Donostiako 69. Zinemaldia. Zuzendari Berriak. KRITIKA

Hotz

Uxue Arzelus Lasa.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
'Marocco'

Zuzendaria: Emanuel Parvu. Herrialdea: Errumania-Txekiar Errepublika. Iraupena: 96 minutu.

Alabari oparitu dion lepoko bat desagertu egin da, eta, alabak boluntario moduan lan egiten duen ospitaleko gaixo bati oparitu diola esan arren, aitak ez du sinisten. Erizain batek aurkitu eta haren armairuan gorde zuela jakitean, aitak emakumea kanpora dezala exijituko dio ospitaleko arduradunari, kazetariekin hitz egingo duen mehatxu artean.

Emanuel Parvu aktore eta zuzendari errumaniarraren bigarren film luzeak errua eta erantzukizuna hartzen ditu gaitzat, eta aita eta alaba baten arteko harremanaren desorekak aztertzen ditu. Film zuzena da. Zuzendaritza, antzezpenak, erritmoa, argazkia; denak daude egoki landuak. Ez nuke jakingo akatsen bat duen edo ahulagoa den arloren bat aipatzen. Eta, hala ere, indiferente utzi nauen film bat da.

Niretzat kontua pertsonaietan dago. Istorio bakoitzean pertsonaia bati edo batzuei lotzen gara, haiekin bizi dugu filma. Ez du zertan gustuko pertsonaia bat izan,gorrotoak, beldurrak, errukiak ere lotzen gaitu. Ohartzen naiz oso gauza pertsonala dela, baina lotura hori topatzen ez dudanean, eta nahiz eta teknikoki aparta den pelikula baten aurrean egon, istoriotik irten egiten naiz, eta berdin zait amaiera bat edo beste duen. Eta Marocco-rekin horixe gertatu zait. Ez da film txarra, inondik inora ere, eta argi dago aipatu dudan lotura hori jende askok topatuko duela (lotura hori behar ez duenik ere izango da); baina ni hotz utzi nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.