Utopia baino gutxixeago

Bihar hasiko da Munduko Saskibaloi Txapelketa, Txinan, eta, aspaldiko partez, AEBak mendean hartzeko helburu errealista dute zenbait selekziok

Danel Agirre.
2019ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Edozein kiroletan bi partida ziztrin segidan irabazitako taldeari Dream Team (ametsetako taldea) deitu izan zitzaion moda inflazionistan jausi gabe, saskibaloiaren historiografian kontsentsua eta sen ona mantendu izan dira arrunki. Aspaldi modu horretan izendatzen den talde bakarra 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan aritutakoa da. Belaunaldiko jokalari onenak bildu ahal izan zituen bakarra izan zen —tira, Isiah Thomas falta zen, Magic Johnsonek zion ezinikusigatik—. Benetako fantasiazko multzoa osatu zuen.

Ordutik, nazioarteko txapelketa handi bakoitzaren atariko hilabeteak aiene batean ematen ditu AEBetako Federazioak. Udaberriaren bueltan, izarrak txapelketa horiei uko egiten hasi ohi dira, eta eztabaida zikliko bat azaleratu ohi da. Zenbat xerra haragi moztu ahal dizkiote AEBek urdaiazpikoari hezurra bistan geratu baino lehen? Zenbat jokalari izan behar ditu faltan lurtar bihurtzeko?

Hamahiru urte eta 78 partida galdu eman gabe badituzte ere, AEBek ez dute inola ere ahaztu joan den hamarkadaren hasieran igaro zuten bosturteko umiliagarria. Porrotak bat bestearen atzetik kateatu zituzten: Indianapolis 2002, Atenas 2004 eta Japonia 2006, ondorio arduragarri batekin. Laido horiek jasan zituztenen artean, Tim Duncan, LeBron James, Dwyane Wade, Carmelo Anthony, Paul Pierce edo Chris Paul zeuden. All Star sorta batek ez zuen jada urrea bermatzen, beraz.

Barregarri geratzen ari zen selekzioaren norabidea zuzentzeko 2005ean deitu zutenean, Jerry Colangelo federazioko kirol zuzendariak errealitate berriari aurre egin behar izan zion. Entrenatzaile onenekin lehiaketak modu aproposean prestatu ezean, porroten arriskuak bere horretan jarraituko zuen. Eta, deialdien distirak bainoago, jokalariak hilabetez kontzentratzeko erabakiak itzularazi zuen egoera bere onera, atarian aipatu garaipen erreskadarekin. Azken urteetako AEBen nagusitasuna ez da horrenbeste izan Kevin Durant edo Kobe Bryanten parte hartzeak eragindakoa. Lehen partida ofiziala baino hamar egun lehenago Las Vegasen blackjack esku batzuk botatzeko geratzearena ahaztu, eta taxuzko asteetako entrenamendu kanpalekuei ekitea askoz garrantzitsuagoa izan da, ziur asko.

Egun tontoari nola erantzun

Bihartik Txinan abian den Munduko Txapelketari aspaldiko baliabide apalenekin ekingo diote AEBek. Kemba Walker eta Donovan Mitchell ditu lidertzat selekzioak, eta taldekideetatik batzuk —Joe Harris, Derrick White, Mason Plumlee— zeharo ezezagunak dira noizbehinkako zalearentzat.

Helduleku fidagarriena aulkian dute estatubatuarrek. Gregg Popovich eta Steve Kerr inoiz elkarrekin aritutako entrenatzaile pare entzutetsuena dira, ziur asko. Baina kirola izarren arteko talka moduan ulertzen dutenen mesfidantza uxatzerik ez du lortu bikoteak. Iritzi zabaldua da:AEBek aspaldiko selekziorik kaskarrena izango dute. Eta horrek mindu egin ditu. «Kaletik hartutako jokalari saldoa garela dirudi, eta ez da horrela. NBAkoak gara, onak gure lanean. Gutxiespen hau gogoan daramagu Txinara», kexatu da Jayson Tatum Boston Celticseko hegalekoa.

Prestakuntzan denetatik erakutsi dute AEBek. 48 orduren buruan Australiaren aurka jokatutako bi lagunartekoetatik lehenbizikoan, aurkariak prestatutako segadak patxadaz libratu zituen. Blokeo zuzenaren defentsan pibota saskiperaino hondoratu zuten australiarrek, ahalik eta lau eta bost metroko jaurtiketa gehien behartu nahian. Atsedenaldian pare bat ñabardura taktiko marraztea nahikoa izan zuen Popovichek, bigarren zatian bere jokalariek hiruko oso errazak botatzeko moduko posizioak topatzeko.

Bi egun geroago, ordea, antzeko saiakera samurrekin huts egin ahala, uzkurtzen hasi ziren estatubatuarrak, Walkerrek eta Harrison Barnesek salbu. Eta horixe bihur liteke AEBen galbidea Txinan: kanporaketaren bat kontrako eztarritik sartuz gero, beren izarren eskumuturrek salbatu beharko dute trantzetik, eta ez dago jakiterik presiopean beharrezkoa den tenplea mantentzeko moduan ote diren. Sinplekeria dirudi, baina, prestakuntza eta estrategia aproposaz gain, axola duen unean asmatzea da gakoa, porrota begien aurrean ikusitakoan.

Australiaren aurkako ezbeharrarekin ere, Popovichi ez zitzaion mezu alarmistarik ihesi: «Inork ez du bermaturik beti irabaztea. Talde berria da hau, baina lezioa ikasi eta asmatuko dugu akatsak eta datorrena kudeatzen», iragarri zuen. AEBek urrea lepotik zintzilik jarri nahi badute txapelketa ia perfektua egin beharko dutela errepikatu du San Antoniorekin bost eraztun jantzitako entrenatzaileak. Ez da umiltasun faltsua. Nazioarteko saskibaloi talde onenen mireslea da Popovich, eta Serbia, Grezia, Espainia edota Frantziaren goi mailako jardunak ez dute ezustean harrapatuko.Bera ere bareago legoke, ziur, All Starrean titular moduan aritzen diren pare bat piezarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.