Tere Irastortza

«Gure garaian, ematen zuen hizkuntzaren borroka narratzaileena zela»

JON URBE / FOKU.
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Historikoki, olerkiak gorakadarik handiena gerraostean izan zuen. 1936 ingurutik aurrera gertatu zen aldaketa, eta, Franco hil ondoren, literatura modernotzat nobela hartu zen; hori, eta giro urbanoa. Horiek izan ziren bi ardatz oso inportante eta beharrezkoak, euskara baserri eta itsaso inguruko herriekin identifikatzen zelako. Baina olerkiaren esparrua galdu zen: gure garaian, ematen zuen hizkuntzaren aldeko borroka narratzaileena zela. Herri garatu gabeen literatur generotzat hartzen zen poesia.

Literatura ekoizpena normalizatzeko egitura bat edukitzea ez da erraza, eta literaturaren industria krisi handi batean dago. Eta euskaldunek ere ez dute asko inbertitzen artean, literaturan. Irakaskuntzako eta komunikabideetako testu nagusiek ere egitura narratiboa dute. Hortaz, poesia, jende askorentzat, genero zaila da: eskatzen du idazteko beste erritmo bat, eta irakurtzeko patxada.

Lehen, poesia eta antzerkia idatziz hasten zen jende asko, baina orain, literaturan, poesia eta antzerkia ez daude erdigunean. Baina erdigunean ez egoteak libertatea ematen du. Uste dut poesiak baduela indar bat. Badu errealitatearekin eta bizipenekin lotura handi bat. Eta jendeak poesia irakurtzen du bere bizipenak momentu berezian daudenean. Hori, gaur egun ere, balio handiko gauza da.

Nik idazten dut, batez ere, ez dakidanak deitzen nauelako. Idazten dut ez dakidalako eta ez dakidanarengatik. Eta poesia irakurle handia naiz. Poesiaren eta literaturaren bidez egin ditut nire pentsatzeko moduan aldaketa handienak eragin dituzten deskubrimenduak. Hori da poiesis, metamorfosi bat. Eraldatu egin dezakegu gizartea poesiaren bidez, nire iritzian; irakurle banaka batzuk gutxienez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.