sorrarazi zidaten, eta horrek eragina izan zuen parte hartzean. Lehen aldia zen saioa grabatzen zutela. Denentzat izan zen berria, baina lagunak eta esperientzia, behintzat, ekarri nituen.

Historias a bocados saioari dagokionez, zer moduz Ander Gonzalezek emandako erreleboa?

Asko lagundu dit, eta ez hori bakarrik: tapiz gorri bat jarri dit. Oso atsegina izan da nirekin. Lantalde osoa ari da primeran portatzen. Asko babestu naute.

Gipuzkoako Idiazabal eta Berastegi herrietan ibili zinen joan den asteburuko saioetan. Zer moduz herri horietan?

Ez nintzen inoiz egon, eta, saioarengatik ez balitz, ziur aski zaila izango nuke hara joatea. Izan ere, Bilboko jatetxeak lan asko ematen dit, eta beste enpresa batzuentzat ere aritzen naiz.

Saioari ukitu berezia eman diezaiokezula iruditzen zaizu?

Hori, nik baino gehiago, ekoizpen etxeak esan beharko luke, eta badirudi horretan sinesten dutela. Hong Kongekoa naiz, eta argi dago hau guztia berria dela niretzat. Saioan hasi arte, ez nintzen inoizibili behi eta ardi artean artean. Artzain gisa ikusiko nauzue aurki.

Euskal Herriko txoko asko ezagutzeko gogoz zabiltza?

Bai, hala da. Bizkaiko herriak ezagutzen ditut gehiago, nire bikotekidearen familiaren eraginez. Nahiko nituzke beste herrialdeetakoak ezagutu. Egunotan, adibidez, Aizarnazabalgo San Kristobal ermitan egon gara [Gipuzkoa]. Grabaketak oso luzeak izaten dira, ordu askotakoak. Beti ez dira gauzak nahi bezala ateratzen, eta ezusteak sor daitezke. Baina gustura nabil.

Atalen batean marmitakoa kozinatzen azalduko al zara?

Esango nuke baietz. Bilbon bizi naizenetik, zazpi urte dira Norvegiaren enbaxadarentzat lan egiten dudala, eta euskal sukaldaritzako errezetak erabili izan ditut askotan. Gustuko dut marmitakoa egitea, baita porrusalda eta bakailaoa pil-pilean ere. Aukera ematen badidate, prestatuko dut marmitakoa kameren aurrean.

Eta sukaldaritza japoniarreko errezetaren bat?

Gatikan [Bizkaia] egin dugun grabaketa batean, atun tataki bat prestatu dut. Japoniako sukaldaritza sushiarekin lotzen da hemen, baina plater bero asko daude, eta horiek erakutsi nahiko nituzke.

Gustatuko litzaizuke telebistan urte luzez aritzea, Karlos Argiñano bezala?

Ezagutzen dut Argiñano, eta telebistan azaltzen den bezalakoa da; maisu handi bat da, errepikaezina. Nahiko lan izango dugu haren arrastoari jarraitzen.

Herri txikiak ezagutzen zabiltza. ETB1eko Herri txiki, infernu handi saiora gonbidatu beharko zaituzte egunen batean.

Auskalo. Baina elkarrizketa hau baliatu nahi dut promesteko euskaraz ondo ikasten hasiko naizela. Nire bi alabak ikastolara doaz; euskaraz egiten didate, eta ziur naiz ikasiko dudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.