Maria Manyosa. Kazetaria eta Observatori del Discurs Discriminatori als Mitjans-eko koordinatzailea

«Medikuei ez zaie praxi txarrik onartzen; hala behar luke kazetariekin»

Behategiak bederatzi hedabide aztertu ditu, eta ondorioztatu du huts egiten dutela kultur aniztasunean. Manyosak dio gakoak eman nahi dituztela herritarrek diskurtso diskriminatzaileak antzeman ditzaten.

BERRIA.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Bere burua «komunikatzaile sozialtzat» du Maria Mayosak (Sabadell, Katalunia, 1982). Iazko udatik da koordinatzaile hedabideetako diskurtso diskriminatzailearen behategian. Bartzelonako Udalaren mandatuz sortu dute behategia, Ramon Barnils kazetari taldearen bitartez. Talde horretan, hainbat lan egiten ari dira azkeneko urteetan, hedabideen tratamenduaren inguruan.

Joan den astean azterketa baten ondorioak aurkeztu zenituzten. Zein izan dira ondorio nabarmenenak?

Bederatzi komunikabideren bertsio digitalak aztertu genituen iaz, hiru hilabetez [La Vanguardia, El País, 20 minutos, Nació Digital, El Español, Eldiario.es, TV3, La Sexta eta Tele5]. Arreta jarri dugu kultur dibertsitatean, eta ikusi dugu hedabideek huts egiten dutela horretan.

Estrategia bat da albisteen protagonisten jatorria, etnia edo erlijioa aipatzea, ezta?

Bai; asko normalizatu da, gainera. Garrantzitsua da, kasik arau bihurtu baita. Hedabide batzuek protagonisten jatorriarekin justifikatzen edo azaltzen dituzte gertaerak. Oso arriskutsua da hori, iruditeria kolektibo bat sortzen baitute, eta badirudi hori denek onartu dutela. Estigmatizazioa dago, erabat zabaldua.

Zer beste estrategia errepikatzen dira gehien?

Oso nabarmena da haiek-gu diskurtso ideologikoa. Gu-az ari garenean, gu hedabide edo kazetaria, gauza eta ekintza baikorrak ikusarazten ditugu; alboratu egiten dugu ezkorra den hori. Haiek kontzeptuarekin kontrakoa egiten dugu: ezkorra dena ikusarazten dugu, ezberdina dena nabarmenduta. Haiek horrek beste jatorri batzuetako herritarrei egiten die erreferentzia, sarri musulmanei. Aldi berean, ezkutatu egiten ditugu haien alderdi onak. Hedabideek ez lukete orokortu behar. Kolektiboei etiketa bat jartzen zaie, izendapen batekin, haiek direlako, eta ahaztu egiten ditugu kolektibo horretan dauden pertsonak. Estrategia hori asko errepikatzen da, eta oso arriskutsua da. Behategian gako batzuk ematen ditugu, diskurtso horiek antzemateko. Ez bakarrik kazetariei begira, herritar guztientzat baizik. Nahiko genuke herritarrak hedabideekin kritikoak izatea.

Informazioa ikuskizun bilakatzen da maiz. Zer eragin du horrek?

Bideoetan eta argazkitan asko ikusten dugu hori. Zenbait bideotan, tentsioz betetako musika jartzen dute, eta kazetaritzaren funtzioak ezin du hori izan. Artikulu batzuetan, berriz, ikuskizuna egiten da, adjektiboekin eta konnotazioz betetako aditzekin.

Atera duzuen beste ondorio bat da gizatasuna kentzen zaiela errefuxiatuei.

Bai, baina ez bakarrik errefuxiatuei, baizik eta kolektibo gisa hartzen diren guztiei. Masa bat da, ez dira pertsonak ikusten. Adibidez, bistarazten dute etorkinak edo errefuxiatuak muga batetik korrika pasatzen direla, eta jende erauntsi bat dela zabaltzen dute, pertsonak direla ahaztuz. Albisteetan, «presio migratorioa» eta horren antzeko kontzeptuak aurkitu ditugu; subjektu gisa ere erabiltzen dute «presio migratorioa». Horrek are gehiago kentzen die gizatasuna errefuxiatuei eta etorkinei.

Valentzian, Laura Julian kazetariak hedabideen diskurtso xenofoboaren aurkako proposamen gida bat idatzi du. Hala esan du: «Kazetaritza arduratsu bat egiteko modu bakarra pertsona guztien giza eskubideen militantea izatea da». Hedabideek pentsatzen al dute horretan?

Ez, gaur egun ez, baina baikorra naiz. Hedabide batzuek espazio edo programa jakin batzuk dituzte, kultur dibertsitatea ondo lantzeko; nahiko genuke hori hedabide guztietan eta sail guztietan islatzea. Gure azterketan, ikusi dugu albisteen ehuneko batean praktika onak daudela; praktika txarrak gero eta gehiago jakinarazten dira, gainera. Kazetari asko ari dira azterketak egiten, giza eskubideen txapela jarria dute, eta hori garrantzitsua da. Ez diskriminatzeko betebeharra jarri behar da mahai gainean, eta gurea bezalako behategiek balio dute gure arduraz jabetu gaitezen. Eta kazetarien ardura oso handia da. Medikuei ez zaie praxi txarrik onartzen; kazetariekin ere hala behar luke: ezin dituzte praktika txarrak egin, nahiz eta sektorea ondo ez egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.