Teresa Yusta. Kazetaria

«Entzulea konplize izatea nahiko nuke, gizartean aldaketa izan dadin»

Radio Euskadik indarkeria matxistaren inguruko irratsaio bat estreinatu du Aste Santuan: 'De puertas adentro'. Yustak hilaren 14tik aurrera larunbatero gidatuko du programa, 17:00etatik 18:00etara.

urtzi urkizu
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Portugaleteko (Bizkaia) JMC Radion hasi zen irratigintzan Teresa Yusta (Barakaldo, Bizkaia, 1962). Bilboko SER irrati katean aritu zen gero, handik TVEko Telenorte-ra, eta urte luzez Radio Euskadin egin zuen lan. «Kazetaritzan denetarik egin dut, kirola izan ezik», esan du.

Nola sortu da indarkeria matxistari buruzko programa bat egiteko ideia?

Radio Euskadin izan genuen lan erregulazio txostenaren ondoren, Madrilera joan nintzen. Hainbat kontutan murgildu nintzen, eta iaz indarkeria matxistaren inguruko Ponte en mi lugar liburua idatzi nuen. Hitzaldi ugari ematen aritu naiz gaiaren inguruan, hiriz hiri. Indarkeria matxistaren errealitatea barnetik ezagutu dut. Gaian adituak diren guztiek aipatu didate zer garrantzitsua den genero prestakuntza. Radio Euskadin gaiarekiko sentsibilitatea egon da, baina aldika, eta horregatik proposatu nuen saio bat sortzea. Ikuspuntu ezberdinak emateko xedez sortu dut programa.

Zein ikuspuntutan nahiko zenuke sakondu?

Kausetan eta hasieran sakondu nahiko nuke. Hasiera familian dago, eta gakoa hezkuntza da. Askotan gizakiek gauzak imitazioz egiten dituzte. Gustura nago hasitako bidearekin.

Martxoaren 29an eman zuen Radio Euskadik lehen atala. Zer moduz joan dira aurreneko programak? Zer erantzun jaso duzu?

Esan didate sentsazioa oso ona dela. Dei dezente jaso ditut. Teresa San Segundo Urruneko Hezkuntzako Unibertsitateko Genero Ikasketen Zentroko zuzendariak intzestuaz hitz egin zuen. Gai oso gogorra da hori. Kontatu digunez, bost haurretik batek abusuak jasotzen ditu familian, eta datu garrantzitsua da oso. Indarkeria pairatu duen andre baten lekukotza ere jaso dugu: Pamela Palenciano. Gaiaren inguruko bakarrizketa bat ari da aurkezten hainbat herrialdetan.

Itxaropenerako lekukotzak entzungo dira?

Denek emango diote bidea itxaropenari. Ikuspegi ezkorra dutenak ez dira egongo. Oro har, ekarpen ezberdin bat egingo duten elkarrizketatuak aukeratzen saiatuko naiz. Adibidez, psikologo bat elkarrizketatuko dut, eta hark Mexikon lan egiten du gizon matxisten balio aldaketetan. Esaten du pertsona bat gai bada matxista dela aitortzeko, lehen gakoa hori dela, eta balioak berrosatzeko bidea egon daitekeela. Dena alda daiteke.

Gizonen ahotsak entzungo dira, beraz, irratsaioan.

Bai, gizon askoren ahotsak. Ez nago ados emakume batzuekin gaia soilik andreena dela. Gizonen presentzia oso garrantzitsua izango da irratsaioan, eta gaiaren inguruan lanean ari diren gizon asko jarriko ditugu mikrofono aurrean.

Zer lan egin dezake irratiak genero prestakuntzan?

Funtsezkoa da. Gainera, kazetariok autokritika egin behar dugu gai asko lantzen ditugun moduaz. Irratia erraz irensten den hedabide bat da. Hitza asko iristen da, eta ahotsa eta mezua modu zehatz batean proiektatzeak ikuspegia alda diezaioke entzuleari. Irratiak lan oso interesgarria egin dezake genero prestakuntzan. Oraindik hori azaleratzeko dago. Gehiago egin daiteke.

Radio Euskadiko zuzendaritzak zer eskatu dizu?

Ezer ez, erabateko askatasuna izan dut. Kazetari batentzat luxu bat da hori. Nire irizpidean konfiantza izan dute.

Beste irrati batzuetan egiten ari direnaz zer esan dezakezu?

Pepa Bueno esataria SER irratian lan handia egiten ari da, eta asteroko atal bat du. Dena den, gaia hedabideetan modu jakin batean landu da, eta, gizon askok gure irratsaioaren iragarkia entzuten badute, agian esango dute: «Uf, beste saio bat kontu beraz». Baina ez da hala. Kazetariok sarri azalean gelditu gara, indarkeria fisikoan. Baina indarkeria gehiago daude. Entzulea konplize izatea nahiko nuke, gizartean aldaketa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.