Telesailak

Susmagarri nagusiaren defentsan

'Perry Mason' AEBetako klasikoa eguneratu du HBO kateak, zortzi ataleko telesail labur batean

Abokatu protagonistaz gain, unibertso zabalago bat erakusten du telesailak. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
1933an jaio zen Perry Mason, Erle Stanley Gardner nobelagile estatubatuarraren eskutik. Fikziozko abokatuak krimen eta zigor larriak leporatzen dizkieten pertsonen defentsa egin ohi zuen, eta Gardnerrek sortutako ikusminari eutsi zion lau hamarkadatan zehar. Mason protagonista hartuta, 80 kontakizunetik gora argitaratu zituen, eta bidea erraztu zien telebistarako eta irratirako 30 egokitzapen baino gehiagori. Egun, Perry Mason historian gehien saldutako literatur sagetan hirugarrena da.

Abokatu ezagunaren kontakizun eguneratua falta zitzaion XXI. mendeari, eta HBO erreferentziazko kateak ondu du zortzi ataleko telesaila. Proiektuaren prestaketa gorabeheratsua izan da. Hasieran Robert Downey Jr. aktore ospetsuak jokatu behar zuen Masonen rola, eta True Detective telesailaren sortzaile Nic Pizzolattok gidatu istorioa. Baina, beste proiektuak tarteko, bertan behera utzi zuten batak eta besteak. The Americans telesaileko Matthew Rhys aktorea da pantaila aurreko ordezko seinalatua; Tim Van Patten, aldiz, kameraren atzekoa. The Sopranos, The Wire, Boardwalk Empire, Game of Thrones eta Black Mirror telesailetako hainbat atalen zuzendaria izan da hura.

Emaitza gozagarria da jarraitzaile beterano zein hasiberrientzat. Lehenek aukera dute abentura klasikoak modu eraberrituan gozatzeko; bigarrenek, berriz, ezagutzen ez duten unibertso baterako urrezko sarbidea dute eskura. Telesailak sekulako indarra du lehen eszenatik: haur baten hilketak sua piztuko du 1930eko Los Angeles euritsuan, Depresio Handiaren atarian.

Muturluze baten antzera, ikuslea Masonen argazki kameraren bitartez barneratzen da krimenaren lokatzetan eta ezkutuko erabakiak hartzen diren bulego ilunetan. Erakunde publikoetako arduradunak, mafiako kideak eta kaleko kriminalak ekosistema berean bizi dira, eta, telesailaren aburuz, oso gertukoa da haien arteko harremana. Masonek ere ezagutzen du mundu horren funtzionamendua, baina bere kasa jardungo du sarritan, eta, horren ondorioz, presioak helduko zaizkio alde guztietatik.

Dena den, abokatu protagonista ez da kontakizunaren arretagune bakarra, unibertso zabalago baten erretratua osatzeko tresna baizik. Hori da Perry Mason sagari 2020ko telesail berri honek egin dizkion ekarpenetako bat: inoiz baino pisu handiagoa eman die garai historikoari eta bigarren mailako pertsonaiei. Egokitzapen berriak Poliziaren, justiziaren eta erlijioaren eremuak aberastu ditu, eta, gainera, erakunde horien pitzadurak azpimarratu.

Soinu bandaren erabilpen atmosferikoa eta neo-noir estiloa uztartu dituzte, eta sortzaileek akzio ikusgarriz beteriko kontakizun trebea josi dute; La Dolce Vita klasikoa omentzen ere ausartu dira.

Minutuak igaro ahala, Perry Mason telesailaren egokitzapen modernoa geroz eta ilunagoa da. Heriotza aurrez aurre ikusi berri du protagonistak Lehen Mundu Gerran, eta orain hildakoei ateratzen dizkie argazkiak Los Angelesko zoko gatazkatsuetan. Mila zati egindako ispilua berregin nahian dabil Mason, eta, hein batean, horrek bultzatuko du susmagarri nagusia dirudien pertsona defendatzera.

'PERRY MASON'
Sortzaileak: Ron Fitzgerald, Rolin Jones.
Aktoreak: Matthew Rhys, Tatiana Maslany, Chris Chalk, John Lithgow, Shea Whigham.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2020.
Non ikusi: HBO.
Atal bakoitzaren iraupena: 60 minutu.
Generoa: Krimena. Drama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.