Leire Palacios Egiguren. 'Sarean' irratsaioko aurkezlea

«Iruditzen zait gutxiegi baliatzen ari garela transmedia kontzeptua»

Ingurune digitalaren inguruko askotariko gaiak lantzen dituzte larunbat gauetan Euskadi Irratiko 'Sarean' irratsaioan. Palaciosek azaldu du programa dibulgatiboa dela, baina «tonu alaia» duela.

urtzi urkizu
2018ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Euskaraldiaren komunikazio arduraduna da Leire Palacios Egiguren (Bilbo, 1986). Kolaborazioak egiten ditu, halaber, hainbat hedabidetan.

Udako hamar atalen ostean, Euskadi Irratiko ohiko programazioan sartu da Sarean saioa. Gogotsu?

Oso gogotsu eta indar handiarekin. Puntueus fundazioko talde osoa gaude ilusio handiarekin. 2017ko atalen balantzea oso ona izan zen. Fundazioak iaz zituen helburuak bete ditu. Eta irratsaioa horren fruitu izan da.

Puntueus fundazioak zer lortu nahi du Sarean irratsaioaren ekoizpenean sartuta?

Puntueus fundazioaren helburua da euskara ingurune digitalean lehen mailako hizkuntza izatea. Irratsaioarekin ere, segida eman nahi dio helburu horri. Puntueus ez da domeinu bat bakarrik, proiektu oso bat baizik. Gai digitalen dibulgazioa egiten dugu saioan, eta, bestalde, kulturarekin uztartzen da, Puntueusen helburua kulturala ere bada eta.

Ingurune digitala da irratsaioaren ardatza. Zein ikuspuntutatik eta zein irizpiderekin landuko dituzue gaiak?

Mundu digitalean sartzen den dena jaso dezakegu. Ikerketak, hausnarketak, kultur arloko jendea, baina, aldi berean, teknologiakoan dagoena...

Elkarrizketa bat da bizkarrezurra. Zer motatako gonbidatuak eraman nahiko zenituzke?

Udan, gehienbat, kultur arloko gonbidatuak izan genituen. Hemendik aurrera, teknologiarekin zuzeneko lotura dutenak etorriko dira gehiago. Hala ere, ikuspegiak askotarikoak dira.

EITBtik zer eskatu dizuete?

Kontent gelditu ziren udan egin genuenarekin. Baina ez du zerikusirik hamar atal egiteak edo programazioan astero ariko zarela pentsatzeak. Horrek eragina du saioaren egituraketan. Orain, saioa dibulgatiboa da, baina tonu alaia eta freskoa du. Elkarrizketa nagusia teknologiarekin lotua da, eta beste bi atal daude. Blogen inguruan ariko gara, Azkue fundazioarekin elkarlanean. Saioaren amaieran, Lorea Arakistainek Puntueusek asteak eman duenaren inguruko gaiak aipatzen ditu.

Gorka Zumeta adituak zera esanzuen BERRIAn: «Datozen hamarkadetan irratiak jarraitzen badu, neurri handi batean Interneti esker jarraituko du». Ados zaude?

Ez dut hausnarketa handirik egin irratigintzaz. Baina hedabide guztiak egokitu dira Internetera. Iruditzen zait gutxiegi ari garela baliatzen transmedia kontzeptua. Eskas gabiltza, orain arteko kontsumo ohiturak mantentzeko eta elkar elikatzeko. Ez ditugu konplizitateak bilatzen euskarrien artean, ez telebistan, ez irratian, ez beste ezertan. Aisialdia gure bizitzara egokitu behar dugu.

Jarraituko duzu Bizkaia Irratiko Irakurrieran literatur saioan?

Bai, urtarrilean atseden hartzen dugu, baina otsailean hasiko dugu denboraldi berria, Gotzon Barandiaranekin batera. Larunbat eguerdietan ematen du Bizkaia Irratiak saioa. Patxadaz aritzeko astia ematen du saioak. Irakurrieran-eko elkarrizketak gehiago dira mahaian kafe bat jarriko bagenu bezala. Gainera, estudioa txikia da, eta intimitate handia sortzen da. Euskadi Irratiko erritmoa biziagoa da.

Telebista kritikari aritu zinen BERRIAn. Hitz egingo zenuke telebistaz irratian?

Ez [kar kar]. Telebistaz atseden hartzeko gogoarekin bukatu nuen. Telebista beste begi batzuekin ikusteko gogoa nuen. Orain lortzen ari naiz. Adibidez, egun egon naiteke aste batez Doctor Who telesaila ikusten, eta telebistako beste ezer ez ikusi.

Musika da zure beste pasioetako bat. Musikazaleek ezagutzen al dute Badok.eus ataria merezi duen moduan?

Euskal Herriko musikazale askok ez dute ataria ezagutzen, baina agian ez dutelako euskal musika entzuten. Euskal musika maitatzen duen pertsona batek badu Badok-en berri, edonola ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.